Hirurehun kilometro, pedalei eraginez

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko eka. 6a, 10:18

Castro Urdialesetik Oviedorako bidea bizikletaz egingo dute Fraisoroko Uliazpiko adimen urriko sei lagunek eta hauei lagunduz joango diren sei begiralek.

Egoitzako egunerokotasunetik ateratzeko eta gizartean integratzeko aukera emanez antolatu zuten lehen bidaia, orain hamasei urte, Fraisoroko Uliazpiko begiraleek. Esperientziarekin gustura, aurten, hamahirugarrenez errepikatuko dute. Ekainaren 14an abiatuko dira Zizurkilgo egoitzatik; sei egunetan, Castro Urdialesetik Oviedora bitarteko ibilbidea egingo dute, bost etapatan banatuta: Castro Urdiales-Santander (67km), Santander-Cobreces (56km), Cobreces-Ribadesella (90km) eta Ribadesella-Oviedo (83km).
Behin ibilbidea eta bidaiara zein begirale joango diren zehaztuta, Fraisoro egoitzako adimen urriko zeintzuk joango diren erabaki behar izan zuten begiraleek: “Beren kabuz egokien moldatzen direnak aukeratu ditugu, sei egunetan alde batetik bestera mugituz eta jendearekin erlazionatuz ibili behar baitugu. Guk gonbidapena luzatzen diegu eta beraiek erabakitzen dute etorri edo ez. Aurten esaterako, lehen aldiz neska bat etorriko da, Itziar Herzog du izena. Gonbitea luzatu genionean pozik eman zuen baiezkoa”, azaldu dute begiraleek. Bidaia hauen helburua, begiraleen hitzetan “oporretan ondo pasatzea da, etxeko egunerokotasunetik ateratzea eta aldi berean, bizikletan ibiltzea. Era berean, beraiek beren buruaren jabe izaten ere ikasten dute, oporretan eurak baitute erabakitzeko ahalmena, beste estatus bat hartzen dute. Horrez gain, bidaia hauek abentura batean murgiltzeko aukera ematen dute. Guztia elkar-banatu beharraz gain, bidaian zehar ezustekoak gerta daitezke eta horiei nola  aurre egin ikasten dugu, besteak beste”.

Erabateko integrazioa
Ibilbidea zehaztutakoan, abiatu baino lehen, bidaian zehar zapalduko dituzten herrietako udal taldeekin jartzen dira harremanetan: “Noiz iritsiko garen, non egin dezakegun lo, zer ikus dezakegun bertan, eta abar galdetzen diegu. Bitxia bada ere, gutxien duten herrietan eskaini dezaketen guztia ematen digute, batzuetan, bisitaldiak, gida eta guzti, ere eurak antolatzen dizkigute. Normalean, herri txikietan, harremana oso gertukoa izaten da. Batzuetan, kiroldegiak, herriko lokalak, eskolak edota aterpetxeak uzten dizkigute lo egiteko. Oso esperientzia polita bizitzen dugu”, adierazi dute begiraleek.
Jabier Gonzalez, esaterako, adimen urriko pertsona da. Urte batean, bidaia Aste Sainduarekin batera antolatu zuten eta prozesioak oso gustuko dituenez, bidaiara  huts egin zuen. Hamabi edizioetatik, ordea, hamaiketan hartu du parte: “Izugarri disfrutatzen du. Bizikletan ibiltzea eta jende berria ezagutzea gustatzen zaio; herrietara iristen garenean bertako jendeari kasu egitea atsegin du. Bidaiaren ondoren, erabat eraberrituta itzultzen da Zizurkilera”, azaldu du bere begiraleak.

