Kilometroak jaiari esker eraikin berria zabalduko du Ikastolak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko eka. 19a, 12:08

Aita Larramendi ikastolak hain beharrezkoa zuen eraikin berria abuztuan amaituko dute, neurri handi batean euskaltzaleen ekarpenari esker

Dena espero bezala badoa, Andoainen Kilometroak 2012 jaia ospatu eta urtebete igaro baino lehen martxan izango da Aita Larramendi ikastolako eraikin berria. Festa hartan bildutako dirua behar-beharrezkoa izan da obra hau egiteko.
Gabonak baino pixka bat lehenago hasi ziren ikastolako eraikin berria eraikitzeko lanak, eta ondo bidean, abuztuaren amaierarako bukatuta egongo dira. “Irailetik aurrera eraikin berria erabiltzeko asmoa daukagu, espazio falta handia baitaukagu une honetan; hortaz, ordurako lanak amaituta eta gune berria erabiltzeko moduan egotea aurreikusten dugu”, azaldu du Gorka Matutek, Aita Larramendi ikastolako IKT arduradunak. Eta badirudi aurreikuspen horiek bete egingo direla, lanen atzerapena eragin zezakeen atala, zimendatzeari dagokiona alegia, arazorik gabe burutu zelako lanen lehen fasean. “Ikastolaren atzealdeko lurren azpitik ibai bat pasatzen zen eta ezertan hasi aurretik ura beste gune batetik bideratu beharra zegoen. Prozesu horrek eragin zitzakeen arazoak eta, ondorioz, atzerapenak, baina fase hori eginda eta amaituta dago, hortaz, hemendik aurrera, ez dugu lanak atzeratzea eragin dezakeen aparteko arazorik aurreikusten”.
Gauzak horrela, eraikinaren egitura egina dago eta orain gremio guztiak hasi dira lanean: elektrizista, pintorea, berogailua jarri behar duena… Oso aurreratuta daude, beraz, lanak. “Baliteke abuztuaren amaierara iritsi eta azken ukituren bat falta izatea, materialen bat berandu iritsi delako esaterako, baina datorren ikasturtea eraikin berrian hasteko moduan izango gara”, baieztatu du Matutek.

Argia eta zaratarik gabekoa
Eraikin berria solairu bakarrekoa da, eta hauxe izango du barruan: zortzi ikasgela, irakasle gela bat, biltegi txiki bat, talde txikiekin lan egiteko beste bi gela eta komunak. “Eraikinak kanpotik izango duen kolorearen inguruan azkenean arkitektoaren irizpideari kasu egin eta kolore argia aukeratu da”, kontatu du Gorka Matutek. Barrualdeak ere kolore argia izango du. Bestalde, 150 m2 inguruko estalpe bat erantsi diote eraikin berriari eta, frontoiaren atzeko horma erabilita, beste frontoi txiki bat egokituko da, txikienei begira.
Horrez gain, eraikina autobidearen ondoan geratzen dela kontuan izanda, garrantzi handia eman diote kanpoko zaratetatik babesteko neurriak hartzeari. “Guk eraikin berriarekin aurrera egin dugu bere garaian Aldundiak alboko errepidea kentzeko proiektua onartu zuelako; plan urbanistikoan, autobiaren aldaketa aurreikusita zegoela esan ziguten. Orain, ordea, ez dakigu proiektua zertan den, geldirik dagoen, hainbat eztabaida daudela dirudi…”. Horregatik eman diote halako garrantzia zaratak ekiditeko materialak erabiltzeari –leihoetan kristal lodiak edota hormetan isolatzaileak– eta hala, nahiz eta autobidetik gertuago egon eraikin zaharra baino, zarata ez da handiagoa izango.
Irailetik aurrera, 170 ikasle inguruk beteko dituzte Aita Larramendi ikastolako eraikin berriko ikasgelak. Une honetan 870 ikasle ditu ikastolak eta, aurreikuspenen arabera, “hurrengo urteetan gehiago izango dira etorriko diren ikasleak joango direnak edo batxilergoa amaituko dutenak baino. Gauzak horrela, datorren ikasturtean 900 ikasle inguru izan ditzakegu, eta matrikulazio datuak azken urteetan bezala mantentzea lortuko bagenu, hurrengo hiruzpalau urteetan mila ikasle izatera hel gintezke”, aurreratu du Gorka Matutek.

Kilometroak festa, ezinbestekoa
1.300.000 euroren bueltako aurrekontua du eraikin berriak. “Alde batetik, ikastolaren fondoetatik finantzatu da, %35a inguru, eta hor pisu handia du 2012ko Kilometroak festan atera genuen diruak. Gainontzeko %65a kanpoko finantziazioari dagokio”, zehaztu du Matutek. Argi eta garbi azpimarratu nahi izan du, gainera, Kilometroak jaiko ekarpenik gabe obra hau egitea ez zela bideragarria izango: “Gaur egun bankuetatik finantziazioa lortzea gero eta konplikatuagoa da. Ikastola hazten joan den heinean sortu zaizkion beharrei erantzuna emanez joan gara: Bazkardoko handitze-lanak, ikastolako frontoia… Konturatu gara egungo egoeran, maileguak eskatzeko baldintzak gero eta okerragoak direla, askoz ere zailagoa dela, eta beraz, ikastolak bere fondoetan iazko Kilometroak festak utzitako ekarpen horrekin kontatu ez balu, seguru asko ezingo genukeen halako proiektu bat aurrera atera”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!