Euskaldunaren historia irudi bidez

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko eka. 6a, 22:20

Euskalduna futbol taldearen argazki zaharrekin antolatu den erakusketaren arduraduna da Javier Zatarain. Bera da horietako askoren egilea, argazkilari amorratua baita.
Erakusketa, igandera bitarte dago irekita Ubitarte futbol zelaiko bulegoetan. Ostegunean 18:30etatik 20:00etara, eta asteburuan eguerdiko 12:00etatik 13:30etara.

Deskribatuko al zenuke erakusketaren nondik norakoa?
Javier Zatarain: 107 irudik osatzen dute erakusketa; horietatik, 51 zuri-beltzean dira eta gainerakoak koloretan. Lau ataletan sailkatu dira, aldi historikoei begira. Lehenengoak 1923-1973 epea jasotzen du eta garrantzitsuena da niretzat. Ondorengo hirurak honako epealdiei dagozkie: 1974-1992, 1993-2010 eta 2012-2013. Azken atal honetan, bukatu berri den denboraldiko talde ezberdinak ikus daitezke.
Artxibategian gordeta dauzkadan argazkietatik bakar batzuek baino ez dute osatzen erakusketa; izan ere, denera 3.000 bat argazki edukiko ditut jasota gutxi gorabehera. Taldeen argazkiez gain, beste makina bat dauzkat partidetan ateratakoak, jokalariei, entrenatzaile edo direktibako kideei bakarka ateratakoak...

Erakusketan dauden argazkietatik zenbat dira zureak, zenbat beste argazkilarienak?
J.Z.: Nireak %70 izango dira, berrienak. Zaharrenak, berriz, klubaren 75. urteurrenaren harira lortu nituen 1998an. Prentsan deialdia zabaldu nien Euskaldunako erretratu zaharrak etxean zeuzkatenei, eta oso erantzun ona jaso nuen; behin eskaneatuta, denak itzuli egin nizkien jabeei. Gogoan daukat Bixente Huizi zenak modu berezian lagundu zidala eginkizun horretan.

Noiz hasi zinen argazkiak egiten eta biltzen?
J.Z.: 1980an murgildu nintzen Euskalduna futbol taldean. 20 bat urte egin nituen jarraian, eta gero beste hamar bat urrunduta egon nintzen. Atzera 2010ean itzuli nintzen klubera, eta beraz, 23 urte daramatzat bertan. Urte horietan etengabe atera ditut argazkiak.
Biziki gustatzen zait argazkilari bezala jardutea, eta klubeko zuzendaritza batzordeko idazkaria naizenez, bizpahiru partidetara joaten naiz astebururo. Neurketa horietan lortzen ditudan argazkiak klubaren web orrian zintzilikatzen ditut astero; egundoko arrakasta lortzen dutela esan dezaket, astero zazpirehun sarrera edukitzen baititu.
 
Nondik datorkizun argazkigintzarako zaletasuna?
J.Z.: Oso txikitatik! Gogoan daukat 14 urte nituenean, aitonak nola erosi zidan nire lehenbiziko argazki kamera; Werlisa markakoa zen, eta oraindik merkatuan jarraitzen du. 1975az geroztik, eta 12 urtez, El Diario Vasco egunkarian herriko kronikaria zen Pepe Narcueren argazkilaria izan nintzen. ¨Foto J.J.¨ goitizenarekin argitaratzen ziren nire argazkiak egunkari horretan; goitizena horren ezaguna egin zen, ezen oraindik jokalari urdin ohi askok horrelaxe deitzen baitidate. Oso bizialdi polita izan zen niretzat, eta Andoaingo makina bat irudi biltzeko parada eman zidan. Nire artxibategi pertsonalean gordetzen ditut guztiak ere.  
Erakusketako argazkiren bat edo beste nabarmenduko al zenuke, xehetasun bereziren bat dela eta?
J.Z.: Mordo bat bereiziko nuke, baina arreta eragiten duen detaileetako bat aspaldiko taldeek daramaten janzkera da. Halaber, azaltzen diren jokalari mitikoak aipatuko nituzke; besteak beste, Esnaola atezaina, Bixente Huizi entrenatzailea, Isidro Langara (Euskaldunak eskaini zion omenaldietako batean), edota nazioarte mailako Rebolledo eta Arberas jubenilak. Iragan minez jarriz gero, desagertutako Etxeberrieta edota Atotxako zelaian ateratako irudiak ere ikus daitezke...

Nola animatuko zenuke irakurlea eraskusketara hurbil zedin?
J.Z.: Erakusketa jokalari ohiei eta horien familiartekoei egingo zaie erakargarria batez ere, futbolaren praktikak sasoi zoragarriak bizi izan zituen uneak gogora ekarriko baitizkie. Une historikoei begira erakusketa nahiko ondo banatu dela iruditzen zait. Gainera, ikuslearen begietara atsegina gertatzeko moduan antolatu da.
Erakusketa gelatik oraindik pasa ez den horri esango nioke ekainaren 9ra bitarte dagoela irekita, eta merezi duela!

Argazkilari izateaz gain, datu biltzaile ere bazara...
J.Z.: Estatistikak maite ditut izugarri, eta gaur da eguna Euskaldunan jubenil mailatik aurrera jokatu duen edozein jokalariren estatistika osatzeko gai naizela: jokatu dituen partidak osorik nahiz zatika, jokatutako minutu guztiak, sartutako golak, eta noski, partida guztietako hamaikakoak. Asko dira Euskaldunan egin zuten ibilbide pertsonalaren inuguruko datuak biltzeko eskatu didatenak. Beharbada ez da egokia izango neronek esatea, baina harrituta geratzen dira guztiak ere. Gainera, argazki bat edo beste eransten diet ematen diedan dossierrean. Gogoan daukat Las Palmasetik eskaera bat jaso nuela denbora asko ez dela, iaz hil zen Teodoro Langara Txopeitiaren ilobaren izenean.
Estatistikekin jarraituz, zaldi lasterketen munduko Madrilgo Jose Luis Martinezen eta Donostiako Gloria Madero jockeyen estatistika osoa daramat. Martinezek 26 urtetan 5.000 lasterketetan parte hartu du, eta jada 750 orrialde osatu ditut berarekin bakarrik. Maderok, berriz, 1.000 lasterketa, eta nik berarekin 300 orrialde baino gehiago. Beste zenbait jockeyren datuak ere jasotzen ditut.    
Lasarte-Oriako danborradako batzorde kide ere banaiz, eta ikusj daitekeenez, gehiagorako denborarik ez zait geratzen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!