Eskuz binaka afizionatuen txapelketaz gain, paleta goma txapelketa, eskuz federatu gabeentzako txapelketa eta frontenis banakako txapelketa antolatu dituzte Behar-Zanako kideek.
Paleta gomak, azken urteetan galdutako sona berreskuratu du eta 14 bikotek hartuko dute parte aurtengoan. Eskuz federatu gabeko txapelketan 6 bikotek jokatuko dute eta frontenis txapelketan, bestetik, 19 pilotarik. Aipatu beharrekoa da nesken parte hartzea ere izango dela aurtengoan.
Beraz, astelehenero, asteazkenero eta ostiralero frontenis eta eskuz federatu gabekoen partidak izango dira Olaederra kiroldegiko frontoian (euriarekin Behar-Zana pilotalekuan); asteartero eta ostegunero, bestetik, pala eta eskuz afizionatuen partidak.
Behar-Zana pilota eskolako haurren gurasoentzat bilera deialdia ostegunean
Ostegun honetan, hilak 20, Behar-Zana pilota eskolako gurasoekin bilera izango da Udaletxeko balio anitzeko gelan arratsaldeko 19:00etan.
Bertara, aurten aritu diren pilotarien gurasoez gain, pilotan hasi nahi duten haurren gurasoak ere deituak daude. Bileran, egungo egoera, balorazioak eta datorren denboraldira begirako hainbat gai jorratuko dira.