Kresalaren usaina zuten emakumeen historia Oinkari taldearen ikuskizun berrian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko eka. 19a, 12:16

Dantza taldeak, Hika Teatroarekin elkarlanean, ‘Itsasoaren emazteak’ izeneko ikuskizuna estreinatuko du, uztailaren 12an Tolosako Leidor antzokian

Ikuskizun berriak, euskal dantza tradizionala oinarri hartuta, Euskal Herriko kostaldeko arrantzaleen emazteen bizipenak kontatzen ditu. Oinkari dantza taldeko arduraduna den Alazne Gurrutxagak eta ikuskizunaren zuzendaria den Agurtzane Intxaurragak hartu dute hitza.
Ez da Oinkarik dantza hutsetik haratago beste kultur adierazpideak erabiltzen dituen lehen aldia. 2011ko urrian, Agurtzane Intxaurragaren zuzendaritzapean Amantalen ahotsa ikuskizunean hartu baitzuen parte. Alazne Gurrutxagak adierazi duenez, “bertan mundu desberdin  bat ezagutu genuen. Guretzat berria zen dantzarekin batera dramaturgia lantzea eta bertan bizitako sentsazioa oso berezia izan zen. Sentsazio hori aintzat hartuz, emanaldi berrian sartzeko pauso handi bat eman nahi izan genuen, eta iazko maiatzean, elkarlanean aritzeko proposamena helarazi genion Agurtzaneri”.

Dantzariez gain musika zuzenean
Ari du ikuskizunaren haritik izan zuen Oinkari dantza taldeak Pello Ramirez musikari ordiziarrarekin lehen harremana. Bere musika gustuko izanik, Oinkariko kideek argi zuten ikuskizun berrian ere harekin lan egin nahi zutela. Emanaldi berri honetan, beraz, Pello Ramirezek lehenagotik sortuak zituen abestiez gain, espresuki emanaldirako sortuak izan diren abestiak entzuteko aukera ere izango da. Behin ikuskizunaren sortzaileak zeintzuk izango ziren erabakita, proiektua martxan jartzea falta zela dio Agurtzane Intxaurragak: “Ikuskizun bat ezerezetik muntatzen hasterakoan nire oinarria beti zer kontatu izaten da. Oinkariko Alazne eta Eneko, Pello eta hirurok elkartu ginen lehen aldian, Pello pianoa jotzen hasi zen bezalaxe ura etorri zitzaidan burura. Momentu hartan, gainera, Donostiako kofradia ixtekotan ziren eta itsasoaren irudiek ematen duten indarra kontuan hartuta itsasertzeko emakumeen bizipenak taularatu behar nituela bururatu zitzaidan. Horrela, Lekeitioko eta Hondarribiko patroien emazteekin bildu nintzen eta hauen kontakizunek liluratu egin ninduten. Itsasoaren emazteak ikuskizunean, beraz, emakume saregileen begietatik, beraien bizipenak kontatzen dira; lehengo iragana eta oraingo oraina. Bi saregilek, Miren Gojenolak eta neronek, jartzen diogu ahotsa ikuskizunari. Bat alarguna da eta bestea, senarra bizirik duen arren, alargun askotan sentitu dena”.

Ikusgarria izango da
Oinkarik orain arte eskainitako emanaldiak dantza hutsekoak izan dira. Alaznek eta Agurtzanek adierazi dutenez, “Oinkariren ohiko ikusleek orain arte ikusitakoa ahaztu egin behar dute. Ikuskizun berri hau dramaturgia baten barruan dago, dantzak bere protagonismoa du, noski, baina sentimenduek ere paper garrantzitsua dute. Horrez gain, istorioan kokatuko gaituen eszenografia ere aurkituko dute. Egin den esfortzua oso profesionala izan da eta taula gainean beste era bateko Oinkari bat topatuko dute ikusleek”.

Ekoizpena elkarlanean
Oinkari dantza taldearentzat zein Agurtzane Intxaurragarentzat erronka handia izan da Itsasoaren emazteak ikuskizuna prestatzea: “Herriko dantza taldea gara, ez gara honetatik bizi, baina esperientzia honen bidez ikusi eta ikasi dugu gogo eta esfortzuarekin gauza asko lor daitezkeela”, adierazi du Alaznek. Agurtzaneren hitzetan, bestetik, “lan asko egin dugu, eta gogo eta diziplina handiko jendea dago Oinkarin. Ikuskizuna nire egiteko aukera eurek eman didate eta hori luxua da”.

  • Data: Uztailak 12 ostirala, 22:30.
  • Non: Tolosako Leidor antzokia.
  • Salgai: www.kutxasarrerak.net

Fitxa artistikoa
  • Dantzariak: Oinkari Dantza Taldea (Villabona).
  • Zuzendaritza eta dramaturgia: Agurtzane Intxaurraga.
  • Dantza garaikideko koreografoa: Maider Oiartzabal (Kukai Dantza Konpainia).
  • Aholkularitza koreografikoa: EK-ia Kolektiboa / Kukai Dantza Konpainia.
  • Musika originala eta zuzendaritza: Pello Ramirez.
  • Musikoak zuzenean:Angel Unzu, Xabier Zeberio, Fredi Pelaez eta Pello Ramirez.
  • Aktoreak:Miren Gojenola eta Agurtzane Intxaurraga.
  • Soinu diseinua:Mikel Fernandez.
  • Argien diseinua: Xabier Lozano.
  • Eszenografia errealizazioa: Eskenitek.
  • Argazkiak: Karlis Medrano.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!