Mertxe Imaz erizaina, erorketa datuen aurrean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko eka. 6a, 10:14

2012 eta 2013 urteen artean, Asteasun lan egiten duen Mertxe Imaz erizainak, herritarrek izandako erorketen inguruko datuak bildu ditu. Inkesta baten bidez, datu bitxiak eskuratu ditu.

Europako estatistika datuen arabera, egunero 15.000 helduk medikuaren tratamendua jasotzeko adinako lesioak pairatzen dituzte. Hauetatik 5.500ek ospitalera jotzen dute eta 275 hil egiten dira. Etxeko eta aisialdiko istripuak detektatzeko programaren arabera, 65 urtetik gorako %11,49k jasan dute inoiz istripuren bat.
Datu hauen harira, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, 65 urtetik gorakoek izandako erorketen datuak bildu nahi izan ditu inkesta baten bidez. Inkesta honen helburua, erorketak zerk eragiten dituen, zein profiletako biztanleei eragiten dieten eta hauek saihesteko zer egin daitekeen aztertzea da. Asteasuko datuak, beraz, lehen aipatu moduan, Mertxe Imaz erizainak bildu ditu.
Guztira, 34 asteasuarrek bete dute inkesta: “Nire kontsultara etorritako gehienei galdetu diet ea noizbait erorketarik izan duten. Baiezko kasuan, inkesta betetzeko eskatu diet. Hala ere, nire ustez, inkesta hirian bizi direnentzako zegoen planteatuta. Erorketak non izan diren galdetzerakoan, kanpoaldeari dagokionez, hiri batean aurki daitezkeen guneak aipatzen baitziren”, adierazi du Mertxek.

Datu errepikakorrak
Erorketen datuei erreparatuz gero, datuak errepikatu egiten direla ikus daiteke: “Asteasun izandako erorketarik gehienak etxeko sukaldean edo baratzean gertatu dira eta eroritako gehienak bakarrik bizi diren emakumeak izan dira. Sexuari dagokionez, kontuan izan behar dugu 65 urtetik gorako gizonezkoen heriotza tasa altuagoa dela emakumezkoena baino, beraz, normala da emakumeak gehiago izatea, bizi ere gehiago bizi direlako”.
Eroritakoen kasuan, eragile handienak estropezuak edota desoreka izan dira: “Eroritako gehienek lotarako pilulak hartzen zituzten. Ondorioz, batzuen kasuan, ohetik jaiki berritan jazo dira erorketa horiek. Horrez gain, batzuek ibiltzeko makuluen beharra dute, baina etxean ezer gabe ibiltzen dira. Ondorioz, oreka falta jasan dute eta asko horregatik erori dira. Bestetik, estropezuak ere izan dira eragile”.

Neurri errazak
Erorketa guztiak ekidin ezin badaitezke ere, Mertxe Imazek adierazi duenez, “batzuk saihestu daitezke. Etxean ditugun alfonbra txikiak, esaterako, politak izan daitezkeen arren, batzuen kasuan oso arriskutsuak gerta daitezke. Irristakorrak direnez, estropezu egin daiteke eta, ondorioz, erori. Beraz, erorketen eragile gertatzen diren materialak baztertu egin behar ditugu. Horrez gain, etxeko zapatilen zola batzuetan gastatuta ibiltzen dugu edota zapatilak behar bezala jantzi gabe ditugula ibiltzen gara. Azken bi kasu hauek ere erorketak areagotu ditzakete, beraz, zapatilak ondo jantzita eta zola egokiarekin ibiltzea komeni da”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!