Bidegorri sarea osatzeko lanak hasita daude eskualdean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko eka. 25a, 10:51

Andoain eta Villabona batuko dituen bidea eraikitzeko lanak hasi dira.
Urnietan adinekoei begira bereziki Osasun Bideak zabaldu dituzte.

Andoain eta Villabona batuko dituen bidea eraikitzen hasi dira, oinezkoen bide-tartea eta bidegorria, hain zuzen ere. Bide berria Aiztondo kalean hasi da, Azelain zubiaren ondotik Sorabillan barrena jarraitzeko. Lan hauek Sorabilla eta Karrika auzoaren artean oinezkoentzako lotura hobetzeko ere baliagarri izango dira; Sorabillako bizilagunen aspaldiko eskaera, hain zuzen, Udalak deitu zuen auzoz auzoko ‘Parte-hartze hariak lotuz!’ egitasmoan ere gogora ekarri zutena, eta esanda bezala, epe laburrean burutuko dena. Oinezkoentzako bide-tarte horrek 3,5 metroko zabalera izango duela aurreikusten da, gaur egun dagoen espaloia baino zabalagoa, beraz. Lanak hiru hilabeteren buruan amaitzea espero da. Campezo Construcción enpresak egingo ditu eta 109.772 euroko kostua izango dute, Aldundiak ordainduko duena.

Bidegorri sare berria eskualdean
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak bidegorrien udal sarea garatzeko laguntzak eman berri dizkie zortzi udalei, eta horien artean daude Amasa-Villabona eta Zizurkil.
Villabonan bidegorriak herri barrua zeharkatuko du; proiektuak 16.869,48 euroko aurrekontua du eta Aldundiak 8.434,74 euroko diru-laguntza emango dio Udalari. Zizurkilen, berriz, Ugare-Zubimusu-Pasusenea bidegorria egitea da asmoa; 8.110,32 euroko aurrekontua duen proiektua, Aldundiak 4.866,19 eurorekin diruz lagunduko duena.
Orotara 250.000 euroko diru-laguntza onartu du Aldundiko Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretarako departamentuak bidegorrien udal sarea garatzeko, 2013ko diru-laguntzen deialdiaren barruan.

Osasun Bideak Urnietan
Herrian egokitu diren bi ibilbideri esker, pertsonen egoera fisikoa eta psikologikoa hobetzea dute helburu Osasun Bideek, herritarren bizi-kalitatea hobetze aldera. Joan den ekainaren 14an egin zuen Urnietako Udalak herriko Osasun Bideen aurkezpen ibilaldia, Udal kiroldegitik abiatuta. Osasun Publikoko koordinatzaile den Tomas Plazaolak azaldu bezala, “epe luzerako egitasmoa da. Gure eguneroko ohiturak aldatzea da asmoa, gaixotasun mordoa ekidin baitaiteke egunero ordu erdiz ibiltzearekin”. Urnietako Udalak Osasun Publikoaren laguntza eta aholkularitzapean bultzatu du proiektu hau.
Gogora dezagun, bestalde, joan den otsailean inauguratu zela Urnieta eta Andoain arteko bidegorria, ia bi kilometroko luzera duena eta Leizotz eta Erratzu industrialdeak lotzen dituena.Txirrindulari eta oinezkoentzako Donostia-Beasain 3. ibilbidearen zati da, eta etorkizunera begira Hernanitik abiatzen den bidegorriarekin lotunea ahalbidetzea aurreikusten du Aldundiak, baita Lasarterekin lotzea ere, Donostia-Mutriku 2. ibilbidearekin, alegia.
Orain arte bidegorriak aisialdirako eta kirol jardueretarako erabili izan dira nagusiki. Eskualdean garatu dituzten egitasmo berriekin, langileak industriagune ezberdinetara iristeko aukera aparta izango da bidegorrien erabilera.

Egingo direnak
Andoain-Villabona
109.772 euroko aurrekontua.

Villabonan herri barruko sarea
16.869,48 euroko aurrekontua.

Zizurkil
Ugare-Zubimusu-Pasusenea
8.110,32 euroko aurrekontua.

Egin berriak
Urnieta
Osasun Bideak.

Andoain-Urnieta
1,8 km.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!