Gipuzkoako pobreziari buruzko inkestak datu kezkagarriak utzi ditu agerian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko eka. 25a, 10:45

Aldundiak enkargatutako txostenaren arabera; 30.000 lagunek 500 eurorekin moldatu behar dute hilabetea igarotzeko. Andoainen pobrezia arriskuan dagoen herritar kopurua Gipuzkoako tasaren oso antzekoa da

Gipuzkoako Pobreziari eta Gizarte Bazterkeriari buruzko ikerketak datu kezkagarriak utzi ditu agerian. Herrietara etorriz, Andoain herriko egoerari buruz galdera egin du Aiurrik Andoaingo Udaleko Gizarte Zerbitzuen lansailean. Bertan jasotako datuen arabera, 1.138 andoaindar daude langabezian, gizarte osoaren %16,07. Egoera ekonomiko estuan dagoen kopurua handia da, beraz. Eta muturrean, pobrezia arriskuan dagoen herritar kopurua, berriz, %4,34koa da, Gipuzkoa mailako tasaren oso antzekoa.
Gizarte Zerbitzuetako arduradunek nabarmendu dutenez, krisia hasi zenetik asko aldatu da laguntza eske gerturatu den herritarraren profila. “Krisia baino lehen, Gizarte Zerbitzuen laguntza sekula beharko zutenik pentsatu ere egiten ez zuten herritarrak ari dira gerturatzen azken urteetan. Hauek, normalean, momentu puntual baterako laguntza behar izaten dute, hilabete batzuk igaro ondoren nahiko erraz sartzen baitira berriz ere lan-munduan. Dena den, zoritxarrez, badira denbora asko luzatzen ari diren zenbait kasu ere”, azaldu du Arantxa Alkorta Gizarte-langile eta Prebentziorako Teknikariak.
Azkenik, krisi testuinguru honetan zailtasun gehien duen gizataldeetako bat euren kargu familiartekoak dituzten emakumeena da gaineratu du Alkortak.

Gipuzkoako datuak
Lurralde mailako datuei begiratuta atera litekeen argazkia ez da asko aldatzen. Foru Aldundiaren enkarguz egindako txosten horrek dioenaren arabera, Gipuzkoan 120.000 lagun daude pobrezia arriskuan, biztanleriaren %16,8; tasa hori Espainia osoari dagokiona baino %20 baxuagoa da eta Europar Batasunari dagokionaren ia berdina. Pobrezia larrian dauden pertsonak, berriz, 30.000 dira, populazioaren %4,3. Pobrezia arriskuan daudenek hilean 842,5 eurotik beherako diru sarrerak dituzte, eta pobrezia larrian bizi direnak hilean 561,7 euro baino gutxiagorekin ateratzen dira aurrera.
Eta oinarrizko beharrez ari garela, ezin ahaztu populazioaren %10-13k pobrezia energetikoa jasaten duela, alegia, argi indar eta kalefakzio zerbitzuen gutxieneko batera iristeko modurik ez duela.

Arrisku taldea
Pobreziaren profilak aztertzen hasita, haur pobrezia da aipatu beharreko bat, hobe esanda, seme-alabak dituzten familiena. Biztanleriaren %7 enplegu pobrezian bizi da: herritar hauek ordaindutako lana izan arren ez dute beren buruak eta familiak mantentzeko adinako diru sarrerarik lortzen.
Emakumeak eta etorkinak ere pobrezia tasarik altuena dutenen artean kokatzen ditu Aldundiak enkargatutako ikerketak. Gipuzkoan etorkinen %33 eskas dago ongizate egoeran. Gainera, kanpoko jatorria duten pertsonak buru dituzten etxeen %51 bazterketa larri edo moderatuan dago; tasa hori %10ekoa da bertakoak buru dituztenen kasuan. Eta etxeko sostengu nagusia emakumezkoa den familien datuek, berriz, bikoiztu egiten dituzte gizonezkoak buru dituztenen tasak, %12,6ra iristeraino.

Ezagutza falta
Txanponaren beste aldean, ordea, horretarako baldintzak bete arren halako laguntzarik jasotzen ez duten herritarrak daude. Izan ere, Aldundiak atzeman duenaren arabera, pobrezia egoera larrian dauden familien erdiak ez du inolako laguntzarik eskatu. Baldintzak bete arren, 17.300 pertsona laguntza hauek eskatu ez dituzten familia unitateetan bizi dira. Ikertzaileen arabera, populazioaren zati garrantzitsu batek ez ditu laguntza hauek jasotzen, nahiz eta horretarako eskubidea izan.
Andoaingo zein Gipuzkoako datuen artean dagoen parekotasuna ikusita, erraz ondoriozta liteke inguruko beste hainbat herritan ere antzeko egoera aurki dezakegula.
Datu horiek guztiak ezagutu ondoren, instituzioen babesa ezinbesteko bilakatzen ari da ongizatearen gizartearen sostenguan. Eta krisia luzatzen ari da. Luze doa, nahi baino gehiago.

Pobreziak hamaika aurpegi
Krisi ekonomikoaren eraginez pobreziaren aurpegi ezberdinak agertu dira:

Pobrezia erlatiboa:
Gipuzkoan 120.000 lagun.
Hilean 842,50 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten herritarrak pobrezia erlatiboan edo pobrezia arriskuan daude.

Pobrezia larria:
Gipuzkoan 30.000 lagun.
Hilean 561,70 euro baino gutxiagorekin atera behar dute aurrera.

Pobrezia energetikoa:
Populazioaren %10-13.
Argi indar eta kalefakzio zerbitzuen gutxieneko batera iristeko modurik ez du hainbat herritarrek.

Enplegu pobrezia:
Populazioaren %7.
Ordaindutako lana izan arren, ez dute beren burua eta familia mantentzeko adinako diru-sarrerarik lortzen.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!