Juan Isasti, irakasle eta apaiz 50 urtean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mai. 23a, 17:19

1937ko urtarrilaren 11n jaio zen Juan Isasti Zendoia Zizurkilgo Elbarrena auzoan. Apaizgintzako ikasketak egin ondoren, 1963an apaiztu zen. Aurten, beraz, urrezko ezteiak ospatuko ditu.

Jaiotzez zizurkildarra bada ere, bizitzaren zatirik handiena Amasa-Villabonan igaro du Juan Isastik: “Gu umeak ginenean elizarik ere ez zegoen Elbarrenan eta ondorioz, eskolara eta dotrina ikastera Villabonara joaten ginen. Lagunak ere, Villabonakoak nituen gehienak”. Hamalau urte bete zituenean, apaiz ikasketak egitera joan zen Saturrarango seminariora: “Gurasoei apaiz izateko nahia adierazi nien eta halaxe, 1951 urtean joan nintzen Saturraranera. Bertan, gaztetxoak egoten ginen eta oso oroitzapen onak ditut. Leku ona zen hura, itsaso iskinean. Irakasleak ere oso jatorrak egokitu zitzaizkigun. 1953an, berriz, Donostiako Seminario berria ireki zuten eta hara joan behar izan genuen. Kirol asko egiten genuen han. 1958an taldea osatu eta futbolean, seminarioko txapeldun izan ginen”. Hamabi urteko ikasketen ondoren, 1963ko San Migel egunean eman zuen, lehenengo aldiz, meza berria: “Ikasketa zorrotzak izaten ziren. Nirekin batera, urte berean, beste 58k ekin zien ikasketei eta 50. urteurreneko ospakizunean bederatzi bakarrik geunden; 59 horietatik bost, hilak. Beste guztiek ez zituzten amaitu ikasketak”, azaldu du Juanek.

Apaiztu eta Arrasatera
1963an, orduan Villabonako apaiza zen On Eugenioren lekua hartu zuen Juanek: “On Eugenio Alemaniara joan zen eta bere ordez, urtebete egin nuen Villabonan apaiz. Askok geratzeko eskatu zidaten, baina nik nire burua aurkitu nahi nuen eta ezetza eman nuen. Orduan, Arrasatera izendatu ninduten eta bertan bi auzotan ibili nintzen apaiz, Santa Agedan eta Garagartzan hain zuzen”. Hilabete gutxi batzuen ondoren, herriz aldatzeko asmoa adierazi zioten: “Dagoeneko jendearekin harreman polita egin nuen eta gustura nengoen Arrasaten, ez nuen beste inora joan nahi. Orduan, Jose Maria Arizmendiarrietak, Mondragon Kooperatiben sortzaileak, Lanbide Heziketan klaseak emateko proposamena egin zidan eta onartu egin nuen. Gustura aritu nintzen han”, azaldu du Juanek.

Etxea auzolanean konponduz
Arrasaten etxe zahar handi batean egon zen Juan ostatu hartuta: “Euri garaian, itoginez betetzen zen. Auzokoek hori jakitean, denon artean konpondu genuen etxea, auzolanean. Horrez gain, etxea niretzat oso handia zenez, zati bat egokitu eta auzoko jendea egoteko zentro bat egin genuen. Oso oroitzapen onak ditut Arrasaten, pentsa, oraindik ere batzuekin mantentzen dut harremana”.

Arrasatetik betirako Amasa-Villabonara
1967an, On Epifanio Garmendiaren eta Ikastolako Batzordeko hainbaten eskariz, Amasa-Villabonara etorri zen Juan. Helburua, Ikastola martxan jartzea: “Zentrora etorri nintzen ni, Oinarrizko Batxilergoko ikasketak eskaintzen ziren Jesusen Bihotza Ikastetxera. Nik, Erlijioa, Gramatika eta Latina irakasgaiak irakasten nituen. Eta bitxia zen, baina latinean ondo ibiltzen zena matematiketan ere ondo moldatzen zen, latina oso hizkuntza logikoa baita”. Juan izan zen Villabonako Jesusen Bihotza Ikastolaren sorrerako partaideetako bat.

