Larramendi Bazkuna, erronka berrien aurrean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mai. 23a, 17:22

Euskal kultura eta euskara sustatu, suspertu eta biziberritzearren sortu zen Manuel Larramendi Kultur Bazkuna. Hogei urteko ibilbide oparoa eginda, erronka berrien aurrean dago orain.

Jon Unanue Manuel Larramendi Kultur Bazkuneko lehendakaria da. Hark eman ditu orain arteko ibilbidearen inguruko azalpenak: “Gure elkartearen berezitasun handiena eskualde mailakoa izatea da. Sorrera prozesuan murgildu ginenean, oso garbi genuen ez genuela herri bakarreko elkartea nahi. Euskalgintzan aritzeko elkarlanean aritzea ezinbestekoa zela iruditzen zitzaigun, eta horregatik jo genuen eskualde mailako elkartea sortzera. Hasiera batean Beterri-Aiztondoko sei herritan hasi ginen lanean eta urte batzuk geroago, Urnietara zabaldu ginen. Gure dinamikak baina, Euskal Herri mailako hainbat ekimen martxan jartzera eraman gaitu”.

Ekimenak eta erronkak
Hogei urteko bidea bete zuen Bazkunak joan zen urteko urrian. Ekimen asko izan ditu martxan 1992ko azaroaren 5ean sortu zenetik. “Gure ekimenik ezagunena, zalantzarik gabe, Aiurri aldizkaria izan da. Beterri-Aiztondon Aiurri hamaboskaria kaleratzen dugu 1994 urteaz geroztik, eta 2004an  Aiurri astekaria sortu genuen Andoainen eta Urnietan banatzeko. Aiurri aldizkaria, ordea, ez da ekimen bakarra izan: argazki liburuak, bestelako liburuak, Lumane edo Atzoko Andoain eta andoaindarrak gisako proiektuak...”.
Hogei urteotan erronka handiak izan ditu Larramendi Kultur Bazkunak: “Kosta egin zaigu eskualdeko euskaltzaleengana iristen. Guk uste baino jende gutxiago hurbildu da guregana lanerako prest eta nahi baino bazkide gutxiago dugu. Ez dakigu zehatz zein izan daitekeen horren arrazoi nagusia. Politikoki oso zabala da gure elkartea, eta baliteke horrek bere eragina izana”.

Botila erdi hutsik
Hogei urte hauen balorazioa egin du Jon Unanuek: “Orokorrean, gure ibilbidea positiboa da, gauza asko egin dugulako euskararen eta euskal kulturaren alde. Hala ere, gure jomuga eta helburuak ez ditugu erabat ase, botilaren erdia ere ez dugu bete oraindik. Hogei urte ez da denbora asko eta, hainbat gauza dugu egiteko”.
Etorkizunera begira, erronka nagusi bat azpimarratu nahi izan du Jon Unanuek: “Euskalgintzan aritzeko gogoa eta borondatea geroz eta txikiagoa dela iruditzen zait. Oso lan gutxi egiten da euskara bizkortu eta sustatzeko. Belaunaldi berriak ez zaizkigu gerturatzen eta belaunaldi zaharrak ahitzen ari dira. Horrek guztiak bete-betean eragiten dio gure elkartearen langintzari. Alde horretatik, gure erronka nagusia jende berria erakartzea da. Horrez gain, euskara biziberritu eta sustatzeko ekimenak antolatzeko garaian, ondo asmatzea izango da beste egiteko nagusia. Euskara sustatu eta biziberritu nahi badugu, funtsezkoa baita herritarren inplikazioa eta parte hartzea lortzea. Horretarako, asmatu egin behar da pizgarri izango diren ekimenak sortzen. Euskara lehenetsiko duen mugimendu orokorra sortu beharra dago gaurko gizartean”.

