Eskualdeko aisialdi taldeen eskutik udalekuak Kanpezu eta Ollogoien herrietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko eka. 25a, 10:49

Urteroko ohiturarekin jarraituz, Villabonako Malkar Astialdi Taldeko kideek Nafarroan egonaldia egingo dute uda honetan. Andoaindarrek urteak daramatzate Kanpezuko kanpaldia antolatzen

Malkar Astialdi Taldeko 5. eta 6. mailako gaztetxoak ekainaren 27tik uztailaren 8ra Ollogoienera joango dira; guztira, 34 ume eta bost begirale. DBHko 1. eta 2. mailetakoak, berriz, uztailaren 8tik 19ra bitarte egongo dira bertan, kasu honetan, 31 gazte sei begiraleren zaintzapean. Villabonakoekin batera, inguruko herrietako umeek ere parte hartzen dute udako irteera honetan, besteak beste, Zizurkilgoek, Asteasukoek edota Alkizakoek.
Astialdi taldeko kide Maitane Aierbek eta Ibon Errotagañak azaldu dutenez, urtero gai eta helburu batzuk zehazten dituzte eta horien arabera antolatzen dituzte ekintzak. “Aurtengo helburu nagusia elkarbizitza egokia sortzea izango da, bertan egingo ditugun ekintzen bidez giza baloreak transmititzea eta haurrek balore horiek barneratzea. Egun bakoitzerako helburu zehatz bat jarriz egingo dugu hori”.
Egonaldia Ollogoienen egiten badute ere, zenbait egunetan talde txikitan inguruko herrietara joaten dira bertan gaua pasatzera. “Ibilaldiko eguna dela esaten dugunean denei tripako mina edo ez dakit nongoa jartzen zaie bat-batean, baina uste dugu azken finean horixe dela gehien gustatzen zaien ekintzetako bat”, diote Maitanek eta Ibonek. Uretako jolasak edota igerilekuko egunak ere oso gogoko dituztela gaineratu dute.
Aurrera begira udako irteera honekin jarraitzeko asmorik baduten galdetuta, begiraleak eta haurrak egonez gero jarraituko dutela aipatu dute bi gazteek. “Baina haur kopurua gutxitzen doa. Gu joaten ginen garaian 52 ume inguru izaten ginen, eta orain ez gara kopuru horietara iristen. Ikusi egin behar zer nolako bilakaera izaten duen horrek…”.
Bestetik, aurten Villabonako festen baitan, Gaztelekuarekin eta kale hezitzaileekin batera nerabeentzako ekintzaren bat antolatzeko asmoa dutela aurreratu dute Maitanek eta Ibonek.

La Salle-Kanpezu kanpaldia
Urteak daramatzate andoaindarrek udan Kanpezura joaten, Gazteleku LaSalle aisialdi taldeak sortutako proiektuari jarraipen emanez, eta aurtengo kanpaldiko prestaketa lanak ere nahiko aurreratuta dituzte dagoeneko. Lau txanda ezberdinetan joango dira. “LHko 5. eta 6. mailetakoena zen orain arte egiten genituen hiru txandetako bat, baina 5. mailan hirugarren lerroa bagenuen jada, eta hori hala izanda, pentsatzekoa zen aurten jende gehiagok joan nahiko zuela. Lehendik ere urtero gehienezko kopurua gainditzen genbiltzan… Beraz, aurten oso garrantzitsua izan da lau txanda egingo direla erabaki ahal izatea”, azaldu du Karmen Rodriguez-Ranzek, proiektuko kideak.
Gauzak horrela, lehenengo txanda ekainaren 26tik uztailaren 4ra izango da, 5. mailako 50 ume ingururekin. Bigarren txandan, uztailaren 4tik 14ra, 6. mailako beste 50 gaztetxok hartuko du parte. Hirugarren txanda, uztailaren 14tik 24ra bitarte luzatuko dena, DBHko 1. eta 2. mailakoena izango da, 62 gaztetxo. Eta laugarrenean, txanda ibiltarian, DBHko 3. eta 4. mailetako 38 ikaslek hartuko du parte. “Horiei txanda bakoitzeko begiraleak, sukaldariak, erosketez arduratzen direnak, mantentze-lanak egiten dituztenak eta koordinatzailea erantsi behar dizkiegu. Jende askok hartzen du parte proiektu honetan”, gaineratu du Karmenek. “Benetan eskertzekoa da bolondres horien guztien ekarpena. Pentsa, urte bateko kanpaldia bukatu eta berehala hasten da taldetxo bat hurrengo urterako egin beharreko konponketak eta berrikuntzak aztertzen. Eta kanpaldia baino aste pare bat lehenago egiten da muntaketa. Noski, 20-25 gurasok laguntzen digutenez, asteburu bat harrapatu behar dugu horretarako. Gurasoen laguntza hori asko eskertu beharrean gara”.
Elkarbizitza, ingurumena, edota sormena lantzea dira udalekuen helburu nagusiak eta kanpaldian burutzen duten jarduera bakoitza helburu horietako bati edo gehiagori begira prestatzen da, “gainera, gaztetxoek ez dute mugikorrik erabiltzen han daudenean eta ez dago ez telebistarik ez bideo-jokorik ez ezer. Horrek beste mundu bat sortzen du bertan daudenen artean. Elkarren arteko harremanak izugarri lantzen dira, oso aberasgarria da”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!