Sahararen egoera gogoan antzezlana Basteron

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mai. 15a, 19:23

Ane Huitzik antzerkia beti izan du gogoko, eta Lasarteko Kukuka taldeko kidea da aspalditxotik. Talde horrek Isiltasunaren ahotsa bere azken muntaia dena eskainiko du Basteron, ostiral honetan. Hurria Sahara elkarteak antolatu du emanaldia, 3 euroko sarrera jarrita.



Kiroldegiko harrerako langile gisa ezagutzen zaituzte askok Andoainen. Harrituko dira antzezten ikusten zaituztenean…
Ane Huitzi: Asko dira, bai, harritzen direnak. Ez dute espero horrelakorik nigandik. Eta grazia pixka bat ematen dit jendea hurbiltzen zaidanean esanez: ¨ez genuen zure alderdi ezkutu hori ezagutzen¨. Aurreko asteburuan, esaterako, taldekoek antzerki saioa geneukan Lasarten. Tartean andoaindarrak zeuden, eta zera galdetzen zidaten: ea benetan Ane kiroldegikoa ote nintzen...

Nolaz murgildu zinen antzezpenaren munduan?
A.H.: Esango nuke txikitandik datorkidala antzezteko sena. Ikastetxeko kanpaldietan, inauterietan… eta antzeko momentuetan kanporatzen nuen barrenean sentitzen nuen grina hori. Orain hamaika bat urte Lasarteko Landaberri ikastolako zenbait gurasok ikasturte amaierarako antzezlanaren bat antolatu genuen, eta ikusita harrera ona eduki zuela eta guk ere gustura jardun genuela, Kukuka antzerki eta dantza taldea osatzea erabaki genuen. Harrezkero, urtero ikuskizunen bat sortzen dugu. Batzutan umorea, bestetan gai serioagoak jorratzen ditugu.

Zer ikusiko du ostiralean Basterora hurbiltzen den ikusleak?
A.H.: Saharako mendebaldean, Aljeriako errefuxiatuen kanpaldietako errealitatea antzerkira ekarri nahi izan dugu. Haien bizimodua, dauzkaten kezkak, ametsak… Gure taldeko zenbait kidek hango haurrak hartzen dituzte udararo, eta zuzeneko harremana ere izan dugu Gurutze Irizarrekin (Fatimetu) batetik, eta gure herrian bizi den Ailem Saharako emakumearekin bestetik. Oso gogorra da kontatzen dizutena; egia esan, nahiko sentibera gaude Saharako herritarren eta herriaren kausarekin, eta sentimendu hori adierazten saiatzen ari gara oholtza gainean.

Beraz, barre askorik ez duzue eragingo ikuslearengan, beste zenbait antzezlanetan egin duzuen eran…
A.H.: Ez gehiegi. Esango nuke Garraxi Ixila antzezlanaren ildo beretsutik doala, 36ko gerra eta Andoaingo drama pertsonal gogorrak oinarri hartuta egin genuen hartattik. Antzezlana, berez, esketx sorta batek osatzen du, bakoitzak egoera ezberdin bat taularatzen duelarik. Esketx horietako batean, esaterako, ama baten paperean jarduten dut nik; urtetan familia banatuta egon ostean, bi alaba eta hirurok berriro elkartzen gara, eta normala da horrelako egoera baten aurrean, ikuslea emozionatzea.

Antzezlan mota ezberdinak jorratu dituzuela esan duzu. Nahiz eta ez izan antzezle profesionalak, erregistro anitzetara moldatzen zarete...
A.H.: Antzezlan batekin kito egiten dugunean, ¨hurrena zeri helduko diogu?¨ galdetu, eta gogoak ematen digunarekin hasten gara lanean. Batzutan, gai soziala jorra dezakegu, besteetan komendia, klowna...
Antzezlari onak edo kaskarrak izango gara, baina urtetan ikasi dugu antzezlanaren istoriora moldatzen eta dagokigun pertsonaiaren larruan sartzen. Niri ez zait batere kostatzen negar egitea antzezpenaren une batean, pertsonaiak hala eskatzen duelako. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!