Segundo Montes komunitatea hazkundean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mai. 23a, 10:54

Hogei urte bete dira Zizurkil Segundo Montes komunitatearekin anaieratu zenetik. Laguntzari esker, hogei urte hauetan hainbat proiektu gauzatu da komunitatean. Hezkuntza sistemako koordinatzailea den Lelin Venturak eta ‘Che Guevara gazteen elkarteko’ kide den Basilia Ramosek hogei urteotako bilakaeraren eta egungo egoeraren berri eman dute.

Zer da Segundo Montes komunitatea?
Lelin Ventura:
Segundo Montes komunitatea El Salvadorreko ipar-ekialdean kokatzen da. Komunitatea bost departamentutan banatua dago eta guztira 6000 biztanle inguruk osatzen dugu. Basilia eta biok Meanguera herrian bizi gara. Bestalde, komunitatearen izena Segundo Montes, Valladoliden jaiotako jesuita bategatik datorkio. 1980ko hamarkadan Gerra Zibila jasan zuen El Salvadorrek eta gerra denbora, salvadortar askok, Hondurasko esparru militar batean pasa genuen. Gerra bukatzear zegoela, itzulerako operazioa antolatzen hasi ziren, ezkutuan. Antolakuntza lanetan ari zirela, Segundo Montes jesuitaren bisita jaso zuten eta honek El Salvadorrera itzultzeko konbentzitu zituen bertakoak. Horrela, 1989ko azaroaren 25erako hitzartu zuten itzulera. Azaroaren 16an, ordea, El Salvadorreko indar armatuek Segundo Montes apaiza erail egin zuten, beste zazpi lagunekin batera, tartean zen Inazio Ellakuria bizkaitarra. Segundo Montesen omenez, itzulerako data aurreratu eta azaroaren 18an burutu zuten. Lehen operazio hartan 320 lagun itzuli ziren El Salvadorrera; denborarekin, gehiago.

Zein izan da eskualdeko laguntzari esker, urte hauetan komunitateak izan duen bilakaera?
Basilia Ramos:
Hondurastik itzultzean gure herrian ez zegoen ezer. Nazioarteko laguntzari esker, baina, urte hauetan ezer ez izatetik azpiegitura asko izatera pasa gara. Etxeak eta eskolak eraiki dira, saneamenduko hainbat obra egin da eta ur edangarria bideratu da. Makroproiektu hauek guztiak Euskal Fondoak bideratuta egin dira. Azpiegiturez gain, aipatzekoa da gure artean, Euskal Herriaren eta Segundo Montes komunitatearen artean, sortu den laguntasun edo anaitasuna.
L.V.: Eskolen arteko anaieratzea ere oso aipagarria iruditzen zait. Goizean teoriako klaseak ematen ditugu eta arratsaldez, etorkizunean baliagarriak izango zaizkien tailerrak egiten ditugu. Tailer hauetan, eskulanak egiten ikasten dute, josten, adibidez. Eredu hau hemengo eskoletatik jaso dugu eta gaur egun, gure eskola, Henry Ortiz ikastetxea, eredugarria da El Salvadorren. Henry Ortiz, Zizurkilgo Pello Mari Otaño ikastetxearekin anaieratuta dago eta hona etorri behar dugun bakoitzean haurrek irrikaz idazten dituzte eskutitzak hemengo ikasleentzat. Batzuek gainera pertsonalizatuak idazten dituzte: “Nik Amaiari idatziko diot” esaten dute. Idazteaz gain, marrazkiak ere egiten dituzte non bizi diren azalduz. Era berean, Pello Mari Otañoko ikasleek, urtean zehar landutako baratzetik jasotako produktuak Zizurkilgo azoka berezian saltzen dituzte eta ondoren, diru hori guri bidaltzen digute.

Nolakoa da egunerokotasuna Segundo Montesen?
B.R.:
Oso etxekoa. Goizeko lauretan esnatu eta emakumeok guztia martxan jartzen dugu: gosariak, haurrak eskolara joateko prestatu, etxeko lanak egin... Lanera joaten diren emakumeek goizeko 8:00etatik arratsaldeko 16:00ak bitarteko lanaldia izaten dute. Lanera joaten ez direnak, berriz, etxeko martxaz arduratzen dira eta aldian behin, ordaindutako lantxoren bat ere egiten dute. Gizonezko gehienak, aldiz, soroan aritzen dira lanean eta 15:00ak inguruan itzultzen dira etxera. Horixe izaten da eguneroko jarduna. Emakumea da haurrak hezi eta hazten dituena. Emakumea da familiaren eta gizartearen zutabe nagusia, eta horretaz harro gaude.
L.V.: Segundo Monteseko sendi gehienak AEBetan duten semeari esker bizi dira.

Aurtengo Maiatza Saltsanen helburua 1500? biltzea da. Diru horrekin bost gaztek goi mailako ikasketak egin ditzaten lortu nahi da. Laguntzarik gabe zaila al da Segundo Montesen  ikasketak egitea?
B.R.:
Ikasketak batxiler arte egiteko aukera daukagu. Amaitu ondoren, bi aukera izaten dira: etxean geratu eta bertan lagundu edo AEBetara joan ikasketak burutzera. Azken aukera hau gauzatzeko ahalmena oso jende gutxik du eta asko eta asko etxean geratzen da. Orain, Che Guevara gazteen elkartearen bidez Lanbide Heziketarako institutua jarri dugu martxan eta hau ikasten jarraitzeko beste aukera bat izan liteke. Bertan, Ingenieria Zibileko Teknikaria edota Ostalaritza eta Turismo Teknikaria ikasketak burutu daitezke. Momentu honetan, Güeñesko udaletxearen bitartez lortutako beka bati esker, hamar gazte ari dira ikasketak burutzen. Aurtengo helburua, beraz, Aiztondori esker bost gaztek ikasteko beka horiek lortzea da. Gazteak gogotsu eta oso motibatuta daude.
Azken urteotako arazoetako bat haurdunaldiak dira. Neska asko eta asko batxilerra baino lehen haurdun geratzen da,  horrek ez die ikasteko aukerarik ematen eta ondorioz, “emakumearen betiko rol”-ean geratzen dira. Badirudi poliki-poliki jendea ikasten ari dela eta metodo antikontzeptiboen erabilera hazten ari dela, baina oraindik batzuek senarrarengandik ezkutuan ibili behar izaten dute antisorgailuak hartzerako garaian.
L.V.: Urtetik urtera gero eta orekatuago dagoen arren, orain arte gizonezkoak ziren AEBetara ikastera joaten zirenak. Orain, ordea, poliki-poliki nesken eta mutilen arteko desoreka hori berdintzen ari da.

Zer sentitzen da Aiztondo eskualdea laguntzen ari dela ikustean?
L.V.:
Guretzat oso garrantzitsua da. Urteotan eskainitako laguntzari esker proiektu asko gauzatu dugu, besteak beste, hemengo laguntzari esker daukagu ura. Guk jasotzen dugun elkartasuna, itxaropenaren argi bat da. Aiztondok beste herrialde baterako funtsak ateratzea oso adierazgarria da guretzat, are gehiago krisi garaian.
B.R.: Aspaldi esan ziguten gure komunitateak besteen eredu izan behar zuela. Orain harrotasunez esaten dugu nongoak garen. Hemendik jasotako laguntzari esker atera gara aurrera. Hona etortzean etxean bezala sentitzen gara, familiakoak bagina moduan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!