2012ko 111 Akademiaren Saria Ramon Saizarbitoriarentzat

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko eka. 6a, 10:27

 Maiatzaren 29an ospatu zen sari-emate ekitaldia Andoainen, Bastero kulturgunean. ‘Martutene’ nobela sarituaren larruz enkoadernaturiko alea eta diploma jaso zituen idazle donostiarrak.

111 Akademiako irakurleek hala erabakita, Ramon Saizarbitoriak eskuratu du 2012ko 111 Akademiaren Saria Martutene eleberriarengatik. Maiatzaren 29an ospatu zen saria emateko ekitaldia Andoaingo Bastero kulturgunean: Ana Carrere Andoaingo alkateak eman zion larruz enkoadernaturiko obra saritua, eta Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordearen eskutik jaso zuen diploma.
Aitor Amutxastegik aurreko urteetako sarituen irudi eta hitzekin egindako ikus-entzunezkoak eta Lorratzak laukote andoiandarraren kantuek jantzi zuten ekitaldia.

Irakurleari ahalegina eskatuz eta eskertuz
Egunero hasten delako eta Martutene liburuen artean igaro den denboran gauzak asko aldatu direla aipatu zuen Ramon Saizarbitoriak saria jaso osteko hitzaldian, “literaturaren onerako gehienak, baina ez guztiak. Gure denboran, nire denboran hobeto esateko, argi bereizten genituen azpi-literatura eta goi-literatura. Gaur egun ez da hain erraz bereizten hori. Egia da literatura ertaina-edo delakoaren kalitatea hobetu egin dela oro har. Egia da baita ere nire denboran kalitatea eta aspergarria izatea batu egiten genituela nolabait, lan bat ona zen aspergarria zenean, eta egundoko esfortzuak egiten genituen irakurtzen, eta zenbat eta gehiago harik eta hobeago”.
Gaur egun hori aldatu egin dela uste du Saizarbitoriak, eta horren inguruko kezka agertu zuen Basteron. “Orain ez da halakorik gertatzen, eta aldarrikatu behar dut ez dela onerako. Uste dut literaturak esfortzu bat eskatu behar lukeela. Eta gaur egun naturaltasun larregi daukagu beharbada. Gure garaian apalkeria eta hipokresia dezente nabari zitekeen, baina orain naturaltasun gehiegi ikusten da. Zilegi da esatea, adibidez, bat aspertu egiten dela Joyce-rekin, ‘aspergarria zait eta utzi egiten dut’, baina uste dut hori ez dagoela ondo. Lan batzuei, nahiz eta kostata izan, berriz ekin behar zaie”. Idazle donostiarra jakitun zen Martutenerekin horixe gertatuko zitzaiola, lan zaila dela, “baina ezin nuen besterik egin. Pentsatu nuen beste zerbait egitea, lan errazagoa, baina ezin nuen. Hain zuzen ere, horregatik ez dut meriturik edo ez dut saririk merezi, egiten dudalako, hainbat irakurlek igarri duen bezala, nire obsesioak eskatzen didana. Ez dut egiten hori konpromiso batengatik, ez dut lan egiten inor salbatzeagatik, kultura edo euskara salbatzeagatik. Egiten dut neure burua argitzeko, neure egia aurkitzeko, neure obsesioak hori eskatzen didalako”.
Martutenek irakurleari eskatzen dion ahaleginaz jabetuta ere, euskal literaturan oraindik ere ahalegin hori eska litekeela baieztatu zuen Saizarbitoriak. “Zoritxarrez, normaltasunaren bidean beharbada hori galtzen joango gara, eta irakurleak beharbada konpromiso hori galduz joango dira. Ez nuke nahi hori gertatzerik”.

Laguntza ez, errespetua
Sari literarioen inguruko hausnarketa egin zuen Ramon Saizarbitoriak hizketaldiaren amaieran. “Asko hitz egiten da literaturari lagundu beharraz. Bada, esan nahi nuke literaturak laguntzarik ez duela behar, errespetua behar duela, eta askotan sari literario batzuek, ezta ofizialek ere, ez dute idazlea errespetatzen ez dituztelako idazlearen garantiak errespetatzen epaimahaiak-eta osatzerakoan. Horregatik, Akademiari ez diot koiperik eman nahi, baina esango dut bereziki estimatzen dudala horren irakurlego zabal eta konprometitu batek saria eman izana. Eskerrik asko”.

