Hasierako urratsak Itziarren amaren eskutik eman zituzten, izan ere, Valeria Iparragirre goi mailako hockeyan ibilitakoa da. Realeko talde nagusiko partiduak ikustera eramaten zituen Valeriak eta pixkanaka, bi neskatoek belar hockeyarekiko zaletasuna garatu zuten. Iazko irailean, 2004an jaiotako neskei eman zieten hockey eskolan izena emateko aukera eta Iraiak eta Itziarrek ez zuten zalantzarik egin. Bertan ari da geroztik.
Astean bi entrenamendu egiten dituzte. Astelehen arratsaldetan derrigorrezko saioa izaten dute eta ostegunetan, berriz, borondatezkoa. Itziar bi saioetara joaten da, Iraia ordea, astelehenetan baino ez, izan ere, ostegun arratsaldetan Pello Errota ikastetxeko multikirol jardunean aritzen baita.
Bidaiak eta materiala
Donostiako Bera Bera zelaian egiten dituzte entrenamentu saioak. Zortzi urte dituzte Iraiak eta Itziarrek eta ondorioz, gurasoen laguntza behar izaten dute entrenamenduetara joateko. “Gure gurasoak txandakatzen dira bidaietan, horrela ez da horrenbesteko lana”, azaldu dute. Belar hockeyan ibili nahi dutenentzat, materiala izaten da beste kezka nagusia. Sticka edo makila eta Realeko kamiseta taldean bertan ematen dizkiete jokalariei. Behar duten gainontzeko guztia kirolariek erosten dute; galtzak, hortzetarako babeslea, hanketako babesak,... Segurtasunari arreta handia jartzen diote entrenatzaileek, izan eren, kolperen bat hartzeko arriskua baitu kirol honek. Makilarekin edo pilotarekin hartutakoak izaten dira kolpe ohikoenak. Iraiak eta Itziarrek, ordea, ez dute momentuz minik hartu izan.
Txapeldunen harrobia
Entrenatzaileari dagokionez, oso pozik azaldu dira Iraia eta Itziar. “Gure entrenadore nagusia Poli Guajardo da, Realeko nesken taldeko kapitaina eta nazioarteko selekzioan maiz ibiltzen dena. Lucia Ybarra da taldeko bigarren entrenatzailea. Berak izan zuen Realaren garaipena ekarri zuen jaurtiketa egiteko ardura. Haiekin batera Julian aritzen da, Realeko talde nagusiko entrenatzailea. Hirurek ere, izugarri gozatzen dute hockeyaz”. Duela bi aste, estatuko ligako txapeldun izan ziren Realeko neska nagusiak Madrilgo Casa de Campo taldearen aurka jokatutako azken partidan. Partida ikustera joan ziren Itziar eta Iraia euren taldekideekin. Taldearen harrobi diren gaztetxo horiek pozik ospatu zuten nagusien garaipena.
Fisika eta teknika
Gaztetxoen entrenamendu saioak gogorrak izaten dira. Hasieran arlo fisikoa lantzen dute, gero teknikoa eta bukaeran partidatxoak egiten dituzte. Kirol korapilatsua da hockeya, teknika handia eskatzen duena eta arau asko dituena. Pixkanaka trebatzen dira jokalari gazteak eta Iraia eta Itziar gogotsu ari dira lan horretan.
Hockey eskolaren eta taldearen helburu nagusia ez da lehiatzea; kirola ezagutzea, taldea osatzea eta hockeyarekiko zaletasuna piztea baizik. Hala ere, lagunarteko partidak jokatzen dituzte tarteka. Otsailean, esaterako, Getxoko Jolaseta taldearen kontra aritu ziren Donostian: “Guk baino esperientzia gehiago zuten eta urtebete zaharragoak ziren, baina hala ere, hiru partiduetatik bat irabaztea lortu genuen”. Ekainean bisita itzuliko diete eta Bizkaia aldera hurbilduko dira taldeko kideak partidurako. Gogo handia erakutsi dute Realeko gaztetxoek norgehiagoka horretarako, izan ere, hilabetetotan euren jokoa asko hobetzea lortu dutenez, irabazteko aukera badutela uste baitute.
Etorkizuna, gogoz
Etorkizunari begira, gogotsu azaldu dira bi lagunak. Hurrengo urtean hockeyean jarraitzeko asmoa azaldu dute biek ere, nahiz eta orduan, derrigorrezkoa izango den astean bi entrenamendu saio egitea. Beste zaletasunen bati uko egin beharra suertatzen bazaie ere, hockeyari eusteko asmoa dute Iraiak eta Itziarrek. Zorte on!