Juantxo Arregi Sanjuanetako pregoilaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko eka. 21a, 14:54

“Nire ibilbidea Axeri-Dantzari lotuta dago, hori izango zen pregoilari izendatzeko arrazoia”

Lehen aldiz herriko elkarteek aukeratuta, Juantxo Arregi izango da aurtengo Sanjuanei hasiera emango dien pregoilaria. Hainbeste urte eta gero, ez zuen asko uste oraindik ere beraz  gogoratuko zirenik. Ekainaren 21ean igoko da udaletxeko balkoira.

Ez omen zenuen halakorik espero…
Ezta inondik ere. Axeri-Dantza zela eta bere garaian egin zidaten omenaldiarekin nahikoa neukan. Ez zitzaidan sekula burutik pasako berriz ere halako zerbait gerta zitekeenik. Egia esan, jendea dagoeneko nitaz ahaztuta egongo zela pentsatzen nuen, bere garaian nahikoa izan bainuen. Hortaz, izendapenaren berri eman zidatenean ‘berriro hor al nago?’ pentsatu nuen.

2009an izan zen aurreko omenaldi hura. Gogoan izango duzu, ezta?
Bai, noski, orduan ere sekulako ezustea hartu bainuen. Gainera, ni konturatu gabe, dena pikutara bidaltzekotan egon nintzen. Asteburu hartan Picos de Europara joatekoak ginen Euskaldunarekin, baina ordurako belauneko minekin hasia nintzen eta emaztea bakarrik joan zen azkenean. Larunbata zen. Aparteko beroa zegoen. Familiarekin bazkaltzera joan eta bueltan nentorrela sekulako ekaitza lehertu zen, erori eta izugarrizko kolpea hartu nuen eskuineko hankan; beltz-beltz eginda eduki nuen egunetan. Momentu hartan aldaka apurtu nuela ere pentsatu nuen. Kontua da, ekainaren 21a edo izango zela eta handik bizpahiru egunera omenaldia egin behar zidatela. Nik, ordea, ez nuen horren arrastorik ere, eta hanka hala edukita urte hartan Axeri-Dantzara joan gabe geratzekotan nenbilen, nire asmoa urte hartan azkenekoz dantza egitea bazen ere.  Ingurukoek, berriz, ahaleginak eta bi egin zituzten ikustera behintzat gertura nendin, denak jakinaren gainean baitzeuden. Bezperan hobeto sentitzen hasi nintzen eta joatea erabaki nuen. Eta hantxe neukan zain sorpresa guztia. Oso polita izan zen, ez nuen halakorik espero.

Oraingo honetan zergatik uste duzu hautatu zaituztela pregoilari?
Bada, oraingo honetan ere arrazoi nagusia Axeri-Dantza izango dela pentsatzen dut. Nire ibilbidea Axeri-Dantzari lotua egon da erabat, beraz, hori izango da, bai, arrazoia.

Izan ere, asko eman diozu Axeri-Dantzari…
Baita dantzak niri ere. Zenbat jende ezagutu dudan eta zer nolako lagun onak egin ditudan… Pentsa, 1975ean hasi eta 2010era arte egin dut dantza, eta urte horietan guztietan jende asko pasa da dantzatik. Azken urteetan ni 60 urteren bueltan nenbilen eta 15 urteko gaztetxoak ateratzen ziren gurekin dantzara. 2000. urtean emakumeak ere sartu ziren, gainera…

