Andoaingo Udal Gobernu taldeak Ruben Gelbenzu herritarraren atxiloketa salatu du

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko eka. 11a, 20:07

"Andoaingo udal gobernuak Ruben Gelbenzuren atxilotzea salatu nahi du, aurrerantzean inkomunikazio aldiak amaitu daitezela eskatuz eta bide batez, Estatu espainolari deia egiten dio gatazka politikoa konpontzeko prozesu honetan pausuak eman ditzan"

Andoaingo Udal gobernuak ondokoa adierazi nahi du Ruben Gelbenzu andoaindarren atxiloketaren harira:

P { margin-bottom: 0.21cm; }
  1. Euskal Herrian garai politiko, ziklo politiko berri baten irekiera bizitzen ari gara, benetako eta egiazko demokrazia eta bakea lortze bidean, behingoagatik eta betirako, Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa konponduko duen ziklo politiko berri bat.
  2. Azken hilabeteotan ezagutu ditugun erabaki historikoak ikusita, eta Aieten ospatu zen Nazioarteko Konferentzia mugarri izanik, non nazioarteko komunitateak gatazka gainditzeko norabidea marraztu zuen, ulertezinak dira euskal herritarren atxiloketak.
  3. Testuinguru honetan, Estatu espainolari eta frantsesari mugitzea tokatzen zaien unean, Euskal Herriko gehiengo politiko, sozial eta sindikalak urratsak exijitzen dituen unean, Ruben Gelbenzuren atxiloketaren gisako ekintzak aurkako norabidean eragiten dute.
  4. Era berean, kezkaz ikusten dugu Andoaingo herritar honek inkomunikazio aldian jasan dezakeen indefentsio egoera. Inkomunikazioak babesgabetasuna besterik ez dakar atxilotuekiko, eta kasu askotan salatu izan den bezala, tratu txarrak pairatzeko aukera bere horretan dago.
  5. Honengatik guztiagatik, Andoaingo udal gobernuak Ruben Gelbenzuren atxilotzea salatu nahi du, aurrerantzean inkomunikazio aldiak amaitu daitezela eskatuz eta bide batez, Estatu espainolari deia egiten dio gatazka politikoa konpontzeko prozesu honetan pausuak eman ditzan.

Andoainen, 2013ko ekainaren 11n

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!