Hasi da atez atekoaren inguruko galdeketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko eka. 22a, 12:49

Goizeko 10:00 pasatxoan ireki dituzte Pello Mari Otaño ikastetxeko soinketa gelako ateak. Bi mahaitan ari dira herritarrak bozka ematen eta bozka ordezkatua onartua dago. Galdeketa honetan ikuskaritza lanak egin nahi zituen herritar talde bati ez zaio horretarako baimenik eman eta eraikinaren kanpoaldean bildu dira. Gaur egun osoan izango da zabalik galdeketa eta bihar, 10:00etatik 16:00etara.

Irakurri gehiago:

Patxi Amantegi, Tolosaldea Txukun plataformako bozeramaileak hartu du hitza: "Hamarretan ireki ditugu ateak eta badirudi jendea animatzen ari dela. Ea denon artean indarra egiten dugun alkateek aintzakotzat har gaitzaten, eta hemendik aurrera denen artean lantzen dugun eraginkorra izango den sistema. Zakar bilketa honetan heritarren inplikazioa ezinbestekoa da eta jakin egin behar da zenbat dauden sistema baten alde eta bestearen aurka. Gaurko eguna oso garrantzitsua izango da Tolosaldea guztian".

Bozka ordezkatua ere onartzen dute galdeketan. Hala azaldu du Patxik: "Bai, hala izango da, baina beti  ere zizurkildarra izan behar da bozka eman ahal izateko".

Herritar talde batek ikuskaritza egiteko aukera eskatu du eta ezezkoa eman diete. Patxi Amantegik eman ditu horretarako arrazoiak: "Azken momentuan eta modu ezegokian etorri zaizkigu. Denbora asko daramagu hau antolatzen eta nahikoa denbora izan dute prozesuan sartu ahal izateko. Dena den, argi esan behar da errolda jarraituko dela eta nahikoa denbora izango dutela ikuskatzeko. Gaizki egingo dela pentsatzen badute, alkateari esaten diogu berak antola dezala galdeketa bat. Zizurkildarren gehiengoak esaten bada atez atekoaren alde dagoela, guk ez dugu izango zer esanik". 

Aizpea Zabalak hartu du hitza atez atekoaren alde dagoen herritar taldearen izenean: "Tolosaldea Txukun plataformak ez digu utzi ikuskaritza egiten eta inolako kontrolik gabe ari dira galdeketa aurrera eramaten. Aurrez esan genuen bezala, gure ustez galdeketak ez ditu gutxieneko demokratikoak betetzen. Gutunazaletik hasita, atez atearen kontra bozkatzera animatzen du jendea eta gainera, okerra da atez atekoaren inguruan banatzen duen informazioa. Hori gutxi ez, eta boka ordezkatua onartzen dute, iruzurrari ateak parez pare irekiz. Horregatik eskatu genuen ikuskaritza lanak egitea, iruzurra oraindik ere handiagoa izan ez zedin. Gure galdera da; ezer ezkutatzekorik ez badute, zergatik ez digute uzten bertan egoten? Galdeketa hau festa pribatu bat bilakatu dute eta garbi eskatu nahi diogu Zizurkilgo Udalari ez kontuan hartzeko hemen bildutako datuak, inongo baldintza minimorik eta kontrolik gabe bilduak izan direlako".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!