Aurreiritziak baztertu eta atez atekoari aukera emateko eskatu die Udalak herritarrei

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko eka. 19a, 13:12

Astelehenean ekin zion Zizurkilek hondakinen bilketa sistema berriari. Horren harira, Zizurkilgo Udal ordezkariek prentsaurrekoa eskaini dute. Besteak beste, Tolosaldea Txukun plataformak astebururako deitu duen herri kontsulta ez dela demokratikoa azaldu dute.

Udalak zorionak eman dizkie sistemara batu diren herritarrei eta batu ez direnei ere, atez atekoari aukera emateko gonbidapena luzatu die. Nerea Lizarraga zinegotziak azaldu duenez, “aurreiritziak baztertu eta atez atekoari aukera eman diezaioten eskatzen dugu. Hemendik sei hilabetera, konpromisoa hartzen dugu, sistemaren berrikuspen bat egin, herritarren iritziak jaso, eta eskatzen diren aldaketak egiteko. Momentu honetan, sistema probatzea da eskatzen dugun gauza bakarra”.

Era berean, herritarren parte-hartzea arautzen duen ordenantza prestatzen ari direla iragarri dute: “Oraingo indefinizio egoera honekin amaitu nahi dugu, eta ikusirik 35 urtez, instituzio desberdinetan agintean egon eta gero EAJ herritarrei entzuteaz duen garrantziaz jabetu dela, alderdi sozialistarekin batera, ordenantza honen sorreran parte hartzera gonbidatzen ditugu. Eta herritarren parte hartzea oinarri izango duenez, herritarrei ere die egiten diegu, lan talde batean batuaz”.

Bestetik, azken asteotan EAJ izaten ari den jarrera salatu nahi izan dute, “nahikoa da!” esateko garaia dela iritsi dela esanez: “Azken asteotan gezurrak eta mehatxuak besterik ez ditugu jaso. EAJri akusazio merke eta funtsik gabekoak alde batera utz ditzan eskatzen diogu. Herritarren artean egonezina sortzen duten gezurrekin ez goaz inora. Ez dugu polemikan sartu nahi; EAJk gurekin zintzotasunez eztabaidatu nahi badu, ondo, prestutasun osoa izango dugu horretarako, baina helburua zirkoa egitea eta botoak lortzea bada, ez gaituzte bidean topatuko”.

Ekainaren 22an eta 23an herri kontsulta

Tolosaldea Txukun plataformak datorren astebururako herri kontsulta deitu du, Zizurkilen. Udal ordezkariek kontsultaren harira EAJk izan duen jarrera ere, salatu nahi izan dute. Hauen hitzetan, “zizurkildarrek badakite kontsulta hori EAJk deitu duela eta harrokeria eta errespetu falta bat dela iruditzen zaigu. Galdeketa egiteko lekua uzteko prest agertu da Udala, baina baimena ematerako garaian eskatu den baldintza bakarra zizurkildar bat arduradun izendatzea izan da, gainontzeko eskaerekin egiten den bezalaxe; aste bat igaro da eta oraindik ez dugu erantzunik  jaso”.

Udal ordezkarien ustez, “axolagabekeria ekonomiko galanta da, inbertsio guztiak egin eta gero herri kontsulta hau antolatzea. Gainera, kontsulta honek ez ditu gutxiengo demokratikoak betetzen, besteak beste, boto delegatua baliozkotzat jotzen baita; hau da, edonork edonoren izenean botoa eman dezake”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!