2020 urtean nolako Aduna nahi duten aztertu dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko eka. 19a, 12:24

Ingurugiroa, ekonomia, kultura, hirigintza..., azterlan sakona egin dute Agenda 21 ekimenak sustatuta

“Eman beharreko lehen pausoa herriaren egungo egoera sakon ezagutzea izan zen, diagnosi zehatza egiteko. Oso garrantzitsua da, helburuak zehazten hasi aurretik, herria nola dagoen jakitea. Ondoren, herritarren parte hartzea sustatzeko ekimen ezberdinak jarri ziren abian. Batetik, Udalaren webgunearen bidez, diagnosiaren inguruko ekarpenak egiteko aukera eman zitzaien herritarrei. Bestetik, herri bilerak antolatzen hasi ginen, bai diagnosia aurkezteko, baita ekintza plana zehazten hasteko ere. Hamabost bat herritarren parte hartze iraunkorra izan dugu bilera horietan”.  Adunako Udaleko ingurumen teknikari Edurne Simon iazko udaberrian hasi zen Agenda 21 berritzeko prozesua bideratzen.  
Irailean hasi eta aurtengo urtarrila arte, bost bilera egin dituzte adunarrekin: “Herriaz daukaten ikuspuntua bildu genuen lehendabiziko bileran. Adunak dituen indarguneak eta ahuldadeak zerrendatu genituen. Gainerako herri batzarretan, ekintza plana diseinatu da”. Abiapuntua zehatza zen: “2020an nolako Aduna nahi genuen zehaztu eta helburu orokor batzuk ezarri nahi genituen: Aduna herriarentzat eta herritarrekin eraikitako herri bizia izatea, euskalduna, parekidea, ingurumen kalitate handikoa, ekonomia dinamikoa duena eta herriko natur baliabideen erabilera orekatua sustatuko duena. Hori guztia kontuan hartuta, helburu txikiagoak zehazten joan ginen, baita helburu horietako bakoitza lortzeko beharko genuen ekintza sorta ere”.  

Aipagarrienak
Otsailean onartu zuten ekintza plan berria. Guztira, 129 ekintza aurreikusi dituzte. “Badira modu berezian azpimarratutakoak: lehen sektorea indartzea, tentsio altuko kableak lurrazpiratzea, krisi ekonomikoak eragindako egoerei aurre egitea, herritarren parte hartzea sustatzea...”.

Lehen pausoak
Dagoeneko hasi dira lehendabiziko urratsak ematen. Hala azpimarratu du Edurne Simonek: “Udaleko kide bakoitzak bere ardurak ditu. Pixkanaka, ekintza plan horretan islatutakoak aurrera ateratzen joan beharko dugu, ahalik eta ezarpen mailarik handiena lortzeko. Egia da krisi garaiak zailago egiten duela hainbat ekimen aurrera atera ahal izatea, baina saiatuko gara. 2020an ikusiko da zenbateraino lortu dugun 2012-2013an jarritako helburuak betetzea”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!