Jesusen Bihotza Ikastolaren sorrera
Garai hartan, 1967an, hiru ikastetxe zeuden Villabona eta Zizurkilen: Jesusen Bihotza eta San Jose Ikastetxeak Villabonan eta Santio Ikastola Zizurkilen. 1972-73 ikasturtean, Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko (OHO) lege berriaren arabera, Santio Ikastolak Jesusen Bihotza eta San Jose Ikastetxeekin fusionatu behar izan zuen. Aipatutako lege honek ikastetxe pribatuak, gutxienez, zortzi unitate eta berauei zegozkien zerbitzuak edukitzera behartzen zituen. Baldintza hauek betetzen zituen ikastetxe bakarra Jesusen Bihotza Ikastetxea zenez, baldintzak betetzen ez zituzten San Jose Ikastetxeak eta Santio Ikastolak Jesusen Bihotza Ikastetxearekin bat egin behar izan zuten. Elkartze honen ondorioz sortu zen, beraz, Jesusen Bihotza Ikastola. “Ikastola sortu aurretik, guztia gaztelaniaz irakasten genuen, baina ikastolaren sorrerarekin Euskara irakasgai gisa eskaintzen hasi ginen. Denborak aurrera egin ahala, euskara hutseko eredua, D eredua sortu zen. Poliki-poliki ikastola hazten joan zen eta egun, matrikula kopurua topera dabil”, adierazi du Juanek.  Guztira 30 urtetik gora igaro ditu Juanek Ikastolan: “2000 urte inguruan utzi nion Ikastolako zuzendari eta irakasle izateari. Gogoan dut, oraindik, zein agur hunkigarria egin zidaten bertako ikasle eta irakasleek”.  Ikastolako irakasle izateaz gain, 1985ean, Irakaskuntzako Gotzain Ordezkari izendatu zuten Juan Isasti. Azken kargu hau betetzen oraintsu arte aritu da.

Hezkuntzaren aldaketa
Irakaskuntzan bizi izan dituen urteetan zehar aldaketa sakonak antzeman ditu Juanek: “Irakaskuntzaren kontzeptua aldatu egin da, batik bat, irakasleak ere aldatu egin direlako. Gaur egun, irakasleak askoz ere prestatuago daude, baina legeari dagokionez, mutur batetik bestera joan gara. Hau da, lehen botere guztia irakaslearengan zegoen, baina orain, askotan, ikasleak dira irakaslearengan indarra dutenak eta administrazioak hori ez du aldatuko. Horrelako kasuetan, etxeko giroa oso garrantzitsua izaten da. Bestetik, gaur egungo krisia dela eta hezkuntzak murrizketa handiak jasan ditu eta egun, jendeak zerbait azpimarratzen badu, horiek hezkuntza eta osasuna dira. Bestalde, Hezkuntza Ministerioa eta Delegazioa ez dira benetako aldaketa bat egiten saiatu. Gobernu aldaketekin batera, hezkuntzan aldaketak egoten dira eta hezkuntzarekin ezin da horrela jolastu. Hezkuntzak denen adostasuna behar du”.

“Ni ez naiz apaiz tradizionala izan”
Bere apaiz ibilbide guztian Juan irakaskuntzan jardun da gehienbat, Arrasateko Lanbide Heziketan lehenik, eta Villabonako Ikastolan eta Irakaskuntzako Gotzain ordezkari gisa ondoren. Juanek adierazi duenez, “ni ez naiz apaiz tradizionala izan, sekula ez bainaiz Estatuaren kontura  bizi izan”. Apaizak ondo bizi direnaren mitoari erantzunez, berriz, halaxe azaldu du: “Niri apaizak ederki bizi garela esaten didan orori hala esaten diot: ‘Primeran motel, badakik zer egin behar duken!’”.

Egunerokotasuna
Villabonara itzuli zenean, Jesusen Bihotza parrokian egunero ematen zuen meza. Urte batzuen ondoren, igande goizetan ematen hasi zen eta orduan egin zuten Santiago Egoitzaren Amasa-Villabonako zaharren egoitzaren kargu: “Oso maitea dut Santiago Egoitza. Oraindik ere egunero joaten naiz bertakoei bisita egin eta meza ematera eta ahal dudan guztian jarraituko dut”, adierazi du Juanek. Egunerokotasunari buruzko hizketaldian gizarteari ere kritika txiki bat egin dio: “Krisia dela eta, bizi poza galdu egin dugu. Alde guztietan arazoa besterik ez dugu ikusten. Gizartearen aldetik erreakzioa behar da”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!