Eztabaidaren bat edo beste izan zenuten orduan, ezta?
Bi urte lehenago hasi zen guztia. San Juan egunerako bizpahiru egun falta zirela, neska gazte talde bat etorri zen entsegura, Axeri-Dantzan parte hartu nahi zutela esanez. Bagenekien egun batetik bestera gertatuko zela halako zerbait, beste hainbat ekintzatan ere pixkanaka emakumeak sartzen ari baitziren, baina uste ez genuena zen hain denbora gutxiren faltan etorriko ziren, San Juan eguna baino bizpahiru egun lehenago. Gauzak ondo egin behar zirela esan genien, bi egunen falta ez zegoela denborarik ezertan hasteko, eta hurrengo urterako utzita urte osoa genuela hitz egin eta dena ondo prestatzeko. Onartu zuten, baina hurrengo urtean ez ziren itzuli, handik bi urtera baizik. Horrela, bilerak egiten hasi ginen: neskak, udaletxeko ordezkariak eta gu geu. Egia esateko, gu nahiko uzkur geunden hasiera batean, ez zitzaigun oso ondo iruditzen hainbeste urtean gizonek bakarrik egin zuten horretan egun batetik bestera emakumeek ere parte hartzea. Baina azkenean, ondo pentsatu eta, zergatik ez? Beraz, hainbat bileraren ostean, emakumeak ere taldean sartuko zirela erabaki genuen. Baina bakarrik gelditu nintzen. 1999an hamabi gizonek egin genuen Axeri-Dantza, eta hurrengo urtean emakumeak sartuko zirela erabakitakoan, ia denek taldea utzi zuten. Pare batek edo jarraitu zuen hasieran, baina haiek ere desagertzen joan ziren pixkanaka. Neskekin eta haiekin batera sartu ziren mutil gazteekin osatu genuen, beraz, taldea. Gauza bakarra eskatu nien neskei: hura ez zedila urte bakarreko aldarrikapena izan, hurrengoetan ere jarrai zezatela Axeri-Dantzan ateratzen. Konpromiso hori hartu zuten eta fin-fin mantendu dute.

Garai hartan emakumerik sartu ez balitz?
Ez dakit zer gertatuko zen. Nik ikusten nuena zen urtetik urtera gero eta gutxiago ginela. Esan bezala, 99an hamabi lagun bakarrik atera ginen, eta nik etorkizuna oso ilun ikusten nuen. 2000. urtean, berriz, berrogei aritu ginen dantzan, eta gaur egun halaxe jarraitzen du. Axeri-Dantza oso indartsu dago: jende asko, gazteak, konpromiso handiz ari direnak.

2010ean utzi zenuen Axeri-Dantza, eta beti buruzagi izan zarenez, zure ordezkoa izendatu beharra zegoen…
Nik utzi nuenean ez zuen inork buruzagi izan nahi. Orain hiruzpalau urte, ordea, taldekoek Nafarroa Oinezera joan behar genuen dantzara; ni ez nintzen joan, eta nire ordez Kattok egin zuen buruzagi lana. Orduan, ni uztera nindoanean, hari proposatu genion, eta onartu egin zuen, baina baldintza batekin: urte batzuetan bera izango zela buruzagi baina berriz dantza egin nahi zuela, beraz, pentsatzen joateko hurrengoa zein izango zen. Bi urte egin zituen.

Aurtengo Sanjuanetan nor izango da buruzagia?
Aurten Joxean Irazu izango da. Juan Antonio Amilibia Ezeiza Kattoren oso laguna. Izen gehiago ere atera baziren ere, garbien ikusten genuena bera zen. Hasieran ez zegoen oso seguru, baina onartu du.

Taldekoekin pasatuko al duzu San Juan eguna?
Beraiekin bazkaltzera joango naiz, bai. Entseguak ikusten ere ibili naiz. Batzuetan pena ematen dit utzi izanak: jarraitzeko gogoa banuen, berez dantza ere egin nezakeen, baina belaunari sekulako astindua emango nion. Izan ere, San Juan egunekoa ez da eguerdiko dantzarekin amaitzen, egun eroa izaten da: gosaria, bazkaria, erromeria… Behin baino gehiagotan Ongi-
etorri tabernan karakolak jaten ere amaitu izan genuen. Hori dena dantzaren barrutik bizi behar da. Hala ere, orain kanpotik ikusten dut eta gustatzen zait, sentitu egiten baitut.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!