Dagoeneko hamar urte baino gehiago dira Pello Errota ikastetxeko kideak Tuterako Argia Ikastolako kideekin elkartrukea egiten hasi zirenetik. Lehen Hezkuntzako seigarren mailan dauden ikasleekin burutzen dute truke hori: “Proiektu hau martxan jarri zenean, hemengo haurrek gaztelania ikasteko beharra zutela ikusten zen eta hangoek, berriz, euskara ikastekoa. Beraz, euskara eta gaztelaniaren arteko trukea ere badela esan daiteke”, azaldu du Aitor Atxega Pello Errotako zuzendariak.
Aurrez, harremanak
Elkartrukea bat-bateko harremana izan ez dadin, elkarren arteko ezaguera ikasturtean zehar sendotzen dute: “Aurten esaterako, bi ikastetxeek elkarrekin Alzuzan egin genuen egun pasa, Jorge Oteizaren museoan. Horrez gain, ikasturtean zehar, bloga dela eta, harreman hori mantendu egiten dugu”. Harreman honi esker, haur bakoitza noren etxera joango den erabakitzen dute irakasleek: “Ikasturtean zehar, euren gustuak ahalik eta egokien uztartzen diren bikoteak osatzen joaten gara, ondoren, etxeetan ere eurek eroso egon daitezen”.
Asteasuko haurrak hiru egunetarako joaten dira Tuterara. Eskola orduetan, ikastolak berak antolatutako ekintzak egiten dituzte; aurten adibidez, Tutera, Bardeak eta Sendaviva natur parkea bisitatu dituzte. “Gure haurrak bertako haurren etxeetan egoten dira ostatu hartuta eta irakasleok, berriz, irakasleen etxeetan. Eskola orduetatik kanpo, beraz, haur bakoitzak ostatu hartuta dagoen etxeko dinamikara egokitu behar du. Oso gustura ibiltzen dira. Proiektu interesgarria da hau. Izan ere, hemen euskara indarra galtzen ari den bezala, Erriberan, gaztelaniazko familia elebakarretatik euskaldunak ari dira sortzen”, adierazi du Aitorrek.
Asteasutik Tuterara joan ondoren, tuterarrak etortzen dira Asteasura. Hilaren 20an etorri ziren eta asteasuarrek ekintza interesgarriak prestatu zizkieten nafarrei: “Itsasoa urrun geratzen zaienez, egun batean surfa egitera joan ginen; beste batean Ernioko haitzulo batera eta azkenik, Koldobika Jauregiren Urmara museoa bisitatu genuen”.
Elkartrukearen garrantziaz
Hamar urte hauetan hainbat harreman sortu da Asteasu eta Tuteraren artean: “Euskal Herriaren kontzeptua haurrei gogorarazteko balio du, besteak beste. Hizkuntzari dagokionez, hona etortzen direnean konturatzen dira hemengo gehienek euskaraz egiten dutela eta hemengo asko euskaraz bizi direla. Horrez gain, batua ez den euskara batean hitz egiten dutela ere konturatzen dira. Haurraren heziketari dagokionez ere, proiektua oso interesgarria da, autonomia eskuratzeko balio baitu”.
Nafarroa Oinezen alde
Hirugarren aldiz ospatuko da Nafarroa Oinez Tuterako Argia ikastolaren alde, aurrez, 1995ean eta 2002an ospatu baitzen. Argia ikastolak 1984an, bost ikaslerekin eman zituen bere lehen pausoak. Orduz geroztik hazten joan da eta gaur egun, 250 ikasle izatera iritsi da. Aitor Atxegak adierazi duenez, “guztiz erdalduna den Nafarroako zatian Ikastolek ez dute Gobernuarengandik diru-laguntzarik jasotzen eta ondorioz, euskarazko heziketa jasotzea oso garestia da. Nafarroa Oinezi dagokionez, urte guztiko antolaketa lana izaten da eta irakasle eta gurasoen kopuruak mugatuak direnez, esku bat botatzea erabaki dugu. Gure ikasleak ere bertan bizi duten egoera ekonomiko larriaz jabetu dira, eta horregatik lagundu nahi izan diegu Nafarroa Oinezeko produktuen salmentan”. Maiatzaren 9an hasi eta hilaren 17ra bitartean Asteasuko eta Larraulgo Pello Errota ikastetxearen atarian ibili dira ikasleak saltzaile lanetan.