Murrizketak
Aurten sei eguneko bidaia egingo badute ere, egindako hamabi edizioetakoren batean, hamazazpi egun pasatzera ere iritsi dira: “Gure hasierako asmoa Donejakue bidea egitea zen, iparraldeko ibilbidea hain zuzen, Castro Urdialesetik hasi eta Santiagora bitartekoa. Krisi egoera dela eta, ordea, ibilbide erdia egiteko aukera soilik izango dugu. Ea datorren urtean jarraipena ematen diogun”, adierazi dute begiraleek. Aipatu beharrekoa da, begirale hauek beren opor egunak erabiltzen dituztela bidaia egin ahal izateko. Joxe Lizaso Fraisoroko Uliazpiko zuzendariak adierazi duenez, “langileek Uliazpiko helburuekiko duten konpromisoaren adibidea da hori. Enpleatu publikoak garenok ere, borondatezko lana egiten dugu.”. Begiraleek adierazi dutenez, bestetik, “ez dugu lan moduan hartzen. Gu ere oporretara joaten gara. Badakigu erantzukizun bat dugula, baina ez  da berdina. Azken finean, interes komunak ditugu”.  

Egun bateko jarduna
Lehen egunean, goizean goiz abiatzen dira Fraisorotik. Jaiki, gosaldu eta furgonetak bizikletekin eta maletekin kargatu ondoren, abiapuntura abiatzen dira: “Bi furgonetatan joaten gara. Batzuetan, bidaiaren arabera, bidean bazkaltzen dugu eta gainerakoan, iritsitakoan. Abiapuntura iritsitakoan, ziklista jantziak jantzi eta lehen etapari ekiten diogu. Etapa amaitzean, herriko jendearekin harremanetan jarri eta lo egingo dugun lekua atontzen dugu”. Datorren egunean ere bidaiarekin aurrera jarraitu beharra  izaten dutenez, goiz samar oheratzen dira. Goizean goiz jaiki eta ibilbidea aztertzen dute: “Gosaldu aurretik, berriz ere furgonetak kargatzen ditugu eta gosaltzen dugun bitartean ibilbidea zehatz-mehatz aztertzen dugu. Normalean, bigarren mailako errepideetan ibiltzen gara; trafiko aldetik lasaiagoak izateaz gain, guk ere gehiago disfrutatzen baitugu. Behin ibilbidea aztertutakoan eta guztia prest izatean, etapari ekiten diogu. Gehienetan bazkal aurretik iristen saiatzen gara. Helmugara iritsitakoan, aurreko egunean bezalaxe, lotarako tokia prestatu eta ondoren, herria bisitatzen dugu. Horrela izaten da gure egunerokoa”, azaldu dute begiraleek.

XIII. edizioa
Lehen aipatu bezalaxe, aurten hamahirugarrenez egingo dute magiaz beteriko bidaia Fraisoroko Uliazpiko lagunek. Batzuk bizikletaren gainean doazenean, beste batzuk furgonetan joaten dira, txandatuz, baina elkarren arteko animorik ez da falta izaten. Orain arte egindako hamabi bidaietan milaka anekdota bizitu dituzte eta zalantzarik gabe ekainaren 14tik 19ra egingo duten honetan ere bilduko dute zer esana. Hainbat urtetako errepikapenek, begiraleek zein protagonistek esperientzia ahaztezina bizitzen dutela adierazten dute. Ea datorrenean ere errepikatzeko aukera izaten duten.  Hona hemen orain arte burututako ibilbide desberdinak:
  • Donejakue bidea: Orreaga-Santiago. 1997, 1998 eta 1999 urteetan.
  • “Via de la Plata” ibilbidea: Sevilla-Gijon. Batzuetan osorik eta beste batzuetan Zamoratik abiatuta. 2003an eta 2008an
  • Cid ibilbidea: Burgos-Valentzia. 2000, 2006 eta 2012 urteetan.
  • On Kixoteren ibilbidea: Gaztela mantxa zeharkatzen duen ibilbidea da. 2002an eta 2005ean.
  • Hiru kulturen ibilbidea: Asturias-Granada. 2009an.
  • Almoravides eta Almohades ibilbidea: Tarifa-Granada. 2004 eta 2010 urteetan.
  • Iparraldeko ibilbidearen zati bat: Castro Urdiales-Oviedo. 2013.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!