Sergio Vallejoren irudiak Argazkialdian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko eka. 6a, 22:21

Sergio Vallejok Santa Krutz zubiaren ondoan dauzka ikusgai berak egindako argazkiak, tamaina handian. "Leitzaran bailarako altxorrak" jarri dio izenburua txori eta intsektuen irudiek osatzen duten erakusketari. Vallejok adierazi duenez, antzeko argazkiak ateratzeko ez dago zertan urrun joan beharrik. Ingurura erreparatu behar omen da.



Zergatik jarri diozu izenburu hori erakusketari?
Sergio Vallejo.: Ez gara ohartzen, baina horrelako irudiak lortzeko, ez daukagu zertan antolatu beharrik egundoko safaria munduko ez dakit zein muturrean. Leitzaranen barrena abiatu eta bide bazterretan begira-begira jartzen bazara, makina bat espezie topa ditzakezu. Gertu-gertu, baita etxeko balkoian ere! Andoainera etorri nintzenean bizitzera, Txistokiko paseleakuan, kiroldegi inguruan naturari buruzko argazkigintza lantzen hasi nintzen.

Zu zer zara gehiago, naturzalea ala argazkialaria?
S.V.: Bi zaletasunak elkarrengandik aldenduta bizi izan ditut, halako batean topatu egin diren arte. Ni, berez, naturzalea naiz argazkizalea baino. Argazkia naturzaletasunaz gozatzeko aitzakia da.
 
Nola atera dituzu erakusketako argazkiak?
S.V.: Leitzarango bailaran, bigarrengo tuneletik gertu eta egurrezko poste erdi usteldu batetan, hegaztien jantoki bat sortuta daukat aspalditxoan; hegaztiei janaria jartzen diet beti, eta bertara sei bat txori espezie agertzen dira: garrapoa, amilots urdina, amilots mottoduna, kaskabeltz handia, kaskabeltz txikia eta eskinosoa. Txori berberak dira beti. Ohitu egin dira ni ikustera, eta bi metro terdira-edo uzten didate hurbiltzen. Euren jokabideei behatzea dut gogoko, baina argazki bat edo beste ere atera izan diet. Erakusketan daudenak, argazki horietako batzuk besterik ez dira.

Kamera on bat beharko zenuen...
S.V.: Etzazula pentsa! Maila ertain-bajuko kamera erabiltzen dut; hori bai, objetibo handiarekin. Kalitatez nireak baino hobeak diren naturako espeziei buruzko argazkiak ikusi nahi baditu baten batek, Tokitxo tabernara joatea gomendatzen diot; Jose Inazio Belamendia da hango argazkien egilea.

Nola lortzen duzu zuregana hurbiltzea?
S.V.: Galletak, kakahueteak, pipak... jartzen dizkiet, eta bertara etortzera ohitu dira. Nik hiru-lau ordu igaro ditzaket eurei begira. Esan ohi da pertsona dela munduko izaki adimentsuena, baina niretzat txori horiek ere badute adimena. Denborarekin ohartzen zara jokaeretan zenbateko antza hartzen duten pertsonekin. Nork bere nortasuna dauka, eta elkarren artean bere arauak errespetatzen dituzte: ileran jartzen dira jantokian, esate batera.
Friki samarra naizela esango du baten batek, eta arrazoi izango du beharbada, baina nik gozatu egiten dut naturarekin mota honetako harremana edukita, eta zer egingo diogu! Tira, irakurleren bati jakin mina piztu bazaio, goiz batean nirekin jantokira etortzera gonbidatzen dut. Gozatu ederra hartuko du txorien jokabideak erreparatuz!
 Orain arte zer nolako erantzuna jaso du zure erakusketak?
S.V.: Leku onean ipini da, egia esanda. Pasadizoan, jendea geratu egiten da errepatzera, eta noizean behin komentarioren bat ere jaso izan dut, argazki hau edo hura gustatu zaiela esanez. Bestalde, esan behar da Argazkialdian zehar, lehenbiziko gaiztakeria jasan duen erakusketa dela hauxe; izan ere argazki bat lapurtu baitute.
 
Argazkialdia´13ko antolakuntzako kide zara. Nola doaz gauzak orain arte?
S.V.: Goiza da agian, baina denetariko balorazioa egin daitekeela uste dut. Taberna eta dendetan, eta batez ere kaleetan jarri diren argazkiak jaso dute orain arte herritarren erantzunik baikorrena. Hitzaldi eta tailerretan, aldiz, jende gehixeago espero genuen...
Iazko ekainean Trentxiki elkartekoak jaialdia antolatzen hasi ginenean, asmo bikoitza geneukan burutan: argazki zale mordo baten lanak kalera ateratzea eta Andoaingo kultur giroa aberastea; eta hori dena aurrekontu murritz batekin. Hein batean asmoak lortzen ari garela esan genezake.
Zenbaiti sinestea kostatzen bazaie ere, jaialdia argazkia gogoko dugulako antolatu dugu. Nekea pilatu dugu azken hilabeteetan, baina aldi berean, izugarri ari gara ikasten. Bigarrengo edizioa egitera ausartzen bagara, jaialdiko zenbait ekimen beste modu batera egingo ditugu ziurrenik. Ideia berriak ere ari zaizkigu pilatzen; besteak beste, argazkiak kalera gehiago ateratzeko helburuz.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!