Nagore Arizaga Bera Berarekin txapeldun

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mai. 16a, 13:35

Egundoko denboraldia osatu du Bera Bera eskubaloi taldeak kopa, Super Kopa eta liga irabazi ondoren; Nagore Arizaga andoaindarrak parte handia eduki du horren denboraldi biribila irten zedin. Ospakizunak eta harrera ekitaldiak pilatzen joan zaizkie azken egunetan jokalariei, eta Nagore, ahotsa urratuta duela azaldu da Aiurriri eskaini dion elkarrizketara.

Nola doaz ospakizunak?
Eromena izaten ari da Cantabriatik itzuli ginenetik. Larunbatean afaria genuen zain Donostian, eta lasterka iritsi ginen hara. Atarian, makina bat kazetari eta kamera topatu genituen, denboraldi osoan ez bezala. Gauean parranda egin genuen, loari bizpahiru ordu eskainiz. Hurrengo goiza, igandea, nahiko lotua eduki genuen: Real Sociedadeko hockey taldearen azken partida ikustera joan ginen jokalari guztiok, haiek ere liga irabazteko atarian baitziren. Haiekin ederki ospatu genuen eguna, azken urte honetan elkar ezagutu eta lagunak egin baikara. Arratsaldean, berriz, Hondarribira, Bidasoaren igoerako finala ikustera. Pena izan zen horiena, asteburua biribildu ezinik geratu baitzen gipuzkoarrontzat.
Astelehenean, berriz, Diputazioan eta Donostiako udaletxean harrera ofiziala egin ziguten. Asteazkenean entrenamendua genuen, eta nik uste hor hasi ginela normaltasunera itzultzen.

Cantabriako azken partidako irudiak ikusita, ederki ospatu zenutela dirudi...
Hura ere izugarria izan zen. Zaletu ugari joan zen gurekin, tartean nire guraso eta aiton-amonak. Erreka Peñako kideek ere zarata ederra atera zuten. Bukatu zenean, urte guztiko tentsio hori askatzeko unea iritsi zen, eta saltoka, garrasika eta txanpaena edanez ospatu genuen garaipena.
Biharamunean goizean, Eli Pinedok eta biok, kioskoetara abiatu ginen laster asko, egunkari guztiak erostera ea zer jartzen zuten. Azaletako argazki handietan, Castroko kantxan, han azaltzen ginen ero moduan ospatzen. A ze lotsa sentitu genuen gure burua irudietan ikustean! Baina, tira, horrelako garaipenak ez dira egunero lortzen, eta datozenean, barruan gorde diren emozioak askatzea tokatzen da.

Ez da pagotxa hiru lehiaketa irabaztea denboraldi berean. Alaitasun une asko bizituko zenituen urtean zehar...
Esango nuke hiru une izan ditugula aparteko gogoz bizitu ditugunak, ederki kostata iritsi baikara horietara. Lehena, Europako errekopa izan da, Poloniako Vistal Laczpol kanporatu genuenean; han 12 goleko aldea atera ziguten. Bidebietan, ordea, historikotzat jo daitekeen aldea ateratzea lortu genuen. Bigarrena, kopa izan zen; asteburu batean, hiru partida ezin biziaagoen ostean eskuratu genuen kopa. Eta hirugarren unea, noski, larunbatekoa izan zen.

Non egon da arrakastaren sekretua?
Liga hasieran askok faboritotzat ematen gintuzten, baina gero hori kantxan erakutsi behar izaten da. Oso plantilla motzarekin hasi ginen (14 jokalari bakarrik) eta gainera taldearentzat oso garrantzitsua zen Veronica Cuñak belauna puskatu zuen agudo. Reyes Carrerek eta Tati Garmendiak oso planifikazio ona egin dute, eta bistan daude emaitzak.   
Bestalde, oso giro ona daukagu jokalarien artean eta hori nabaritzen da gero kantxan.

Amaitu al zaizue denboraldia?
Ez. Asteburu honetan Euskadiko Kopa daukagu zain; gazteenek jokatuko dugu. Eta ondoren, Euskadiko selekzioarekin Galizara noa. Ez dakit zein egoeratan iritsiko naizen lehiaketa horietara, baina ondo jokatuz esan nahi nioke agur denboraldiari.

Beheko mailatan, txikitatik nabarmendu izan zara jokalari bezala. Bera Beran apalago ibili zara orain arte...
Progresioan noala iruditzen zait. Bera Beran lehenengo urtean ia geldirik egon nintzen, sorbaldatik operatu baininduten. Bigarrengoan, partidatako azken minutuetan hasi nintzen sartzen kantxara. Aurten minutu gehiago eduki ditut jokorako, gol batzuk ere sartu ditut, eta oso gustura amaitu dut.

Zentral titularra izan den Eider Rubiok erretiroa hartu du, zu zara haren tokia hartu beharko lukeena...
Ez dakit zer esan... Nitaz gain badira jokalari bikainak postu horretarako.
21 urte beteko ditut laster, eta asko daukat ikasteko.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!