Gutxi gora-behera, hiru ordu laurdeneko iraupena izango du eta amaitu ostean mokadutxo bat hartzeko aukera izango dute gerturatzen direnek.
Idazle sarituarekin batera, sari-emate ekitaldian izango dira Ana Carrere Andoaingo alkatea eta Eusko Jaurlaritzako zein Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak. Horrez gain, Mikel Hernandez Abaitua idazleak Martuteneri eta egilearen literatu ibilbideari buruzko hitzaldi laburra egingo du. Andoaingo Lorratzak musika taldea izango da ekitaldia ireki eta itxiko duena.
Saizarbitoria, bigarren aldiz
Ramon Saizarbitoriak bigarren aldiz jasoko du irakurleek hautatzen duten sari hau, orain arte Beterriko Liburua literatur aipamena bezala ezagutu dena eta aurrerantzean 111 Akademiaren Saria izango dena. Idazle donostiarrak 2000. urteko Beterriko Liburua saria eskuratu zuen Gorde nazazu lurpean liburuarekin.
Aurten, berriz, akademiakideek Martutene izendatu dute iazko libururik gogokoen, nagusitasun handiz gainera, Saizarbitoriak lehenengo bozketa txandan bertan eskuratu baitu saridun izendatzeko behar zuen boto kopurua.