‘Egunero hasten delako’tik ‘Martutene’ra
Saizarbitoriak saria jaso aurretik, Mikel Hernandez Abaituak idazle donostiarraren lehen nobelaren eta azken honen arteko lotura azpimarratu zuen. “Ia berrogei urte geroago Saizarbitoriaren azken eleberria esku artean hartu nuenean burura etorri zitzaidan aurreneko gauza aspaldiko liburu hura izan zen, zirkulua itxi balu bezala. Ezin da Martutene irakurri gipuzkoar idazle honen aurreko liburuak behin eta berriro gogoratu barik. Etengabe agertzen dira bere betiko obsesioak eta kezkak, hala nola betidanik laudatu duen literatura modernoa ere. Martutene leitu nuenean harrigarriak iruditu zitzaizkidan Saizarbitoriaren aurreneko eta azkeneko nobelen paralelismoak, kimuak landare segail bat eman balu bezala. Egunero hasten delako eleberrian legez, Martutenen ere bi plano nagusi txandakatzen dira tai gabe, baina azken honetan bien arteko erlazioa oso berehala da agerikoa, hartan ez bezala. Bi nobeletan orainaldi gramatikaletik narratuta daude istorio garrantzitsuenak. Bietan agertzen da neska gazte eder bat protagonista paperean eta bata zein bestea pasatzen dira ebakuntza-gelatik. Ginekologoak ere agertzen dira bietan, baina diferentzia esanguratsu batekin, lehen nobelan ginekologi operazio garrantzitsuena abortatzea den bitartean, azkenekoan jaiotza da ordea. Omega Alfa bihurtzen da. Horregatik, eta ez halabeharrez, Martutenen ez dugu aurkituko gai existentzialista bere liburu gehienetan agertzen den modu oinazetsuan, desagertzen ez den arren. Saizarbitoriaren ia obra osoan dagoen begirada tragikoa ez dugu bere azken liburuan aurkituko. Heriotza ahaztu gabe biziaren alde egiten da argi eta garbi, bizitza egunero hasten delako”.

Lehen txandatik garaile
2012ko 111 Akademiaren Saria hautatzeko bozketa prozesua urtarrilaren erdi aldera jarri zen abian, eta Saizarbitoriaren eleberriak bozketa txanda bakarra nahikoa izan zuen saridun izendatzeko. “111 Akademiaren arautegiak dioenaren arabera, jasotako botoen %30a eskuratu behar du obra batek lehen txandatik bertatik saridun izendatuko bada, eta Martutenek botoen %36,53 bildu zuen, saria lehen bueltan bereganatuz”.
Jon Unanue Manuel Larramendi Bazkuneko lehendakariak eman zituen bozketa prozesuaren inguruko xehetasunak. Gogoratu zuen moduan, orain arte Beterriko Liburua literatur aipamena bezala ezagutu den sariak izen berria izango du aurrerantzean: 111 Akademiaren Saria. “Bi arrazoi daude izen aldaketaren atzean: Batetik, sariaren eta Akademiaren arteko lotura indartu nahi izan da, 111 Akademiaren Saria 111 Akademiak hautatu eta ematen duela azpimarratuz. Bestetik, sariak bere hastapeneko urteetan zuen eskualdeko izaera aspaldi galdu zuen arren, Beterriko Liburua izenak izaera horren kutsua nola edo hala mantenarazten zuela iruditzen zitzaigun. 111 Akademiaren Saria izenak eskualde kutsu hori erabat ezabatu eta Euskal Herri mailako ekimen baten aurrean gaudela hobeki adierazten duelakoan gaude”.
Bide batez, 1996an sortuz geroztik irakurleek hautatzen duten sari honen izaera berezia azpimarratu zuen Jon Unanuek. “Azken urteetan indarra hartzen ari da oro har sarien eta bereziki literatur sarien aurkako aldarri gisako bat gu geu ere estu eta deseroso jarri izan gaituena batzuetan, sari hauen aurkako kritika bat: dagoeneko asko direla, zer funtzio betetzen duten… Guk garbi izan dugu sortuz geroztik: gure saria ez da lehia baten ondorio, ez baitugu inoiz saritu obrarik onena baizik eta obrarik gogokoena. Gure akademiakideen obrarik gogokoena saritzen genuela hasieratik esan genuen, eta beraz, gure epai hori maitasun baten ondorioz zela, gure literatur sortzaileei maite ditugula esateko modu bat, estimatzen ditugula, aintzakotzat hartzen ditugula guregan sortzen duten poza, tristura edo zirraragatik. Eskertzen diegula gurekiko egin duten ahalegin guztia. Eta aurrerantzean ere horixe izan nahi luke sari honek, maitasun, begirune eta esker on adierazpena, hori bai, amorante gisa krisi honek ez bagaitu lehenago pikutara bidaltzen”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!