Ibilbidea eta distantzia ikusita, lasterketa gogorra dela esatea gutxitxo da. Ulergarria da irteten diren erdiak bidean geratzea. Txomin Isuntza, ordea, helmugaraino iritsi zen ero-heroi horien artean dago. Nola ez da, bada pozik egongo!, “oso lasterketa gogorra izan zen. Gainera, belaunean lesioa izan nuen martxoan eta ezin izan nuen nahi adina entrenatu. Madeirara joan nintzenean ez nekien gorputzak nola erantzungo zidan. Azkenean, belaunak ondo eutsi zion eta hanketatik ondo bukatu nuen. Egindako denbora ez da oso ona, baina zein baldintzatan joan nintzen ikusita, oso pozik nago egindakoarekin”.
Urrian izan zuen Txominek Madeirako lasterketaren berri, “Madrilgo ezagun baten bidez. Hark ateratako argazkiak ikusi, eta joateko gogoa piztu zitzaidan. Toki ezberdina zela iruditzen zitzaidan eta urteko plangintzaren barnean sartu nuen. Otsaila inguruan, ordea, diru kontuak egiten hasi eta garestiegia zela ikusi nuen. Bidaia bertan behera uztekotan ere egon nintzen. Azken momentuko aukera merke bati esker lortu nuen joatea, Lezoko Josu eta Edurne Anduezarekin batera”.
Maiatzaren 23an, ostegunarekin, ia hamabi orduko bidaiaren ondoren iritsi zen Txomin Madeirara: “Bidaia nahiko pisutsua egiten da, horregatik, atseden hartzeko erabili nuen ostiral egun guztia. Ostiral gauean, autobusean eraman gintuzten irteera puntura eta 00:00etan hasi zen lasterketa”.
Sei mila eskailera
Hitz batean laburbiltzen du Txominek Madeirako lasterketa: “Eskailerak; mota eta tamaina guztietakoak, eta edonon. Oso lursail aldapatsuak dituzte irlan eta lurra oso fina da gainera, ia hondarraren modukoa. Lur horri eusteko, eskaileraz beteta daude aldapa guztiak. Bizpahiru eroriko izan nituen, eta guztiak eskailerarik gabeko guneetan; lurra horren fina izatean, erraza baita aldapetan irrist egitea. Sei mila eskailera inguru pasa genituela esan zidaten. Pisutsua egiten da azkenean”.
Oso toki berezia da Madeira, “oso oso berdea da eta ur asko dago; kilometro asko egin genituen ur kanal txikien ondoan. Oso polita da eta paisaia izugarriak ditu, baina oso aldapatsua ere bada. Lasterketa gauez hasi zenez, eguraldi freskoa izan genuen hasieran. Pasa genuen lehen tontorra ia 2000 metrokoa zen eta hezetasun handia aurkitu genuen bertan. Beheruntz jaitsi ahala, ordea, epeltasun handia nabaritzen zen. Tenperatura aldaketa horiek ere gogortasuna ematen diote hango lasterketari. Ia korrikalarien erdiak erabaki zuen lasterketa uztea”.
Une txarrak ere pasa zituen: “Horrelako proba luzeetan beti izaten da beheraldiren bat. Nire kasuan, 63. eta 75. kilometroen artean sufritu nuen gehien. Aldapa gogorra aurkitzea espero nuen, baina ez zegoen horrelakorik. Kosta zitzaidan estuasun egoerari buelta ematea. Prestakuntza fisikoak garrantzia handia du froga luze hauetan, baina alderdi psikologikoa ere kontuan hartu behar da. Buruak ezetz esaten duenean, ez da erraza aurre egiten jakitea. Burua makurtu eta itsu-itsuan aurrera egin behar da momentu hobeak iritsi arte”.
Entrenamenduak, astean seitan
Fisikoki prestatzeko, entrenamendu saio luzeak egiten ditu Txominek, ia egunero. “Astean sei entrenamendu egiten saiatzen naiz. Lasterketak gerturatzen direnean saioen intentsitatea eta iraupena handitzen joaten naiz. Batzuetan ez da erraza lana, familia eta kirola egitea bateratzea, baina horretan saiatzen naiz”.
Duela bost urte hasi zen Txomin ultra trail edo distantzia luzeko lasterketetan parte hartzen: “Txirrindularitzan ibili nintzen afizionatu mailara arte. Ondoren, entrenatzaile lanak ere egin nituen hiru urtez. Hori utzitakoan, mendian ibiltzeari ekin nion bolada batean; Pirinioak, Alpeak, etab. Duela bost urte Hiru Handiak egin nituen eta amaieran, horrelako frogarik beste inoiz ez nuela egingo hitz eman nuen. Hurrengo egunerako, ordea, ahaztua nuen bezperan esandako hura. Orain, gisa horretako froga luzeetan nabil buru-belarri”.
Lagunartean
Lagun asko egiteko aukera ematen dio kirolak Txomini. “Iraupen luzeko froga hauetan lagun handiak egiten dira. Ez gara bata bestearen aurka lehiatzera joaten; norberak bere buruarekin izaten du lehia eta ohikoa da elkar laguntzea. Lasterketa motzetan, esaterako, norbait bidean geratzen bada, ez da inor geratuko zer gertatu zaion galdetzeko. Ahalik eta postu hoberena lortzea izaten da helburua. Froga luzeetan, ordea, oso ohikoa da elkarri laguntzea. Horrek adiskide handiak egitea dakar. Madeirako frogan, esaterako, lagun berriak egin ditut. Palentziako bi korrilakarirekin egin nituen hainbat kilometro eta, azken kilometroak, portugaldar batekin batera. Ez genuen aurretik elkar ezagutzen, baina asmatu egin genuen erritmoetan bat egiten”.
Madeirako abentura amaituta, beste erronka batzuk ditu Txominek eskuartean: “Ekainaren 22an Andorrako Ultra Trailean aterako naiz. Iaz ere atera nintzen eta eroriko baten ondorioz utzi beharra izan nuen. Ea aurten amaitzea lortzen dudan. Ondoren, Ehun Milak proban parte hartuko dut eta abuztuan, berriz, Grenoblera joango naiz, Alpeetara. Beste abentura bat izango da hori. Mendigune osoa zeharkatuko dugu korrika. Antolatzen duten lehen aldia da eta ikusteko dago nolako froga izango den”.