Leitzarango turismo aktiboaren gunea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mai. 17a, 19:50

Foru Aldundiak Buruntzaldea aukeratu zuen naturan oinarritutako turismoa bultatzeko Gipuzkoako estrategiaren aurkezpena egiteko. Jon Peli Uriguen Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismoko diputatuak eta herri askotatik etorritako alkateek agerraldia egin zuten Leitzarango bisitarien etxean.

Aurkezpen hori baliatuz, Buruntzaldeko udalek elkarrekin abian jarri duten turismo aktiboa sustatzeko gunea aurkeztu zuten. Eskualde mailako garapen agentziaren bitartez, turismoari bultzada ematea erabaki dute eta dagoeneko egitasmo zehatza martxan jarri dute: Leitzarango turismo aktiboaren gunea.
Ana Carrere Andoaingo alkateak eman zituen argibideak, eskualdeko udal ordezkarien izenean: “Leitzaran haranean sei hilabetez egitasmo berri bat gauzatuko dugu, Lanbidek sustatu duen Enplegu plana baliatuz. Natura eta lana uztartuz, gazteen formakuntzan sakondu eta turismoa sustatzen ahaleginduko gara”. Dagoeneko langabezian dagoen gazte talde bati formakuntza eta lana eskaintzen zaie, eta era berean turistek naturgunean kirol jarduerak egiteko aukera izango dute. Egitasmoa Ur enpresari esleitu diote, Lanbidek eta Buruntzaldeko sei udalek finantzatu dutena, hots, Usurbil, Lasarte-Oria, Urnieta, Hernani, Astigarraga eta Andoain.
Turismo aktiboa deitzen dioten eremu horretan, kirol jarduera ezberdinak eskaintzen ari dira naturgune ederrean. Besteak beste, dagoeneko bizikletan ibilbideak eskaintzen dituzte eta nahi izate aldera gida batek lagundutako irteerak antolatu daitezke ere. Eskualdeko informazio zabala eskuragarri ipini dute bertara hurbiltzen diren turistei begira.
Urdaibain edota Piriniotan naturari eta kirolari loturiko egitasmoez arduratzen den Ur enpresak Andoaingo aurkezpenean adierazi zuenez, etorkizun hurbilean urarekin loturiko jarduerak eskaintzea ere ez dute baztertzen, hala nola, erreka jaitsierak piraguan egitea.

Informazioa:
943 300 929 / info@leitzaran.org
www.leitzaran.org
www.ur2000.com


Naturan oinarritutako turismoari bultzada
Jon Peli Uriguen Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza Landa Garapen eta Turismoko diputatuak, Gipuzkoako hamar turismo agentzietako ordezkariekin eta Donostia Turismorekin batera, gure lurraldean turismoa bultzatzeko ematen ari diren pauso berriak aurkeztu zituen Andoaingo Leitzarango Parkean, “Gipuzkoako hamar eskualdeak, Donostia Turismoa eta Foru Aldundia gaude. Denok ari gara elkarrekin lanean, mahai berean, Gipuzkoako Turismo Mahaian, hain zuzen. Eta proiektuak eta ekimenak partekatzen ditugu. Aldundiak aurten 420.000 euro bideratuko ditu eskualde turismoko agentzietara eta Donostia Turismoaren sustapenera. Gipuzkoan instituzio ezberdinetako ordezkariek turismoa sustatzeko garaian naturari garrantzia emateko erabakia hartu dugu. Gastronomia beti izan da garrantzitsua Gipuzkoan, baina naturguneak behar bezala aprobetxatzen jakiteak gure ondarea indarrean jartzea ekarriko digu. Gipuzkoan naturgune ikusgarri ugari ditugu eta hori ezagutarazten asmatu behar dugu, gipuzkoarrengandik hasita. Mendi garaiak ez ditugu beharbada, baina baliabide aberatsak ditugu beste moduko turismoa bilatzen duen turistarentzat. Abenturari edo naturari lotutakoa adibidez, jakinda gainera sektore hori urtez urte goruntz doala ikusita. Berlineko azoka batean sari bat eman ziguten, eta han ikusi genuen natur turismoa mundu mailan goruntz doala. Horri indarra ematea gure lehentasunetakoa izango da”.
Diputatuak bere adierazpenean keinu bat egin zien Buruntzaldeko udalei, “elkarlanaren ondorio da hemen aurkeztu dena”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!