Birziklapen bira eskualdean barrena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mai. 23a, 10:49

Tolosaldeko Mankomunitateak, 28 herrietan zehar, birziklapen bira antolatu du. Bira honen helburua herritarrak birziklatzera animatzea da. Dagoeneko, Zizurkil, Amasa-Villabona, Larraul eta Asteasu bisitatu ditu.

Tolosaldeko Mankomunitatea zero zabor norabidea jarraitu nahian ari da lanean. Filosofia honen helburua ahalik eta hondakin gutxien sortzea eta sortzen den hori ondo sailkatua izatea da. Datuen arabera, Tolosaldean, biztanle bakoitzak 345 kilo zabor sortzen du urtean eta horietatik %75 zabortegietara eramaten da, hots, %25a bakarrik birziklatzen da. Urtero, beraz, 15,4 mila tona eramaten dira Tolosaldetik Sasietako zabortegira. Ondorioz, Sasieta agortzen ari da. Eneko Maiozek, Tolosaldeko Mankomunitateko kide denak adierazi duenez, “gure etxeetan sortzen den zaborra aztertuta, %90a  birziklagarria dela ohartu gara. %50a organikoa da eta beste %40a, berriz, paperek, kartoiek eta ontzi arinek osatzen dute. Beraz, %10a soilik da birziklagarria ez dena. Egun, ordea, birziklagarria dena ere zabortegira botatzen dugu Tolosaldean”.

Biraren nondik-norakoak
Birziklapen bira honetan, birziklatzearen garrantzia eta ez birziklatzearen kaltea azaldu nahi du mankomunitateak. Horretarako, erakusketa ibiltaria eta tailerrak antolatu ditu. Erakusketa ibiltaria Zizurkil, Amasa-Villabona eta Asteasuko plazetan zehar ibili da, baita Andoaingo Zumea plazan ere. Erakusketa herritarrei irekia egon da eta ikastetxeetako ikasleen bisitak ere jaso ditu.
Iluntzetan, hitzaldi-tailerrak eskaini dituzte eta bertan azaldutako datuen arabera, Europako araudiak 2014rako zabortegiak itxita egotea eta 2016rako sortutako zaborraren %60a birziklatzea exijitzen du. 2020an, bestetik, ezingo da birziklagarria den ezer erraustu. Egungo egoera azaltzen duen hitzaldiaren ondoren, birziklatzerakoan sortzen diren hainbat zalantza argitu dituzte teknikariek, adibide errealekin, bertaratutakoekin “jolas” moduko ariketa bat eginez. Amaieran, birziklatzearen inguruko informazioa banatzeaz gain, berrerabilpenarekin lotutako opari bat ere jaso dute tailerretan parte hartu dutenek.

Datozen hitzorduak
Dagoeneko birziklapen birak eskualdeko txoko gehienak bisitatu dituen arren, hilaren 25ean, goizez, Andoaingo Goikoplazan izango da erakusketa ibiltaria eta hilaren 27an, arratsaldez, Adunan.

Mundumob ekimena
“Eman hartu nahi duzun mundua” lelopean, Mundumob, Gipuzkoa zeharkatuko duen ekimena da. Lehen saioa Orendainen egin zuten maiatzaren 4an. Poliki-poliki Gipuzkoan barrena murgilduko da. Hilaren 11n, eskualdeko hainbat ordezkarik, Adunan egin zuten ekimenaren aurkezpena.
Mundumoben helburua herritarrak printzipio nagusi baten inguruan biltzea da: “Guztiok daukagu mundua aurreko belaunaldiek jaso zuten aukera berdinekin jasotzeko eskubidea, eta ondorioz, guztiok daukagu mundua hurrengo belaunaldiei jaso dugun aukera berdinekin uzteko bete beharra. Iraunkortasunaren aldarrikapena da, azken finean, egingo duguna. Horrekin batera, eskutik eskura ibiliko dugun mundu bolak lagunduko digu ekimenean emango dugun mezua zabaltzen”, azaldu zuten, Adunan egindako aurkezpenean.
Horren harira, eta eskualdeko herriak Zero Zabor herri bihurtzeko nahiarekin, maiatzaren  19an, Mundumob ekimena burutu zuten Adunan, Zizurkilen eta Amasa-Villabonan: 11:30ean, 12:30ean eta 13:30ean izan ziren saioak hurrenez hurren. Bertaratutakoek, aurrez prestatutako dantza bat eskaini zuten. Ekitaldi nagusia, eta Gipuzkoa guztiko jendea bilduko duena, ekainaren 8an, larunbatarekin, burutuko da Donostian.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!