“Diskriminazio horren funtsean aurreiritziak eta ezjakintasuna daude, sistema heteropatriarkala baitaukagu, eta berdintasun printzipioaren aurkakoa da –printzipio horren arabera, pertsona guztiak berdinak gara eta eskubide berberak ditugu, gure orientazio sexuala edo genero-identitatea edozein dela ere–“
Manifestuak jarraitzen du: “Egia da azken urteetan aurrerapauso handiak lortu dituztela LGTB taldeek mendebaldeko herrialde asko eta askotan, berdindu egin baitira zenbait lege eta eskubide”. Dena dela, Udalaren esanetan, “oraindik ere badago zer lortu gizartean (jendartean), esaterako, orientazio sexualaren ondorioz sortutako indarkeria, munduko hainbat herrialdetan eragiten diena lesbiana, gay, bisexual, transgenero eta intersexualei”.
Urnietako Udalak idatzian nabarmentzen du gaur egun, “joera heterosexual, binarista eta heldua posible den arau bakar gisa” aurkezten dela, eta gainerako aukerak errudun gisa agerrarazten direla. “Mendebaldeko sexualitatearen eskuliburua mugatuta dago, beraz, eta onargarritasun soziala, legitimitate morala eta legezko eskubideak galarazten dizkie gainerako sexu praktikei eta identitateei”, erantsi dut Urnietako udal ordezkariek.
Manifestuan azpimarratzen dute LGTB taldeen barruan “ageri-agerikoa” dela jendaurrean adierazpen afektibo-sexualak egiteko beldurra. “Gay, lesbiana, transexual, bisexual eta transgenero eta intesexualek askotan intimitatean eta sekretupean baino ez dituzte egiten adierazpen afektibo-sexualak eta identitatearekin lotutakoak, mendeetan zehar jasandako errepresioaren beldur”
Ikastetxeetan ere ikasleak baztertzen dira sexu-orientzarioa dela-eta
Ikastetxeetan ere agertzen da errealitate hori, eta hala erakusten du Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak (IVEI-ISEI) landutako Ikaskideen arteko tratu txarrak Lehen Hezkuntzan eta DBHn txostenak. Izan ere, DBHko ikasleen % 10 baino gehiagok dio ikaskide bat, bere sexu-orientazioari, bere harreman afektibo eta sexualei edo bere identitateari buruzko esamesen bidez, etengabe baztertu duten kasuak ikusi dituela.
Urnietako Udalaren aburuz, ikastetxeetan, harremanen eta interakzioen bitartez ikasten da, eta herritar guztiak ikastetxean egoten dira, hain zuzen ere, beren sexu- eta genero-identitatea eratzen hasten diren adinetan. “Ikastetxeak espazio pribilegiatuak dira ikasle guztiekin lan egiteko, begirada inklusibo, demokratizatzaile eta hiritar (herritar) batekin, gay, lesbiana, transexual eta bisexual, transgenero eta intersexualen aurrean—hots, gizartean (jendartean) nagusi eta arau diren genero-patroiak betetzen ez dituzten pertsonen aurrean— ez dadin egon aurreiritzirik, gaitzespenik eta aurkako jarrerarik”.
Hezkuntzak eraldaketak egiteko duen ahalmenaren jakitun, Urnietako Udalak hezkuntza-komunitateei eskatzen die genero-ikuspegia eta sexu-dibertsitaterako ikuspegia sar ditzatela ikastetxeko plangintza-tresnetan (ikastetxeko hezkuntza-proiektuan, proiektu kurrikularrean, programazioetan...); halaber, irakasleei eta familiei eskatzen die sexualitateari, generoari eta sexu-orientazioari buruzko prestakuntza har dezatela, eta ikasleei eskatzen die jarrera kritikoa izan dezatela eta modu aktiboan erantzun diezaietela sexismoari eta homofobiaren, lesbofobiaren, transfobiaren eta bifobiaren adierazpen guztiei.
Horretarako, Urnietako Udalak manifestu hau aldarrikatzen du eta dei egiten die hezkuntzako erakundeei, eskola-kontseiluei, guraso-elkarteei eta gizarte (jendarte) osoari manifestu honen alde agertzeko, eta konpromisoa hartzeko, jarraian adieraziko diren premisak aintzat hartuta, herria bidezkoago eta berdintasunezkoago bat eraikitzeko. Premisak hauek dira:
1. Herritar guztiak errespetatzea, haien orientazio sexuala eta genero-identitatea edozein dela ere.
2. Pertsonen duintasuna eta osotasun fisikoa —estatuetako gobernuen legeen bidez bermatu beharrekoak biak— errespetatzea. Espazio publikoan eta, bereziki, hezkuntzaren arloan ematen diren adierazpen homofobo, lesbofobo, transfobo eta bifoboak irmotasunez kondenatzea.
3. Mundu osoan erabat despenalizatzeko eskatzea, hori baita herritar guztien artean benetako sexu askatasuna eta berdintasuna egotearen seinale. Bereziki kondenatzea LGTB taldeko pertsonen aurkako heriotza zigorra oraindik ere sexu-askatasuna despenalizatu ez duten herrialdeetan, eta zigor horren aurka egitea.
4. Transexualitatea despatologizatzeko eta DSM eta CIE psikiatriako eskuliburuetatik kentzeko eskatzea.
5. Espazio publikoan eta bereziki hezkuntzaren arloan egindako adierazpen afektibo-sexualen eta genero-identitateen ikusgaitasuna errespetatzea.
6. Lanerako, hezkuntzarako eta aisialdirako guneak erabiltzeko eskubidea bermatzea, sexuaren edo genero-identitatearen ondoriozko inolako diskriminaziorik gabe.
7. Aukera sexual eta genero-identitate bakoitzaren irudi duina sustatzea komunikabideetan, bai eta agerraldi kulturaletan, sozialetan, artistikoetan eta, bereziki, hezkuntzaren arlokoetan.
8. Gizarte anitzago, ireki eta integratzaileago baten alde lan egiteko esperientziak eta jarrerak sustatzea, gizarte bat non orientazio afektibo-sexuala eta genero-identitatea ez diren inorentzat oztopo izango.
9. Sexualitate anitzerako bidea egitea, mitorik gabe, konparaziorik gabe, inposiziorik gabe, eta sexualitate askearen —aukera eta orientazio sexualerako eta genero-identitaterako askatasuna barne— aurkako jokabide guztien kontra egitea.