Neska-mutilak elkarrekin Agustin Leitzako danborradan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko eka. 21a, 14:51

Andoainen emakumerik gabeko danborrada bakarra zen Agustin Leitza elkartekoa. Iaz Udaleko Gizarte sailaren eta elkarteko zuzendaritzaren artean zenbait tirabira gertatu ostean, aurten, esan daiteke iritsi dela elkartera festa berdintasunean ospatzeko aukera, danborradaren ekitaldiari dagokionez behintzat. Gertakizuna historikotzat har daiteke Juanma Gonzalez presidente berria duen elkartearen ibilbidean, inondik ere.

Alazne Conde, Ainara Mateos eta Nerea Alvariño izango dira lehen emakumeak danborradan. Entseguetan parte hartu dute egunotan, eta pittin bat urduri daudela aitortu du Alazne Condek. Ohartzen baitira bide berri bat urratzera datozela elkartera. Alaznek berak argitu du nola eman zuten pausoa: “Nerea eta bion aitak elkarteko bazkideak dira, eta beraiek animatu gintuzten. Hasiera batean kuadrila osoko lagunak ginen parte hartzekoak, zortzi bat, baina azken unean gehienek atzera egin behar izan dute, gau berean Urkirekin dantza egitea egokitzen baitzaie suaren inguruan”.
Hirurek ere ez zioten kasu askorik egin Udalaren eta zuzendaritzaren artean iaz gertatu zen ika-mikari; ezta elkarteak emakume bazkiderik ez izateari edota sukaldean sartzea galarazita edukitzeari ere. Danborra jotzeko aukera eman zaien une beretik, ez dute bi aldiz pentsatu behar izan, Nerea Alvariñok adierazi duen bezala: “Egia esan, ez gara bazkideak, eta parte hartzaile asko ezezagunak zaizkigu, gure aitak eta lagun batzuk kenduta. Ez dakigu gainontzekoek zer pentsatuko duten gure presentziari buruz, baina argi daukaguna da ondo pasatzeko gogo bizia daukagula, herriko ohitura bati eustearekin batera; hori da garrantzitsuena jaietan”.
Ez da danborradan jotzen duten lehen aldia, Nereak gogorarazi duen bezala: “Bi urtetan segidan Zumeatarra elkartearekin atera izan da gure kuadrila osoa. Geroz eta emakume gehiago gara bertan parte hartzen, eta primeran pasatzen dugu”.
Agustin Leitzaren danborradak badu herriko beste seiek (Zumeatarra, Santa Krutz, Karrika, Etxeberrieta, Kaletxiki eta Herri danborrada) ez daukaten berezitasun bat: kalean zehar danborra jotzen ibili ostean, Goikoplazara iristen da eta bertan dagoen eszenatokira igotzen da jendetzaren aurrean bizpahiru pieza jotzeko. Ainara Mateosek hara zer dioen une horren gainean: “Ulertzen dugu guregana zuzenduko direla plazan dagoen jendearen begirada asko, eta horrek errespetu pixka bat ematen digu. Hala ere, bi urte daramagu Zumeatarra elkartearekin, eta jada ohitzen ari gara jendaurreko ekitaldietara. Egia esan, eskola garaietan ere ateratzen ginen, eta beraz, badaramagu urte mordoska bat Andoaingo kaleetan ibiltzen danborra astinduz”.
Berak dira lehenak, baina emakume gehiago hurbilduko diren itxaropena daukate, Nerearen esanetan: “Nik uste emakume asko aurten ez direla etorri ez dutelako honen berririk izan edo, besterik gabe, ez direlako ausartu elkartean ezagunik ez dutelako. Gu ikusita, ziur emakume gehiago izango garela datozen urteetan”. Alazne Condek gaineratu duenez, “argi daukagu gau polita pasatzen badugu, ingurukoak animatu egingo ditugula hurrengoetarako”.

“Jaiak ez dira oso erakargarriak”
Aurtengo Sanjuanak nola ikusten dituzten galdetuz gero, Ainarak gazte ugariren kexa azaldu du: “Egunez behintzat, oso gaztetxoentzat edota 40 urtetik gorakoentzat antolatzen dira ekitaldi gehienak, eta gure adinekooi ez zaigu egitaraua oso erakargarria iruditzen. Esate batera, ez dago kuadrila egunik Santa Krutzetan bezala. Eguneko ekintzei begira, nire kasuan, Axeri Dantzan baino ez dut parte hartuko. Gazte asko Hernanira joango gara gau batean edo bestean”.
Alazne Condek, berriz, pena dauka azkenean ez delako inauterietako festa egun hauetan berreskuratuko: “Eguraldi txarrak aurtengo inauteriak zapuztu zituenez, zabaldu zen Sanjunetara eramango zirela; kuadrilan emozionatuta geunden ideiarekin, baina ez du aurrera egin azkenean”.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!