Uztailaren 7an jarriko da martxan atez ateko bilketa sistema

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko eka. 27a, 14:41

Uztailaren 7an, igandearekin hasiko da Amasa-Villabonan atez ateko bilketa sistema. Hala jakinarazi du gaur Galder Azkue alkateak. Sistema mixtoaren alde egin du Villabonako udalak; ontzi arinak, materia organiko eta errefusa atez ate bilduko badute ere, papera eta kartoiaren bilketa oraingo moduan mantenduko dute.

Prentsa aurrean egindako agerraldian azaldu du Galderrek uztailaren 7a izango dela hondakinak atez ate bilketzeko sistema martxan jartzeko eguna. Hondakin organikoekin emango zaio hasiera. 

Dagoeneko kubo banaketa  egiten ari dira eta atzo, lehen egunean, kuboen erdia baino gehixeago banatu zela jakinarazi dute. 

Herritarren konfiantza eskatu du Galder Azkue alkateak: "Orain arte izan duten konfiantza eskertu nahi diegu eta aurrerantzean ere, konfiantza hori manten dezatela eskatu. Gu ere herritarrak gara, eta ez dugu gure herriarentzat ezer txarrik nahi. Hondakinen arazoari irtenbidea eman nahi diogu eta atez atekoa sistema egokiena dela sinetsita ari gara lanean". "Herritarrek froga egin dezatela, ikus dezatela zer den eta ondoren, arazoak sortzen badira, konpontzeko prest gaude, herritarrekin aurrez aurre hitz eginez".

Asteburuan Villabonan egingo den galdeketaren inguruan galdetuta, hitz hauek egin ditu Galderrek: "Galdeketen aldekoak gara gu eta herritarren hitza beti entzun behar dela sinesten dugu. Hori egiteko, hala ere, berme minimo batzuk eskatu behar dira. Galdeketa hori abiarazi duten alderdi politikoek izan dute gai honen inguruan ardura politikoz aritzeko aukera, eta uko egin diote aukera horri. Zenbait aldiz egin zaie dei euren kezka eta kexak azaldu ahal izateko, eta ez dute nahi izan. Biztanleak nahasten ari dira eta giro txarra ere sorrarazi dute. ARazoak konpontzeko, irtenbideak planteatu behar dira eta guk dei egiten diegu etor daitezela guregana, arazoak konpontzeko borondatea badute".

Zizurkilgo kasua ere hartu du ahotan: "Zizurkilgo kasuan gertatu zen bezala, Villabonan ere herritar talde batek ikuskaritza lanak egiteko eskaera luzatu die, eta ezezkoa jaso dute.  Horrek ez gaitu lasaitzen".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!