Uda ostean, hirigintzari bereziki lotuta dauden egitasmo berriei bide emango zaie. Aspaldiko gogo bati erantzungo diote arau berriek, hamarkada oso batean hizpide nagusiena izan baita udaletxean. Hainbat bilera, eztabaida eta hitzordu eragin ditu hiru agintaldietan jarraian. Arau subsidiario berriak Florentino Ugalderen agintaldian (EAJ, 2003-2007) lantzen hasi ziren, Mikel Izagirreren agintaldiarekin jarraitu (UDA, 2007-2011) eta, ezustekorik ez bada, Mikel Pagolaren agintaldian (EAJ, 2011-2015) garatzen hasiko dira.
Maiatzaren 28ko udalaren osoko ohiko batzarraldian gai zerrendaren laugarren aztergaia iritsi zenean, Mikel Pagola alkateak alde batera eta bestera zituen oposiziokideei begiratu eta “Azkenean!” esanez hasi zuen aurkezpena: “Ia hamar urte igaro dira, nahi baino gehiago. Bide luzeegia izan du. Gaurko bozketaren ondoren plana ahalik eta azkarren Aldundiko Lurralde Antolamendura bidaltzeko konpromisoa hartzen dugu”.
PSE-EEko Herme Gonzalezek bere alderdiaren abstentzioa iragarri zuen, planaren hasierako gestio txarra eta kostu handia gogora ekarriz. Planaren diseinatzaileek sozialistak gutxietsi zituztela salatu zuen.
Bilduko Xabier Yurramendik, bere aldetik, erantzukizunezko baiezkoa iragarri zuen, “behar beharrezkoa da Urnietaren garapenerako” argudiatuz. Plan Orokorra bideratzeko konpromisoa hartzen zuela adierazi zion gobernu taldeari.
Oposizio osoa eta gobernu taldea bat datoz lehentasunetan. Ahalik eta azkarren bideratu behar da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako erabiliko den eraikina.
EAJ-PNVko Maribel Vaquerok plana landutako urte guztietan izandako parte hartzea nabarmendu zuen, eta parte hartzaileei esker ona adierazi nahi izan zien: “Negoziazio politiko handia egon delako lortu dugu plana onartzea. Ordu askoko lanaren emaitza da, eta horri esker atera da aurrera”.
Bizpahiru hilabeteko epean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren behin betiko onarpena jasotzen duenean, Udalak plan berriaren araberako irizpide berriak hartuko ditu kontuan.