Luciano Uribesalgo kantaria, musikari erregaitza

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko eka. 21a, 14:56

Luciano Uribesalgok abeslari gisa jardungo du Soinuak musika eskolak eta Akorde-on taldeak igandean emango duten kontzertuan

Zer abestu behar duzu igandeko kontzertuan?
Entseguetan zehaztuko da, baina The Beatlesen bizpahiru kanta eta beste hainbeste ranchera izango dira. Akorde-on taldearekin abestuko dut nik. Erronka polita bota zidan Susana Cencillok, baina larrua nahiko zaildua daukadanez denetik abestera, baiezkoa eman nion.

Hontaz gero, gauzarik arruntena behar du izan zuretzat taula gainera igotzea...
Behin eszenategian nagoela, berdin zait bost lagunentzako abestu nahiz 5.000 ikuslerentzako. Igo aurreko uneak izaten dira gogorrenak. Akaso pare bat pintxo eta ardo hartu behar izaten ditut, eztarria eta gorputza puntu-puntuan jartzeko. Nik beti esan izan dut zeozer edaten ez duen musikaria, neurrian noski, ez dela benetako musikaria. Alaitasuna ematen dizu, bixitasuna abesteko edo musika jotzeko. Sinetsita nago ohetik jaiki eta taula gainera zuzenean igotzen den horrek, zozoa behar duela izan benetan!

Abeslariek ondo zaintzen omen dituzte eztarriak, ura edanez eta...
Ura, festondoetan edateko, whiskyak behar duen izotzerako edo dutxatzeko erabiltzen dut gehienbat! Nirekin batera musika jotzen nonahi dabilen Jesus Mari Ibañezek baiezta dezake horixe.

Noiz arte eszenategietan?
66 urte betetzera noa, baina 9 urterekin hasi nintzenean bezainbat gozatzen dut gaur egun. Eztarriak eta osasunak irauten didaten bitartean, musikari lotuta jarraituko dut. Aulki gurpildun batean banago ere, oholtzara igotzen nauten bitartean...  

Zer duzu gogokoen Sanjuanetan?
Musika, mota guztietako musika. Dena egiten zait atsegina. Nik jendeari esango nioke musika adierazpide unibertsal bat dela, eta gizakiari mesede egiteko sortu zela, penak ahazten laguntzeko eta bizitza alaitzeko. Herriko jendeari eskatuko nioke musika guztiak errespeta ditzala, izan estilo batekoa izan bestekoa. Nik talde batengatik inoiz ez dut esango kaka zaharra dela edo antzekorik! Denekin dago zer ikasia, eta ez da ezer kostatzen gure bizitzan une labur bat hartzea musika talde bat entzuteko. Errespetu hori, behintzat, musikari guztiek merezi dute.

Gaur egun, zer egiten duzu musikari lotuta?
Hainbat formatu eta lekutan jotzen dut. Ibañezekin ezkontza eta antzeko ospakizunetan parte hartzen dut; bera teklatuekin eta ni ahotsarekin. Los Rubi taldearekin ere jarraitzen dut jaietako dantzaldietan, laukotea osatuz Ibañez, anaia (Fernando) eta Luis Trekurekin. Gero, Soinuak musika eskolarekin eta Aupa Kaletxiki txarangarekin kalera ateratzen naiz, kaxarekin (perkutsioa). Izan ere, abeslaria izateaz gain, bateria jotzailea izan naiz beti.

Bederatzi urterekin murgildu zinela musika munduan esan duzu lehen...
Luis Fraka izan nuen lehen maisua, udal musika eskolan. Musika bandan, klarinetearekin hasi nintzen hamalau urte nituela. Igande arratsaldeetan kontzertua eskaintzen genuen Goikoplazan, eta segidan orkestina bat etortzen zen. Behin, orkestinakoek, hor bota zidaten: “hi, mutiko, bateria bat behar diagu, eta etorri hadi gurekin!”. Horrelaxe hasi nintzen bateria jotzaile gisa. Handik gutxira, Joxe Mari Oiartzabalek (oraingo musikariaren aita) Los Alegres bandara gonbidatu ninduen. Talde mitikoaren azken zortzi emanaldietan hartu nuen parte. Geroztik, Los Rubi eta Mexiko 82 berbena taldeekin egin dut ibilbide luzea.
 
Errespetua emango zizun Los Alegres-eko musikari famatu horiekin ibiltzeak...
Eta ez gutxi! 15 urteko mukitsua, bere aita edo aitona izan zitezkeenekin! Haiek beren gauzak edaten zituztenean, niri freskagarriak ateratzen zizkidaten. Hori bai, irabazien partiketan, kopuru berbera ematen zidaten.
Dantza talde gisa, Gipuzkoa eta Nafarroako bazter guztietan zeukan fama Los Alegres-ek. Benetako musika eskola izan zen niretzat. Izan ere, aparteko dohainez jaiotzen den milatik bakar hori kenduta, gainerakoek kalera, jendeaurrera irten beharra daukagu musikari izateko. Ez dago bestelako sekreturik!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!