Musika, argia, antzerkia eta dantza uztartu zituzten jaialdi errepikaezinean. Loatzok iragan ederra du eta etorkizuna, oparoa. Ainhoa Elizondo pozarren dago urteurreneko ospakizunei eman dieten amaierarekin: “Musikaz modu ezberdinetara gozatzeko aukera izan genuen. Batetik, talde handien saioak izan genituen; banda, orkestra, txistulariak, abesbatza..., bestetik, formatu txikiagoko saioak ere izan genituen. Guztira, ehun eta berrogei pertsonatik gora pasa zen taula gainetik. Ospakizunei amaiera emateko modu polita izan zen”.
Loatzok hamar urte bete ditu ikasturte honetan eta hainbat ekitaldi antolatu dute urtean zehar. Adunakoa berezia izan zen, “aspaldidanik ari ginen gisa honetako kontzertu bat antolatzeko ideiari bueltak ematen. Duela lau hilabete hasi ginen pixkanaka forma ematen eta entseguak martxan jartzen. Antzerkia, dantza, musika, argia..., gauza asko uztartu behar ziren eta ez da batere erraza izan. Oso emanaldi berezia izan zen; gauez izateak ere xarma berezia eman zion”.
Ez ohikoak taula gainean
Festa bere osotasunean borobiltzeko, ezinbestekoa izan zen ikasleen edota irakasleen parte hartze aktiboa. Ez ziren bakarrak izan, “ikasleen gurasoei zabaldu genien kontzertuan aritzeko deialdia eta ontzat hartu zuten proposamena. Aiztondo bailarako kantujirako lagunak ere gerturatu zitzaizkigun. Bertan izan ziren, besteak beste, Aduna, Zizurkil edota Asteasuko kantuzaleak. Eskertzekoa da guztien aldetik jaso dugun jarrera ona eta borondatea”. Ainhoa Elizondok ikasle ohien agerpena azpimarratu nahi du bereziki, “gure eskolak hamar urte bete ditu eta dagoeneko hainbat ikasle pasa da bertatik. Haietako batzuek aurrera jarraitu dute musikan; kontserbatorioan edota musika taldeetan. Zenbait ikasle ohiri kontzertuan parte hartzeko gonbita luzatu genion, eta hauek ere berehala baiezkoarekin erantzun zuten. Pozgarria da horrenbeste ate jo ondoren ezezkorik ez jasotzea”.
Hamar urteotan eskolak egin duen ibilbidea laburbildu zuten kontzertuan zehar, modu ez ohikoan gainera: “Antzerkia erabili genuen horretarako. Aurkezlerik ez zuen izan saioak eta musika ekitaldien arteko lotura egiteko, antzezlan txikiak tartekatu genituen. Kontzertu osoak argudio hari bera izan zuen; Loatzo musika eskolak urte hauetan izandako bilakaera”.
Ikasturte osoan zehar hainbat ekitaldi antolatu dute urteurren borobila ospatzeko.
Uda ostean, laster beraz, musika eskolaren hamaikagarren ikasturteari ekingo diote.