ELA eta LAB sindikatuen greba deialdia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mai. 17a, 19:49

Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak eta mugimendu sozialek datorren maiatzaren 30erako Greba Orokorra deitu dute. Buruntzaldean ELAk eta LABek agerraldi bana egin zuen eskualdeko eragileak eta herritarrak greban parte hartzera deitzeko. Egungo politika ekonomikoa gogor gaitzestearekin batera, Eskubide Sozialen Gutunaren alde egin dute.

 “Aginte ekonomikoak gehiengoa pobretzea erabaki du”

ELA sindikatuak egindako agerraldiaren hasieran 2009. urtean iragarri zutena bete egin dela adierazi zuen, “orduan geniona bete egin da. Ez badituzte beste politika batzuk ezartzen langileok ordainduko dugu, gurea ez den krisia eta bizi nahiz lan baldintzak okerrera joko dute. Beste politika batzuek egin ez dituztenez, Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak eta mugimendu sozialek, Maiatzaren 30erako Greba Orokorra deitu dugu”.
Hilabete honetakoa Euskal Herrian azken lau urteetan deitu duten seigarren greba orokorra izango da.
Galtzaileen itxaropena omen da mobilizazio eta greba orokorra, “gure lan eta bizi baldintzak estu hartzea erabaki dute eta horretan dihardute, erabat temati. Krisiaren aitzakian, aginte ekonomikoak eta kapitalarenak herritarren gehiengoa pobretzea erabaki du, gutxi batzuen mesedetan.
Gainera horretan bidelagun topatu dituzte agintari politikoak haien esanei burumakur eta adeitsu obeditzen dutelarik. Politikak, tamalez, uko egin dio gizarte orekatua eta solidarioa garatzeari. Horregatik hartzen eta garatzen dituzte neurri ekonomiko guztiak jendarte gehiengoaren aurkako neurri bidegabeak dira. Urte askotako borroka luzeen ondorioz lorturiko eskubideak galbahe mehetik pasa eta oraindik geratzen den apurra suntsitzen ari dira. Benetan ikaragarria da. Alternatiba dugulako, beste politika batzuk derrigorrezkoak direlako maiatzak 30 bitartean greba alternatiba sozializatuko dugu, lantokietan, herrietan eta gizartean oroar. Greba orokorrak klase borrokak indarrean dirauela eta gure interesak defendatzen ditugula gogorarazteko eta indarrak biltzeko balioko digu. Planto egiteko garaia delako, politika neoliberalaren funtsa biluztu eta haiei aurre egiteko garaia delako, beste politika batzuk posible direlako Euskal Herrian”.
Zehazki, ELAk zerga politika zehatza zuzena eskatzen du: “Euskal alderdi politikoek baztertu egin dute fiskalitate politika zuzena gauzatzea eta gizartearen zati handi batek hau larrutik ordaintzen du. Erreforma estrukturalak behar ditugu”.
Pentsioetako murrizketak ere ekidin behar direla uste dute, “pentsioak begiz jo, erretiratzeko adina 67 urtera igo eta prestazioak murriztu nahi dituzte. Honek guztiak bankuei egiten die mesede, pentsio-funts pribatua negozio aukera bikaina baita”.
Eskubide Sozialen Gutunaren alde ere egiten du ELAk, “Eskubide sozial eta laboralen errespetuan eta justizia sozialean oinarrituko den eredu berri baten eraikuntzaren alde egingo duen”.

 

 “Kalera ateratzera deitzen diegu herritarrei”

Erreformen aurka, “politika berria egitea babes sozialari dagokionez eta ekonomia erreala suspertzeko”. Aldarrikapen hauen inguruan egin du bat Buruntzaldeko LAB sindikatuak, maiatzaren 30erako euskal gehiengo sindikalak deitu duen greba orokorrarekin. Politikak benetan aldatzea, burujabetza eskuratu eta herritarren benetako parte hartzea bideratzea eskatzen dute.
Burutu beharreko aldaketak, “prozesu sozial baten emaitzak izango dira” diote LAB-etik. Eta prozesu horri begira, bi tresna eskura dituztela aipatzen dute: batetik, “akordio sozial zabalak eraikitzea”. Zehazkiago esanda, “aurreneko akordio handia Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna izatea proposatzen dugu”. Eta bigarrenik, “mobilizazioa eta borroka soziala”. Horren harira deitu dute, maiatzaren 30erako greba orokorra. Egun horretan, “kalera ateratzera deitzen diegu herritarrei. Bizi dugun egoerari ahalik eta erantzunik sendoena ematera deitzen ditugu langileak”.
Europa mailako eta estatu mailako ekonomiari lotutako politikari kritika gogorra egiten diete greba deialdian, “miseria zabaltzea eta pobreziara kondenatzea ez da derrigorrezkoa, hautu politiko bat da. Eta zoritxarrez, hori da nagusitu den hautua gobernuetan, hori da nagusitzen den politika instituzioetan aurrekontuetan, behin eta berriro ikusten ari garenez. Gobernuak aldatzen dira baina politikak berdinak izaten jarraitzen dute, herriaren kontra eta herriaren kaltetan hartzen diren erabakiak direla jakinik ere.
Greba deitu dugun eragileok etengabe eta hamaika modutan mobilizatu gara azken urteetan gertatzen ari den guzti honen kontra. Eta instituzioetan dagoenari begiratuz, ez dugu inolako zalantzarik: gauzak benetan aldatzeko dagoen bide bakarra borroka soziala sendotzea da, mobilizazio soziala indartzea”.

Eguerdian Donostian, arratsaldez Andoainen eta Hernanin
Hernanin duen egoitzan aurkeztu zituzten aurreko astean maiatzaren 30erako deituriko mobilizazioak. Ohi bezala, eguerdian hiriburuan burutuko da manifestazio nagusia. Arratsaldean, udalerrietan deitu dira protesta hitzorduak. Hauek dira iragarri dituzten mobilizazioak:

  • 12:00    Manifestazioa Donostian. Hiru zutabe: Gros, Antiguo eta Anoetatik. Buruntzaldeko herritarrei Anoetara gerturatzeko deia egiten zaie.
  • 18:00    Manifestazioak Buruntzaldeko herrietan: Usurbil, Lasarte-Oria, Hernani eta Andoainen.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!