Andoaingo Udalaren egoera ekonomiko zaila azaltzeko herri batzarrak deitu dituzte hurrengo astean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mai. 23a, 18:57

Udal gobernuak auzo batzarrak antolatu ditu datorren asterako Udalaren egoera ekonomikoaren berri emateko.

Gobernu taldearen adierazpena:

“Udal gobernua arduratuta dago arlo ekonomikoa azken sasoian erakusten ari den joerarekin, eta horren haritik, hainbat bilera izan dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun saileko arduradunekin.

Egoeraren inguruko erabateko larritasuna, legegintzaldi hasieratik bistakoa bazen ere, oposizioko kideek 2013ko aurrekontuei ezezko borobila ematearen ondotik etorri da. Udal gobernuak duela gutxi adierazi zuen agerraldi baten bitartez oposiziokoek diru kontuen inguruan izandako blokeo jarrera. Aurrekontu proposamena hasieratik egon da ekarpenetara irekia, baina lehen saiakeren ondotik egindako ahaleginek ere ez dute fruiturik eman; oposizioko alderdien ezezkoaren arrazoia ezagutu gabe jarraitzen dute udal gobernuko kideek.

Egoera larria da oso, azken sasoian udal gobernuak Udalaren egoera ekonomikoa hobetu eta sosegatzeari begira proposatu dituen neurri guztiei bizkar eman baitiete, Udalaren jarduna kinka larrira eramanez. Baina are larriagoa da egoera honen erantzulea aurreko legegintzaldietan egindako politikak direla kontuan hartzen badugu. Gastuak neurrigabe igotzen zihoazen bitartean, diru-sarreren gehikuntzan izugarrizko prebisio falta egon zen legegintzaldi horietan; orduko udal gobernuko kideak horren jakitun baziren gainera, orain bezala 2009an ere Diputaziora sostengu eske jo behar izan zuten. Deskalabru horri, hortaz, egungo blokeo egoera batzen badiogu, egoeraren larritasunaren mailaz jabetu liteke edonor.

Horren haritik izan dira udal gobernuko ordezkariak Diputazioko Ogasun ordezkariekin bilduta, hurrengo bide-orria zehazteari begira. Herritarrei egoeraren berri emateko ardurari helduz, auzo batzarren bidez azkeneko urteetako bilakaera eta egungo datuen zein hurrengo urratsen berri emateko asmoa du udal gobernuak”.

Batzarrak datorren astean izango dira:

  • Maiatzak 27, astelehena. 18:30, Kotoi elkartean (Etxeberrieta auzoa).
  • Maiatzak 31, ostirala. 18:30, Berrozpe ikastetxean (Kaletxiki auzoan).
  • Ekainak 1, larunbata. 10:00, Bastero kulturgunean (areto nagusian).

Udal gobernuak herritar guztiak animatu nahi ditu batzarretara gerturatu daitezen. Epe laburrean hartu beharreko erabakiek Udalaren etorkizuneko jarduna markatuko dute, beraz, ezinbestekoa da auzokide guztiek egoeraren berri jakitea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!