Oposizioa hondakinen kudeaketa aztertzeko mahaian izango da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mai. 24a, 10:50

Andoaingo birziklapen-tasa handitzeko helburuarekin, aurreko astean Ana Carrere alkateak “etorkizuneko hondakinen kudeaketa aztertuko duen mahaia” sustatuko duela iragarri zuen. Mahai horren osaketa hurrengo asteetan burutuko zela iragarri zuen ere, udal ordezkariek eta eragileek osatuko dutena.
Aurreko astean gobernu taldearen ikuspegia azaldu ondoren, Aiurri oposizioko alderdiekin harremanetan jarri da haien jokabidea zein izango den jakiteko.

Udal gobernuaren gonbidapenari baiezkoarekin erantzun diote PSE-EEk, EAJ-PNVk eta PPk.

Oposizioko lehen indarra PSE-EE da eta haren izenean Maider Lainez zinegotziak gune edo foro horren ideia sozialistena dela dio, “proposamenak ez gaitu harritu, izan ere ideia hori gurea da, apirilaren amaieran aurkeztu genuen mozioak hori jasotzen baitu. Mozio hartan herri mailan jarduteko plana adostea eskatzen genuen”. Andoain herriak orain arte bezala jarraitu behar duela dio, “orain arte bezala, edukiontzi itxiekin eta kalean txukun jarrita. Birziklagarri eta konpostagarri den hondakina jasotzeko sistema onena da”.

Atez atekoa saihesteko sozialistak “borroka egiteko prest” daude. Udalak deitu duen mahaian parte hartuko dute, “birziklapenean eta bilketa selektiboan aurrerapausoak ematea” beharrezko ikusten   dutelako.

Andoni Baltasar buru den EAJ-PNV alderdiak zera adierazi du, “gure alderdiak jarrera baikor eta eraikitzailea erakutsi du beti, eta oraingo honetan ere horrela izango da: ideiak eta proposamenak aurkeztuz. Eratu nahi den mahai horretan, gainerako agente eta alderdiekin batera esertzeko asmoa adierazten dugu. Baina argi finkatu behar dira mahai horren helburuak eta egitekoak”.

Andoaingo udalbatzak gehiengo osoz bosgarren edukiontzia berretsi eta onartu zuela gogora ekarri nahi izan dute jeltzaleek, “mahai horren sorrera edukiontzi marroiaren ezarpenari bultzada emateko, konpromiso zehatzak hartzeko, kokapenak-epeak finkatzeko, kontzientziazio kanpainak martxan ipintzeko eta bideragarritasun tekniko-ekonomikoa hobesteko baliagarria iruditzen zaigu”.

Asun Guerra PPko zinegotziak Aldundiak eta Udalak sustatu duten birziklapen birari babesa eman zion, eta mahaian izango dela baieztatu du. “Bilduk zaborren gaiarekin agintzen duen hainbat udaletxeetan eta Aldundian ika-mika ederra sortu du. Atez atekoarekin euren boto-emaileekin ere arazoak izaten ari direnez, mahai horren osaketa auzi honen inguruko eztabaida baretzeko modu bat da, bide batez herritarren partaidetza sustatzen ari direla adierazteko. Andoaingo alderdi popularrak osatuko den mahai horretan parte hartuko du”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!