Joxe Mari Agirre soka-tiran fin

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko eka. 6a, 10:25

Orain zortzi urte, gutxi gora-behera, ekin zion soka-tiran aritzeari Joxe Mari Agirre adunarrak. Kirol honen inguruko ibilbidea Astigarragan hasi bazuen ere, egun, Ibarrako soka-tira taldeko kide da. Zortzi urte hauetan egindakoaren berri eman du.

Zer dela eta hasi zinen soka-tiran zaletzen?
Orain zortzi urtera arte sekula kirolik egin gabea nintzen. Zerbait egiten hasi nahi nuen eta ezagun batzuk soka-tiran aritzen zirenez, ni ere probatzera animatu nintzen eta azkenean, gustatu. Garai hartan Ibarran oraindik ez zegoen talderik eta Astigarragan hasi nintzen, Auzolan taldean, hain zuzen.  Poliki-poliki, ordea, taldea gutxituz joan zen, hiruzpalau lagun geratu ginen arte. Laurok Tolosaldekoak ginenez, eta dagoeneko Ibarran taldea osatzekotan zenez, Ibarran hasi ginen. Dagoeneko hiruzpalau urte daramatzat 15-16 lagunek osatzen dugun Ibarrako taldean.

Zein modalitate daude soka-tiran?
Pisuaren arabera lehiatzen dugu eta lau modalitate izaten dira: 680kg, 640kg, 600kg eta 560kg. Zortzi lagunek tiratzen dugu eta tiratzen dugun guztion pisuaren baturak, modalitate hauetako baten barruan egon behar du. Normalean, beti berdintsuek tiratzen dugu eta hoberen pisu gutxieneko lehen bi modalitateetan moldatzen gara, 600kg eta 560kg-tan hain zuzen.

Azken urteetan hainbat txapelketa irabazi duzue...
Iaz, Euskal Herriko txapelketa irabazi genuen. Aurten, Euskal Herriko bi txapela jantzi ditugu eta horrez gain, mistoan, Munduko txapelketa ere irabazi dugu. Etxera joan eta txapelak ikusteak poza handia ematen du. Pasatako momentu txarrak ere bete egiten ditu.

Jokatutako txapelketetatik zeinetan duzu oroitzapenik onena?
Iaz, lehen aldiz Euskal Herriko txapelketa irabazi genuenekoa aipatuko nuke. Durangon izan zen norgehiagoka eta Abadiñoko taldea genuen arerio. Berdinketa hausteko lau aldiz tira ondoren irabazi genuen, asko kostatako txapela izan zen. Gainera, Abadiño izan da azken hamar urtetan ia txapelketa guztiak irabazi dituena.

Zer behar da tiratzaile ona izateko?
Sakrifizioa, gogoa eta entrenatzea. Soka-tiran erresistentzia eta teknika indarra baino garrantzitsuagoak dira. Horrez gain, talde egonkor bat izatea ere garrantzitsua da, azken finean, bloke bat osatu beharra baitago. Taldea osatuta dagoenean bik huts egiten badute, eta hauen ordez beste batzuk sartzen badira, tiratzerako garaian izugarri igartzen da. Horrek guztiak, hiruzpalau urteko lana eskatzen du; tiratzaile bat ez da egun batetik bestera sortzen.

Astean zenbat aldiz entrenatzen duzue?
Soka-tira denboraldia azaroan hasi eta otsailean amaitzen da. Gu, iraila eta martxoa bitartean aritzen gara entrenatzen. Tarte horretan, era kontrolatuan jan behar izaten dugu eta neguan asko sufritzen dut horrekin; hotza ere gehiago sumatzen da.
Aipatutako tarte horretan, taldekideokastean hirutan elkartzen gara eta Angel San Roman entrenatzailearen aginduetara aritzen gara. Polea baten bidez entrenatzen dugu. Horrez gain, norberak bere aldetik ere entrenatu behar izaten du. Ni normalean mendira joaten naiz korri egitera. Beraz, astean bost aldiz entrenatzen dugu.

Zure ustez, soka-tira behar bezala baloratzen al da?
Ez dakit. Herri kirolei dagokienean, federatu gehien dituen kirola da, baina egia esan, jarraipen handirik ez du. Ikustera ere familiakoak eta lagunak gerturatzen dira. Ibarran eta Bizkaian, hori bai, zaletasun gehiago dago.  

Zu tiraka ikusteko aukera noiz izango da?
Azaroan berriz ere txapelketei ekingo diegu. Horrez gain, datorren otsailaren amaieran Munduko txapelketa jokatuko dugu Irlandan. Gogorrak izaten dira munduko txapelketak. Ostegunez hasi eta igandearekin amaitzen dira. Ostegun eta ostiraletan taldekako txapelketak jokatzen dira eta larunbat eta igandetan, berriz, selekziokoak. Guk azken honetan ez dugu parterik hartzen, Espainiaren izenean joan behar izaten dugulako.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!