Atez ateko bilketa Zizurkilen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko eka. 19a, 12:20

Erraustegiaren aldekoak zizurkildarrak engainatzen ari direla uste du
Jose Mari Luengo alkateak

Astelehenean hasita, atez ateko hondakinen bilketa sistema martxan dago Zizurkil herrian. Birziklapen tasa handiena lortu  nahian hartu dute erabakia, Luengo alkatearen arabera. Herritar askok oraindik edukiontzia hartu gabe jarraitzen du.

Zizurkilgo Udalak zergatik egin du atez ateko sistemaren alde?
Urte eta erdiko lanketaren ondoren, atez atekoa birziklapen tasarik altuena lortzeko sistemarik onena dela ondorioztatu da. Atez ateko sistemak bilketa zehatza egitea eskatzen du, ondorioz, esfortzu gehiago ere bai, baina zalantzarik gabe, sistemarik onena da. Datuak ikusi besterik ez dago: Zarautzen urteak daramatzate bosgarren edukiontziarekin eta birziklapen tasa ez da %40ra ere iristen. Lezon, berriz, hilabete daramate atez ateko sistemarekin eta dagoeneko,  %27a birziklatzetik %83a birziklatzera iritsi dira.

Atez ateko bilketari ekin diozue, baina oraindik bada herritarrik kuborik jaso ez duenik. Zer esango zenieke herritar hauei?
Kuboen banaketa egin genuenean herritarren erdiak baino gehiagok jaso zituen. Jaso ez dituztenek, berriz, ez dakit zein asmo izango duten, baina denborak aurrera egin ahala, esku hartzen hasi edo ez erabakiko dugu. Hala ere, zabor poltsak lurrera botatzeak edo zaborrak beste herriren batera eramateak ibilbide motza du. Edukiontzia oraindik jaso ez duenari, aukera berria emango diogu.

Zizurkilen, beste alderdi batzuk, zuen ustez “gezurrezkoak” diren orriak banatzen ibili dira. Orri horietan, besteak beste, zintzilikarioak edozein lekutan jartzeko ahalmenik ez duzuela adierazten zen. Arrazoia al dute?
Hori ez da horrela, Udalak baimen eta legitimitate osoa du zintzilikarioak jartzeko eta hori Plan Orokorrak bere baitan biltzen du. Etxebizitzen kanpoaldean argiteria kableak jartzea bezalaxe da. Erraustegiaren aldekoak direnak herritarrak engainatzen ari dira, helduak batez ere, eta egiazkoak ez diren gauza asko esaten ari dira. Kuboak, esaterako, Spora izeneko enpresa kataluniar batek egin ditu eta hori ere egotzi digute, hots, diru guztia Kataluniara bidali dugula. Enpresa hau ez dugu gure nahiera aukeratu, lehiaketa bidez erabaki da. Zintzilikarioak, aldiz, euskal enpresa batek egin ditu.

Zenbait hedabidetan ekainaren 22an eta 23an herri kontsulta egingo dela plazaratu da. Honen inguruko berririk ba al duzue? Zein iritzi duzu?
Zizurkilen ez dago atez atekoaren aurkako plataformarik, Tolosaldea Txukun plataforma ari da dena mugitzen. Pello Mari Otaño eskolan egiteko eskatu dute baimena, eta Udalak baimen hori eman du. Legazpin egin zuten moduan egiten badute, herri kontsulta hori ez da legitimoa, pertsona batek ezin dituelako bereaz gain beste batzuen botuak eman. Herri kontsultak onartu egin behar dira, betiere, legitimitatearen barruan egiten badira. Parte hartzea arautzen duen araudi bat lantzen hasi gara.

Zein mezu zabalduko zenieke herritarrei?
Atez ateko sistema dela eta, Tolosaldea Txukun ekimenak mila gezur zabaldu ditu: usaina dela, kostu ekonomiko izugarria duela, arratoiak erakartzen dituela, etab. Zurrunbiloa dabil herrian barrena eta ondorioz, herritarren artean ere beldurra sortu da; nahasmen hau, ordea, pasako da.
Guk, benetan, sistema honetan sinesten dugu eta probatzeko deia egin nahi dugu, birziklatzen badugu herri hobea izango dugulako. Guretzat eta baita atzetik datozen ondorengoentzat ere. Ez daitezela mugatu alderdi jakin batek edo egunkari batek esandakora, proba dezatela.

Herri kontsulta
Ekainaren 22rako eta 23rako deitu du Zizurkilen Tolosaldea Txukun plataformak atez ateko hondakinen bilketa sistemaren inguruko herri kontsulta. Zizurkilgo PSE-EE alderdiaren iritziz, “asteburuko kontsultaren bidez, herritarren artean Bilduren kudeaketarekiko desadostasuna zenbaterainokoa den neurtzeko aukera izango dugu”. EAJ alderdiak, bere aldetik, atez atekoaren ezarpena geratzeko eskatu dio Udalari, “udal batzarrak ez baitu hondakinen bilketa sistema aldatzeko beharrezko akordiorik onartu. Otsailaren 27ko batzarraldian Bilduk hiri hondakinen trataeraren inguruan aurkeztutako mozioa ezin da, inolaz ere, hondakinen bilketa zerbitzuaren aldaketa babes dezakeen akordiotzat hartu”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!