Larraulgo Kultur Etxean egindako sari-banaketa ekitaldiarekin amaitu zen aurtengo edizioa. “Jende asko gerturatu zen eta irabazleek oso pozik jaso zituzten euren sariak. Mirari Irurtzun musika irakaslearen biolin taldeak saio txiki bat eskaini zuen eta orohar, ekitaldi goxoa izan zen. Sarituetako batek, Lourdes Gorostegi zizurkildarrak ez zuen etortzerik izan, eta bideo bat bidali zigun. Oso berezia izan zen, polita. Ekitaldiaren amaieran, Xabier Artola idazlearekin hitz egiteko aukera baliatu zuten gerturatutakoek”.
Sarituen artean lau larrauldar
Larrauldar gazteek idazle sena dutela erakutsi dute aurten, “sarituetako lau, larrauldarrak izan dira. Oso ondo landutako gutunak bidali dituzte eta etxean bertan jaso dituzte euren sariak. Datorren urtean Adunan egingo dugu sari-banaketa. Ea adunarrek beste horrenbeste sari jasotzeko aukera izaten duten”.
Duela sei urte jarri zuten martxan Aiztondoko Gutun Lehiaketa: “Literaturarekiko zaletasuna sortzea zen helburu nagusia. Herritarrak idaztera eta irakurtzera bultzatu nahi genituen. Formatu txikiko lanak izanik, sorkuntza lana errazagoa eta erakargarriagoa izan zitekeela pentsatu genuen, eta gutun lehiaketa sortzea erabaki genuen. Lan asko jaso ditugu. Urtero gutunak idazteko gai ezberdina planteatzen dugu eta gai horren arabera, lan gehiago edo gutxiago jasotzen ditugu. Aurtengo gaia hauxe izan da: Zure jaiotetxea botatzera doaz. Jendeari erakargarria egin zaio antza, eta laurogeita hamasei partehartzaile izan ditugu guztira”.
Adinaren arabera banatuta, lau kategoria ezberdin hartzen ditu lehiaketak. “Kategoria bakoitzeko bi lanik onenak saritzen ditugu eta Aiztondoko gutunik onenak ere aparteko saria jasotzen du”, azaldu du Itsasok.
Izan ere, Aiztondoko Gutun Lehiaketa ez da soilik Aiztondoko herrietara mugatzen. Hala azpimarratu du Itsasok: “Gure Mankomunitateak Aduna, Alkiza, Larraul eta Zizurkil hartzen ditu. Herri horietan, etxe guztietara bidaltzen da lehiaketaren deialdia. Hala ere, garbi utzi nahi nuke lehiaketa ez dela herri horietako biztanleengana mugatzen, lehiaketa guztiz irekia da. Ikastetxeen eta liburutegien bidez zabaltzen da deialdia, baita hedabideen bidez ere. Dagoeneko oihartzun polita lortu du lehiaketak”.
Epaimahaiaren erabakia
Lehiaketara aurkeztutako lan guztien artean erabakitzen ditu onenak: “Aurreko urteetan Juan Kruz Igerabide eta Xabier Artola idazleak aritu izan dira lan horretan. Aurten Juan Kruzek ezin izan du parte hartu eta Xabierrek hartu du ardura hori. Esan beharra dago, gurasoek egindako balorazioek kasu askotan bat egin dutela Xabier Artolak erabakitakoarekin. Oso fin aritu dira”, nabarmendu du Itsasok.
Saridunak
- 6-8 urte, lehen saria: Xuban Irazu Eizagirre, Larraul.
- 6-8 urte, bigarren saria: Manex Urkaregi Sanz, Larraul.
- 9-11 urte, lehen saria: Goretti Aburuza, Bidegoian.
- 9-11 urte, bigarren saria: Uxue Aranburu Otegi, Larraul.
- 12-16 urte, lehen saria: Maddi Etxeberria Otaegi, Larraul.
- 12-16 urte, bigarren saria: Olaia Zinkunegi Tejeria, Tolosa.
- 17 urtetik gora, lehen saria: Lourdes Gorostegi, Zizurkil.
- 17 urtetik gora, bigarren saria: Olatz Albisu Urmeneta, Asteasu.
- Aiztondoko sari berezia: Onintza Gorostidi Murua, Alkiza.