Mikel Irizar presidenteak bereziki eskertu zien Bizkaiko Foru Aldundiko eta Durangoko Udaleko ordezkariei Euskaltzaleen Topaguneak izan duen beharrari erantzuteko izan duten prestutasun eta azkartasuna. Euskaltzale antolatuen gizarte mugimenduek hizkuntzaren normalizazioan duten funtzioa gogora ekarri eta herriz herri antolatuta dagoen mugimenduarentzat zein tokian tokiko erakundeentzat adibide izan beharko lukeela azaldu zuen Irizarrek bere hitzaldian.
Euskararen normalizazioa ziklo berri batean sartzen ari da Mikel Irizarren iritziz eta garai berrian euskarak eta euskal hiztun komunitateak lankidetza espazioak behar dituela aldarrikatu zuen. Izan ere, gizarte ekimenaren eta erakundeen arteko harremana giro horretan garatzea mesedegarri izango da normalizazioa helburu duen gizartearentzat.