Gaurko eguraldiarekin Pirritx & Porrotx pailazoen emanaldira joatea, plan onena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mai. 15a, 19:21

Asteazken honetan –maiatzak 22– Egape ikastolako jolastoki estalian arratsaldeko 17:30etan hasita. Azken sarrerak salgai izango dira Egapen bertan 16:30tatik aurrera.

Haurrak zoratzen jartzeko trebezia handia erakutsi ohi dute urtero-urtero Porrotxek eta konpainiak. Euskal Herrian barrena ehunka saio eskaintzen dituzte eta badira urte batzuk Urnietara etortzeko ohitura hartu dutela. Aurtengoan ere, hutsik egin gabe, Gazte jaien hasieran izango dira “Sentitu, pentsatu, ekin!” ikuskizun berriena eskaintzeko gogoz.
Pailazoen emanaldirako sarrerak 6 eurotan salgai daude Amailur tabernan Urnietan, eta Aiurrin nahiz Ernaitzan Andoainen. Maiatzaren 22ko ikuskizuna arratsaldeko 17:30tan hasiko da.

Pailazoen emanaldian
ospakizun bikoitza

Antzezlanaren aurkezpenean adierazi bezala, hogeita bost urte igaro dira jada pailazo taldeko kideak sudur gorriak eta zapata handiak jantzi eta herriz herri irria zabaltzen hasi zirenetik. “Ospakizun urtea dugu, hortaz. Gainera, pailazoon amona Josefinak ehun urte beteko baititu!”. Ikuskizunean pailazoak eta lagunak amonaren baserrira joango dira  amona eta jada birramona ere badenarekin festa egitera. “Zaharra bezain polita, argia eta irudimentsua da amona. Anakleto ijitoak, Kintxo Barriletek, Tantaka Yotanka Ameriketako indioak, Poxpolin Marisorginek, Gorriti aztiak… guztiek zoriondu nahi dute Josefina maitagarria. Bada norbait, ordea, festa zapuztu nahi duena. Lortuko ote du? Zatoz gurekin batera amona Josefinari zorionak zuri abestera!”.
Haurrei eskainitako ikuskizunaren ondoren, gazteek eta helduek gozatzeko moduko egitaraua osatu dute aurtengo Gazte jaietan. Besteak beste, herriko perkusio taldearen estraineko saioa.
[URNIETA, 2. ORRIALDEA]

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!