Imanol Goenaga, arkitekto eta ekintzaile

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko eka. 6a, 10:23

Krisiari aurre egiteko modua aurkitu dute Imanol Goenaga andoaindarrak, Ander Barandiaran donostiarrak eta Joseba Salbide eibartarrak. Arkitektoak dira hiruak, eta HUT! taldea osatu dute. Nazioarte mailako sari bat jaso berri dute. Imanolek eman ditu bere lanaren inguruko azalpenak.

Arkitekturako ikasketak amaitutakoan, praktikak egin eta lehen lanpostuak lortu zituzten Imanol Goenagak eta bere lagunek: “Krisialdiaren eraginez, ordea, lanik gabe geratzen joan ginen. Zer egin ez genekiela geratu ginen. Bi aukera genituen; atzerrira joan eta estudioren batean lana bilatzea, edota hemen aukera ezberdin baten aldeko apustua egitea. Ander, Joseba eta hiruok elkarrekin ikasi genuen eta saiakera bat egitea erabaki genuen. Gauza txikiak egiten hasi nahi genuen, eta batez ere, norberaren ideiak garatzen hasteko aukera bat sortu nahi genuen”.

Lana eta lehiaketak
Hut! taldea sortu zuten duela bi urte eta martxa onean ari dira lanean. “Garbi ikusi genuen garai bateko arkitektura klasikoa agortuta zegoela eta beste zerbait bilatu behar genuela. Gauza txikiekin hasi ginen: espazioak altzariekin hornitu, zaharberritzeak egin, proiektu urbanistikoak garatu... Horrez gain, bigarren apustu bat ere egin nahi genuen eta lehiaketa ezberdinetara aurkezteari ekin genion. Izan ere, lehiaketak oso egokiak dira gure lana erakusten hasteko, baita lanerako eta gauzak egiteko modu berriak sortzen hasteko”.
Kutxa Ekoguneak antolatutako lehiaketan parte hartu zuten iaz: “Lehiaketa erraldoia izan zen; barne diseinua, eraikuntzak, kanpoaldeko parkearen ordenazioa..., proiektu handia zen. Eskala txikian lan egitera ohituta ginen eta guretzat erronka handia izan zen modu honetako lan bati aurre egitea. Asko ikasi genuen proiektu harekin. Gainera, gure lana finaleraino iritsi zen eta azkenean, bigarren postuan geratzea lortu genuen. Indar handia eman zigun horrek eta lehiaketa gehiagotara aurkezteko grina piztu zitzaigun”, azaldu du Imanolek.
Gauza ezberdinak egin dituzte geroztik: “Italian izan gara hirigintzako lan batzuk egiten, Añorgan ere sari bat irabazi dugu hirigintza plangintza bat eginda..., aukerak badaudela ikusi dugu eta horretan ari gara buru-belarri”.

Jasangarritasuna
Lanean ari diren bitartean, ikasketak egiten jarraitu dute HUT! taldeko kideek: “Eraikuntza jasangarriak, arkitektura bioklimatikoa, energia aurrezpena..., landu beharreko nitxo bat ikusi dugu hor. Formakuntza egokia lortu dugu arlo horretan eta gure lanen osagarri ona izan da. Erakundeek gero eta garrantzia handiagoa ematen diote jasangarritasunari. Dagoeneko ez da nahikoa emaitza klasikoekin, gaur egun erantzun konplexuagoa eman behar zaio jasangarritasunari eta gu horretan ari gara saiatzen. Diseinua bera asko zaintzen dugu jasangarria izan dadin”.

Elkarlana
Lan karga handiko bi urte daramate Anderrek, Josebak eta Imanolek: “Hasieran ez genekien oso ondo nola aterako zitzaigun baina oso urte intentsoak izan dira. Zaharberritze lan txikiak lehiaketarako proiektu handiekin elkartu zaizkigu. Etengabe aritu gara lanean eta gustura gaude”.
Hiru arkitektok osatzen dute HUT! taldea, baina ez dira bakarrik aritzen: “Proiektuen arabera, jende gehiagoren laguntza izaten dugu. Ekoguneko proiekturako, esaterako, paisajista batzuekin elkarlanean aritu ginen. Modu horretan, proiektuak asko aberasten dira eta guk ere asko ikasten dugu. Oso aberasgarria da horrela lan egitea. Kate bat sortzen da eta kontaktuak izatea ere oso garrantzitsua da”, dio Imanolek.

Akordioak bilatuz
Hiru lankideen arteko elkarlana ere aberasgarria da Imanolen esanetan: “Diseinu orokorra hiruon artean adosten dugu eta ondoren, bakoitzak bere ardurak hartzen ditu”. Elkarlanean aritzeko ohitura pixkanaka hartu dute: “Hemen ez dago nagusirik, hiruok gara gure nagusi eta hasieran gauza asko lotu behar dira. Akordioak lortu behar dira eta hasieran kosta egiten da. Orain ondo ezagutzen dugu elkar eta errazagoa da akordioetara iristea. Hiruok antza handia dugu zenbait gauzetan; anbizio handikoak gara eta erraz  konformatzen ez garenak. Horrez gain, norberak bere arkitektura estiloa du eta hor, akordioetara iristen ikasi dugu”.

