Denboraldi guztietan, urteko sasoi honetan, Gipuzkoako futboleko goi mailatan gertatu ohi denari begira adi-adi izan ohi dira Gipuzkoako gainerako futbol taldeak. Hirugarren mailatik Ohorezko Preferente mailara jaisten diren Gipuzkoako talde kopuruaren arabera erabakitzen dira azpiko mailatako jaitsierak.
Aurten Hirugarren Maila galdu dutenen artean Gipuzkoako talde bakarra dagoenez, Preferente mailako bi ligatan 14. postuan sailkatu diren Urnieta eta Mutrikuarrak taldeen artean jaitsiera bat erabaki behar zen. Azken bi asteburuetan, mailari nork eutsi eta maila nork galdu joan etorriko bi partidetan erabaki da.
Zozketa bidez lehen partida Mutrikun jokatu zen, eta bigarrena Urnietan. Igor Bere Urnietako KE futbol ataleko antolatzaileak Aiurriri adierazi dionez, “Urnietako lehen taldea motibazio handiarekin joan zen. Aste horretan joaneko partida ederki prestatu zuten eta horrela lortu zuten 1-3ko emaitza. Partida hasi eta berehala lortu zuten lehena, gerora iritsi ziren beste biak”. Markagailuak 0-3koa adierazten zuenean iritsi zen mutrikuarren gola. Partida hartan Imanol, Xuban eta Endika izan ziren goleatzaileak.