Aiert Beobide eta Unai Elizasuk zuzentzen duten ikuskizuna bertsoaren, dantzaren eta antzerkiaren uztarketa da. Euren webgunean azaltzen dutenez, "bertsolariek sentipen eta emozioak harilkatzen dituzte entzuleengan. Baina entzule horiek dantzariak balira? Nola adieraziko lukete belarrietatik jasotako zirrara errimatua oin puntetan menperatzen duten dantzaren bidez? ". Galdera horren erantzuna da Errimak Oinetan, bertsoa oinarri duen dantza ikuskizuna. Dantza berriak, bertsoei jarriak.
Segundo Montesen alde
Aurtengo Maiatza Saltsan-en helburuetako bat bete nahian, hots, El Salvadorko Segundo Montes komunitateko hiru gaztek goi mailako ikasketak egiteko bekak izan ditzaten dirua lortzea, ospatuko da biharko ekitaldia. Sarrerak 5€ko balioa izango du (6 urtetik beherakoek doan) eta beraz, bertan jasotzen den dirua aipatutako xede hori betetzeko bideratuko da. “Errimak Oinetan” ikuskizuna, beraz, bihar, hilak 10, izango da Zizurkilgo Intxaur pilotalekuan gaueko 22:00etan.