Zeharkako lerroak
Pizgarriak aipatuta, Larramendi Bazkunak eskuartean duen ekimena aipatu du Jonek: “Euskarari dagokionez, zeharkako lerroak erabili behar direla iruditzen zait. Andoaingo Gudua herri antzerkia, esaterako, herrian txertatzea lortzen badugu, hizkuntzaren inguruko lerroa ere landuko dugu; euskara izango baita ekimenaren ardatz nagusietakoa. Horrez gain, eta zeharkakotasun horren beste muturrera joanda, datorren urteari begira badugu beste asmorik: izan ere, gure eskualdean ezin baita notario aurrean euskara hutsezko dokumenturik sinatu. Gai horren inguruko kanpaina zabala jarri nahi dugu martxan, notaritzak, jabetza erregistroak, etab. ukituko dituena, sinesgaitza baitirudi gaur egun oraindik ere gure burua egoera horretan ikustea. Euskarak hizkuntza bizia izan behar du”.

Aiurrik etorkizunik bai?
1994an sortu zen Aiurri hamaboskaria udal guztiekin hitzartuta. Aiurrik egindako ibilbidearen inguruan hitz egin du Jon Unanuek: “Aldizkariaren sorreran Udalekin sinatutako hitzarmen horretan garbi genion gure azken helburua astekari bat egitea zela. Hilabetekariarekin hasi ginen, baina hiru urte baino lehen hamaboskarira salto egin genuen. Hortik aurrera ezin izan dugu maiztasuna handitu. Horren arrazoia garbia da; 2000 urtean Egunero sortu zen Tolosaldean, gerora Hitza izan dena. Eguneroren sorreran ez zuten aintzakotzat hartu Larramendi Bazkuna eta Aiurri aldizkaria, eta zenbait bilera egin bagenuen ere, ez genuen akordiorik lortu. Horrenbestez, hedabide bakoitzak bere bidea egin du geroztik; Hitzak alde batetik eta Aiurrik bestetik. Bi hedabideok eskatu izan diegu diru-laguntza eskualdeko Udalei urteotan guztiotan eta guk behintzat arazo handirik gabe jaso izan dugu, gure hitzarmena indarrean baitzen. Ezinezkoa izan zaigu, ordea, Aiurri astekaria izan zedin lortzea, eskualdeko udalek ezin zigutelako jada horretarako behar genuena adina igo dirulaguntza. Arazo hori berritu egin zaigu orain; krisi latz baten barnean gaude eta oso zaila da udal batek eremu bereko bi hedabideri dirua ematea. Kontua da Tolosaldean mugimendu berria sortu dela eskualdeko komunikabide guztiek elkarrekin lan egin dezaten; hitzarmena sinatu eta enpresa bat sortu dute, azken orduan, dirudienez, 28 Kanala telebista hortik kanpo gelditu den arren. Guri dagokigunez, berriz ere Larramendi Bazkuna eta Aiurri ez dituzte aintzakotzat hartu; inor ez da gurekin harremanetan jarri.
Kezka handiz ikusten ari gara etorkizuna momentu honetan. Aiztondoko Udalek hitz eman digute 2013an diru-laguntzak emango dizkigutela, baina argi adierazi digute euren ezinegona, ezin dutelako jarraitu bi hedabideri diru-laguntza ematen. Krisi egoera honetan, ulertzeko modukoa da hori. Momentuz ez dakigu oso ondo zein izango den Tolosaldean sortutako enpresa horren lan egiteko modua eta hori argitutakoan, guk ere gure bidea zein izango den erabaki beharko dugu. Udalei garbi adierazi diegu guk ahal den bitartean Aiurriren alde egingo dugula, etorkizuna ikusten diogula, hain zuzen ere, jaiotzaz eskualde mailako hedabidea delako, baina ez dakigu garbi nolakoa izango den etorkizun hori”.

Diru-laguntzak, behera
Elkarteak jasotzen dituen dirulaguntzen inguruko azalpena ere eman du Jon Unanuek: “Erakunde guztietan jaitsi zaizkigu dirulaguntzak, bai Foru Aldundian, bai Eusko Jaurlaritzan, baita eskualdeko Udaletan ere. 2012 urtean, esaterako, urtea ia 12.000 euroko galerarekin bukatu dugu. Kopuru hori behin galtzea jasangarria izan daiteke, baina joera mantentzeak pikutara joatea ekar dezake. Kezkaz ikusten dugu etorkizuna; batetik krisi ekonomikoa oso larria delako, bestetik partaidetza eta eragiletza krisia ere oso sakona delako. Horren guztiak, ondorioz, proiektu osoa pixkanaka itzaltzea ekar dezake”.