Egoitzarik ez
Momentuz ez dute lanerako egoitza finkorik: “Unibertsitateak utzitako txoko batean biltzen gara eta garaje batean ere aritu izan gara lanean. Internet bidez ere lan asko egiten dugu; batak besteari informazioa bidaliz. Momentuz ez dugu alokairu bat ordaintzen hasteko asmorik, ez dakigulako nola joango den lana. Etorkizunean, gauzak ondo joaten badira, ikusiko dugu zer egin”, azaldu du Imanolek.

Ekintzailetza
HUT! taldea indarra hartzen ari da, baina hasiera ez zen erraza izan: “Laguntza gutxi dago mota honetako proiektuak bultzatzeko eta bakarrik sentitzen zara. Lan handia egin behar da eta ez dakizu oso ondo lan horrek nolako fruituak emango dituen. Ez da erraza egoera horri aurre egitea. Lortutako emaitzek, ordea, lanean ondo ari garela islatzen dute, eta horrek aurrera jarraitzeko gogoa pizten du. Ez dakigu etorkizunak zer ekarriko duen, baina pozik gaude orain arte egindakoarekin”.
Krisi egoera honetan, ekintzailetzaren garrantzia azpimarratu nahi du Imanolek: “Gazteok hortxe dugu erronka. Lana ez zaigu ate-joka etorriko eta guk sortu behar dugula iruditzen zait. Horrek lan handia eskatzen du, baita txip aldaketa bat ere, ez dugulako horretarako ohiturarik, baina saiatu beharra dago. Bakoitzak bere esparruan txoko bat bilatu, besteengandik ezberdindu, eta aurrera egin beharra dugu”.

Santa Helenako proiektua
Nazioarteko sari garrantzitsu bat lortu berri dute HUT! taldeko kideek: “Santa Helena uharteko gobernuak ekimen handia atera zuen lehiaketara: 60 etxebizitza, hirigintza plana..., oso proiektu handia zen. Bilboko Bat arkitektura estudioko kideekin elkarlanean garatu genuen. Nazioarteko hainbat arkitektura etxerekin lehiatu ginen eta azkenean, lehen saria lortu genuen. Poz handia eman zigun, baina erronka ere izango da. Lehen sari hori lortzeak proiektua gauzatzeko aukera ematen du eta hori berria izango da guretzat. Ilusio handiz ekingo diogu erronka horri”.

Etxeak egin, lanpostuak sortu
Santa Helena uhartea Erresuma Batuaren barne dago. “Udazken aldera  jarriko da martxan proiektu pilotua. Lehen etxebizitzak egingo dituzte eta zenbait azpiegitura ere bai. Oraindik ez dakigu hara joan beharko dugun lanera edo hemendik bideratu ahal izango dugun. Oso proiektu polita da Santa Helenakoa. Afrikan dago uharte hori, Atlantikoaren erdian. 4500 biztanle ditu eta etxebizitzez gain, lan produkzioa sortzea ere aurreikusten du gure proiektuak. Harrizko eta banbuzko eraikinak egingo ditugu. Harria uhartean bertan badute eta banbua ereiteko ere toki egokia da. Banbua sortu eta eraldatzeko lantokiak martxan jarriz, bertakoentzat lanpostuak sortuko dira. Etorkizunerako, gainera, banbuan oinarritutako material hori kanpora saltzeko aukera izan dezakete, euren ekonomiari bultzada emateko. Etxebizitzak egiteaz haratago doa gure proiektua”.
Etxebizitza ezberdinak izango dira Santa Helenakoak: “Bertako baldintzetara egokitutakoak izango dira; hezetasuna, eguzkiaren indarra..., horiek guztiak hartu behar dira kontuan. Horrez gain, Santa Helenako etxeak modulu bidezko sistema batean oinarrituko dira. Modulu horiek behar ezberdinetara moldatu ahal izango dira, ez baita berdina pertsona bakarra biziko den etxebizitza edota familia handi batentzako egindakoa”.

Nazioartean
Orain Taiwanerako beste proiektu batean ari dira lanean: “Hemen, krisialdiaren eraginez, aukera gutxiago dago, eta horregatik, nazioartera zabaltzeko apustua egin genuen. Deialdia ateratzen denetik proiektua aurkeztu behar den arte, hilabete eskas izaten dugu. Hilabete hori oso intentsoa izaten da, lan karga handikoa. Erantzun azkarra eta ona eman behar da eta horregatik da horren garrantzitsua lanak ondo banatuta izatea”.

Informazio gehiago:
hut-arkitektura.blogspot.com
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!