Santio jaiei atzera begirakoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko eka. 6a, 10:20

Amasa-Villabonako Udaleko Kultura sailak Santio jaietako materiala biltzen duen erakusketa zabalduko du ekainaren 17an, Gurea zinemako erakusketa gelan. Argazkiak, egitarauak, jantziak, artxiboak... 1622tik hasi eta 90.hamarkada bitarteko materiala izango da ikusgai. Joxean Cubero kultura teknikariak eta Nora Urbizu Kultura zinegotziak eman dituzte azalpenak.

Santio jaiak garrantzitsuak izan dira, beti, billabonatarrentzat. Santiago apostoluari omen eginez, uztailaren 24an hasi eta 31ra bitartean ospatzen dira jaiak: “Gure ustez, urtez urte, Santio jaiek herriaren nortasuna azpimarratzen dute. Koadrilen eguna, esaterako, berezia izaten da. Egun horretan, herriaren dinamika aldatu eta festak parte hartzaileak bihurtzen dira, eta hori oso garrantzitsua da”, adierazi du Kultura saileko bikoteak.

Antzinakoari estimua
Oroimen historikoaren inguruan oraindik lan asko egiteko badago ere, atera diren hainbat argitalpenetan herritarrek izan duten estimazioa hartu dute kontuan erakusketa martxan jartzerako garaian: “Lumane aldizkariak eta Oroimen historikoaren inguruan argitaratutako lanak oso estimatuak izan dira herrian. Gure hasierako asmoa, festetako programen inguruko erakusketa egitea zen. Horrela, Udal artxiboan arakatzen hasi eta 1967tik atzera oso programa gutxi genituela ikusi genuen; materiala, beraz, herritarrei eskatu beharra geneukan. Hari horretatik tiraka, programez gain, beste hainbat material ere erakus zitekeela pentsatu genuen eta horregatik egin genien herritarrei materiala uzteko deialdia”. Dagoeneko 200dik gora argazki jaso badituzte ere ziur daude oraindik egongo dela Amasa-Villabonako etxeetan Santio jaietako material gehiago: “Deialdiaren bidez jendeak erantzun duen arren, eskaera asko zuzeneko harremanaren bidez egin ditugu. Horrez gain, ahoz ahokoak ere oso ondo funtzionatu du eta oraindik ere materiala bildu eta bildu ari gara. Zoritxarrez, ez dugu nahi besteko denborarik izango guztia erreferentzia zehatzekin azaltzeko, baina erakusketaren bidez falta diren datuak osatzea gustatuko litzaiguke. Ziur gaude erakusketan bertan ere jendeak zenbait erantzun emango dituela eta hori da guk nahi duguna, artxibatze lan hau ez dadila amaitu. Erakusketa honek gehiagorako ere balio dezake, eta dagoeneko zenbait ideia ere badarabiltzagu buruan”.

Bilakaera nabarmena
Erakusketaren helburuetako bat herritarrek urteetako eraldakuntza baloratzea eta horren inguruan hausnartzea izango da: “Gaur egun, herritarrak Udalak zer nolako jaiak antolatu dituen ikusi zain egoten dira. Garai batean, ordea, koadrilen arteko elkarlanari esker antolatzen zituzten jaiak, herritarrek herriarentzat egindako jaiak izaten ziren. Pentsa, artxibategian aurkitu ditugun artxiboetan lehen jai batzordeaz XIX.mendean hitz egiten da. Gure helburua, beraz, herritarrek horren inguruan hausnartzea da, hau da, ‘Nork antolatu  behar ditu Santio jaiak?’ galderari erantzutea”.  
Erakusketan ikusgai izango den materialaren bidez urteetako bilakaera nabaria ikus daiteke. “Ni gehien harritu nauena inprobisaziorako zuten abildadea da. Billabonatarrek mozorrotzeko eta imajinaziorako izan duten trebezia izugarria da. Santio jaien bilakaerarik nabarmenena azken 15-20 urteetan eman da, eta hori argazkien bidez ere islatzen da”, adierazi du Nora Urbizuk.

Erakusketaren nondik-norakoak
Ekainaren 17an irekiko ditu ateak Santio Jaietako materiala biltzen duen erakusketak. Ekainaren 29ra bitartean, bisitariak 1622tik 90.hamarkada bitartean egindako 200 argazki baino gehiago, bideo zaharrak eta garai bateko dokumentu eta esku-programak ikusteko aukera izango du: “Duela ehun urteko argazkiak ere bildu ditugu, interesgarriak oso. Besteak beste, oso bitxia da artxiboan aurkitutako XIX. mendeko propaganda. Lumarekin idatzitako gutunetan, toreatzaileek, piroteknia etxeek edota txarangek beren zerbitzuak eskaintzen dituzte. Benetan, gauza ikusgarriak egongo dira”, azaldu du Joxean Cuberok.  Erakusketa kronologikoki sailkatua egongo da, material zaharrenetik berrienera. Argazkiez gain, bideoak ikusteko gune bat ere atonduko dute: “Bideo zaharrekin muntaia txiki bat egin dugu. Horrez gain, esku-programak eskuz esku hondatu ez daitezen, ordenagailuan ikusteko aukera egongo da. Interesgarriak dira, esaterako, garai bateko programetako iragarkiak. Amaitzeko, bisitariak erakusketa aberasteko aukera ere izango du. Falta den informazioa osatu asmoz, erakusketara bertaratutakoek datuak emateko aukera izango dute. Billabonatar batentzat, beraz, ez da alferrikakoa izangoa erakusketara etortzea. Atzera begirada bat izango da, momentu on bat pasatzeko aukera, hain zuzen”, azaldu du bikoteak.

Lanak aurrera darrai
Oraingoa erakustaldi bat baino izango ez bada ere, Kultura saileko arduradunen asmoa materiala biltzen jarraitzea da, bai jaiei dagokiona eta baita beste zenbait arlori dagokiona ere: “Memoria historikoaren munduan gauza asko dago oraindik egiteko. Amasa-Villabonak, adibidez, besteak beste, industria garrantzitsua izan du hainbat urtetan eta hori oraindik aztertzeko dago”.

Erakusketa
Ekainaren 17tik ekainaren 29ra zabalik.
Ordutegia:
Astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:30era.
Larunbatetan, 10:30etik 13:00etara.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!