Urnietar bat Dubai hirian lanean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko eka. 19a, 12:12

Merkataritza Bulegoan, negozio ezberdinak egitera datozen enpresei aholkularitza eskaintzen die.
Lurralde exotikoan bizi da Iñigo Andres (Urnieta, 1987) ingeniaria. Salesiarretan DBH ikasi ostean, EHUn bost urteko ingeniaritza ikasi zuen, Industria Elektronikan Ingeniaria Teknikoa (3 urte) eta Industria Antolakuntzan Ingeniaria (2 urte).

Urnieta Kirol Elkarteko jokalari eta entrenatzaile garaiak faltan botatzen dituen arren, bizitza osoan gogoratuko duen esperientzian murgilduta dabil.

Kontaiguzu Iñigo, zer egiten du urnietar batek Dubain?  
Nik neuk nire buruari ere galdera hori egiten diot! Eusko Jaurlaritzaren beka lortu nuen iaz, eta hainbat azterketa gainditu ondoren, praktikak Dubaiko Merkataritza Bulegoan burutuko nituela adierazi zidaten. Gure zeregina Arabiar Emirarri Batura eta Qatarrera negozio ezberdinak egitera datozen enpresei aholkularitza eskaintzea da.
Urtarrilean iritsi nintzen eta urte bukaera arte gutxienez egongo naiz. Geroa ikusteko dago.
   
Munduaren beste puntan bizi zara orain…
Bai, eta hemen, Dubain, oso gustura bizi naiz. Hango bizimodua eta hemengoa nahiko ezberdinak dira. Hasieran, normala den bezala, hemengo bizimodura egokitzeko denbora behar izan nuen. Baina, oro har, egokitzapena nahiko erraza izan da.
Nire eguneroko bizitza oso arrunta da. Goizeko bederatzietan lanera sartu eta arratsaldeko bostetan irteten naiz. Lanetik kanpo, Urnietan egiten nuen antzeko bizimodua daramat, hau da, futbolen jokatu, lagunartean ibili…Udan ezik, Dubain urte osoan Euskal Herriko udan pareko eguraldia egiten du. Hori dela eta, ia astebururo hondartzara joateko aukera dago. Oso merkea da, bestalde, inguruko herrialdeetara joatea. Tarteka, asteburuko planak egiten ditugu.

Nola azalduko zenioke urnietar bati nolakoa den Dubai?
Dubai kontraste handiko hiria da. Dirudun asko ikus daiteke, ibilgailu ikaragarrietan. Bestetik, eraikuntza lanetan soldata txikiaren truke eta astean zazpi egunez lanean ari den behargin asko dago. Azken horiek India eta Pakistan herrialdeetakoak dira, sorterrian aurkitzen ez dituzten lan aukeren bila Dubaira etorritakoak.
 
Erlijioa, klima, kultura,... aldaketa handia da. Bizitzeko ez omen dira hiri atseginak, hori irakur daiteke hainbat webgunetan. Zer duzu horri erantzuteko?
Horixe bera esan zidaten hona etortzear nintzela. Hasieran errespetua eman dezake kultura eta erlijio ezberdineko herrialde batera bizitzera joateak. Hemen izanik, hainbesterako ez dela esan dezaket, hemen bizitza beste leku askotan baino hobea da. Ikusi bestela zenbat dirudun bizi den hemen. Bizitoki atsegina ez balitz, ez lirateke hona etorriko.

Zure esperientziaren arabera, gomendagarria al da Dubaira joatea? Norentzat izan daiteke interesgarria?
Dubai bisitan etortzeko leku zoragarria dela iruditzen zait. Bisitan etorri diren lagunak oso pozik bueltatu dira. Hiria ikusgarria da.

Zer da Urnietatik faltan botatzen duzuna?  
Normala denez, familia eta lagunekin ibiltzea faltan botatzen dut. Baita urnietarrekin futbolean aritzea edota entrenatzen nuen nesken mailako taldea ere.

Zer ekarriko zenuke handik Urnietara? Eta alderantziz, zer eramango zenuke hemendik hara?
Dubaitik urtean zehar egiten duen eguraldia eramango nuke. Eta Urnietatik ekarriko nituzke gazta eta urdaiazpiko pixka bat, sagardo botila batekin. Ez litzaidake gaizki etorriko!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!