Arpanarekin egiten zen lana ikusgai

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko eka. 6a, 10:15

Enborrak luzetara mozteko, arpana erabiltzen zuten antzina. Museoen nazioarteko egunarekin lotuta, arpana eta egurra lantzeko beste zenbait tresnekin erakustaldia egin zuten Larraulen, maiatzaren 18an.

Garai batean egurrarekin nola lan egiten zen erakutsi asmoz, ekitaldi ezberdinak antolatu dituzte azken hilabeteotan Larraulen DINA-7 taldearen ekimenez. Azaroko kultur astean, idien indarra erabili zuten egur enborrak menditik plazara ekartzeko. Gurdi motza erabiliz egin zuten lan hori, garai batean bezala. Maiatzean, berriz, egurra eraldatzeko tresna ezberdinak erakutsi zituzten.
Duela 150 urteko arpana berriz ere bere lana egiten ikusi ahal izan zuten Larraulgo museo ingurura gerturatu zirenek. Eguraldiak ez zuen batere lagundu, baina aterune txiki bat aprobetxatu zuten arpanarekin erakustaldi bikaina egiteko.

Egurrezko egitura
Koldo Jauregi izan da ekitaldiaren bultzatzaileetakoa eta hark eman zituen beharrezko azalpenak: “Enborra luzetara mozteko erabiltzen zen arpana: oholak ateratzeko edota zutabeak prestatzeko. Kultur astean menditik ekarritako enborra museoaren aurrean genuen, ondo lehor zedin, eta enbor huraxe erabili dugu arpanarekin erakustaldia egiteko. Bi gizon behar izaten ziren lan horretarako. Bat enborraren gainean jartzen zen, eta bestea azpian. Arpanarekin lurra ez jotzeko, bi sistema ezberdin erabiltzen zituzten. Batzuetan, egurrez egindako egitura baten gainera igotzen zuten enborra, lurretik pare bat metrora edo. Era horretan, arpanari gora eta behera lasai eragiteko modua izaten zuten gizonek. Beste batzuetan, lurrean zuloa egiten zuten; gizonetako bat zuloan sartuta aritzen zen lanean. Gure erakustaldia egiteko, egurrezko egitura osatu eta enborra gora igotzearen aldeko apustua egin dugu. Ikusgarriagoa da modu honetan”.

Txalaparta ere bai
Museoen nazioarteko eguna aukeratu zuten erakustaldia eskaintzeko. Herritarrek ez zuten aukera galdu nahi izan, nahiz eta eguraldia oso euritsua izan zen. Goizeko 10:30ak aldera, txalaparta doinuekin zabaldu zuten deialdia. Museoaren ondoko zelaian, egitura ikusgarria zegoen: “Bi egunetan osatu genuen. Egurrak elkarri lotu eta ia prest utzi genuen lehen egunean eta bigarrenean, enborra gora igotzeko lanak egin genituen. Oholak ebaki ahal izateko, aurreratu samarra jarri beharra dago enborra eta horrek, kontrapisu lana egingo dion egitura jartzea eskatzen du. Enbor gainean gizon bat ibiliko da lanean eta haren pisua ere kontuan hartu beharra dago. Kate bidezko sistema bat erabili dugu enborrari sendo eusteko”.

Duela 150 urtekoa
Trontzaren antza pixka bat badu arpanak: “Baina trontzak bi norabideetan ebakitzen duen bezala, arpanak zentzu bakar batean egiten du. Duela 150 urte erabili zuten Larraulgo erakustaldirako ekarri dugun hau bera. Gipuzkoako mendietan oso erabilia zen arpana, nahiz eta gaur egun ez den oso ezaguna. Egurra zabaleran ebakitzeko erabiltzen da trontza, arpana, berriz, luzeran mozteko; oholak ateratzeko. Ez da langintza erraza”.

Herritarrak lanean
Bi lagunen indarra erabiltzen zen arpanarekin lanean aritzeko. Koldo eta Josu Jauregi izan ziren Larraulen lanean hasi ziren lehendabizikoak. Josu aritu zen enborraren gainean, eta Koldo, ostera, behean. Ondoren, nahi zuten herritar guztiek izan zuten froga egiteko aukera eta ederki baliatu zuten inguratu zirenek, baita umeek ere. Bideoz grabatu zuten erakustaldia, arpanarekin egindako lanaren lekukotza gordetzeko.

Aitzurra-aizkora
Ikusgarria izan zen arpanarekin egindako erakustaldia, baina ez zen hor bukatu eguneko egitaraua. Trontza edota aitzurra-aizkora nola erabiltzen ziren ere erakutsi baitzuten, besteak beste. Haurrek ere, euren lanak egiteko aukera izan zuten. Amaieran, guztiek elkarrekin hamaiketakoa egin zuten.
Maiatzaren 18an prestatutako oholei erabilera polita emango diete. Ekomuseoaren atarian, eserlakua eta txabola txiki bat jarriko baitituzte; “Jendeari museoa non dagoen iragartzeko erabiliko ditugu”, azaldu du Koldok.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!