Hogei urtetan, hamaika ekimen
Eskualde mailako ekimenez gain, proiektu nazionalak ere antolatu ditu Larramendi Bazkunak hogei urteko ibilbidean. “Tartean aipa daitezke Euskal Herriko literaturazaleak biltzen dituen 111 Akademia, urtero egiten den literatur sariketa, Rikardo Arregi Aldizkaritegia edota zenbait urtetan antolatutako Euskal Herrian Barrena ekimena, besteak beste”, azaldu du Jonek. Hona hemen Bazkunak landutako ekimenen zerrenda:
    Rikardo Arregi Aldizkaritegia (1994—).
    Santa Ageda bezperako erronda,  Andoainen (1994—).
    Aiurri, Beterri-Aiztondoko hamaboskaria (1994—).
    Aiurri, Beterri-Buruntzako astekaria (2004—).
    Aiurri Aipamen bereziak (2007- 2011).
    Aiurri aldizkariaren webgunea (2007—).
    Haur emanaldiak.
    Aiurri txiki, haurrei zuzendua (2007—).
    Saiakera bilduma (1994—): Manuel Larramendi, bizitza eta obra; Gerra zibila andoaindarren begietatik; Rikardo Arregi: gizona eta garaia; Julian Lizardi, martiri asteasuarra; Beterriko kantak; Begi golpea: Teodoro Hernandorenaren biografia; Larraul, historia baten hasiera; Fraisoroko amak, Fraisoroko haurrak.
    Manuel Larramendi Ikerketa Saria.
    111 Akademia/Beterriko Liburua (1997—).
•    Beterriko Liburua literatur saria (1997).
•    Beterriko Liburua aldizkaria (1998).
•    Beterriko Liburua literatur solasaldiak (2002—).
•    Irakurri, gozatu eta oparitu; irakurzaletasuna sustatzeko ekimena.
•    111 Akademia webgunea (2007—).
    Lekukotzak bilduma: Otso beltza; Salve Regina; Axeri Dantza; Berez behar Villabonakoa!; Migel Otegi, Txinako zizurkildarra; Pepe Andoain; Herio; Errebotea...
    Atzoko Andoain eta andoaindarrak (1998).
    Lumane (2004); Amasa-Villabona.
    Film laburren zirkuitua. (2008-2011).
    Euskal Herrian Barrena. (2002—).
    Kulturen Arragoa.
    Argazkiak bilduma. Beterri-Aiztondoko erretratu zaharrak (2002); Urnietako erretratu zaharrak (2006); Amasa-Villabonako erretratu zaharrak (2007).
    Beterriko Bertsolari Txapelketa (2008-2011).
    Andoaingo bertso eskola (2010—).
    Iñistor jaia Urnietan (2007—).
    Santomas eguna Urnietan (2009—).
    Liburuaren eguna Urnietan.

Denboran zehar jarraipena izan duten ekimenez gain, proiektu puntualagoak ere antolatu izan ditu Bazkunak:
    Artisautza erakusketa Asteasun (1996).
    Euskara bihar? Soziolinguistika mintegia (1999).
    Elkartasunaren zozketa (1999).
    Ikastaroak.
    Euskararen erabilera behatokia (1994-1998).
    Bertsolari jaialdiak.
    Omenaldiak (Pello Errota, 1994. Martin Ugalde, 1997…).
    Andoaingo Algodonerako emakumeei omenaldia (2007).
    Andoaingo kaleen izendegia finkatzeko proposamena (2003 eta 2006).

Etorkizunerako egitasmo berriak:
    Oroit, Andoaingo erretratu zaharren liburua.
    Andoaingo Gudua; herri antzerkia.
    Teodoro Hernandorena ikusentzunekoen saria.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!