Gidabaimena euskaraz kanpaina Buruntzaldean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mai. 9a, 18:18

Buruntzaldeko udalek elkarlanean gidabaimena euskaraz ateratzeko kanpainari hasiera eman diote. Argibide guztiak Andoaingo udal batzar aretoan eskaini zituzten aurreko maiatzaren 6an.


Ainara Rodriguez Andoaingo alkate-ordeak helburu orokorra azaldu zuen, “Helburua 18 urte inguruko gazteak gidabaimena euskaraz ateratzea da, aurtengoa hirugarren urtea”. Hori adieraztearekin bateta hitza Boris Nogales Lasarte Oriako udaleko euskara zinegotziari eman zion. Honek azken urteetan egitasmoa egonkortzeko hartutako lanen kronologia egin zuen. Kanpainak denbora gutxian emaitza onak eman dituela adierazi zuen: “Bitartekoak autoeskolen esku utzi eta denbora tarte txikian oso emaitza onak lortu ditugu. Hirukoiztu egin dira datuak, baina oraindik ere gaztelerazko datuekin alderatuta portzentaia baxua da”.
Herritar orori zuzenduta badago ere, ekimenak bereziki gazteak erakartzeko helburua du. “Laster 18 urte egingo dituzten gazteek informazioa etxean jasoko dute, eta bertan eskutitza eta eskuorria jasoko dituzte. Buruntzaldean gidabaimena euskaraz atera daiteke”. Euskarazko hautua sustatzeko zozketa martxan jarri dute, eta sarituak atal teorikoa ateratzeko 400 euro bitarteko laguntza jaso ahal izango du.
Zozketan parte hartzeko gidabaimena 2013 urtean zehar atera behar da. Kanpainan parte hartuko duten autoeskolen zerrenda honakoa da: Andoaingo Bengoetxea eta Mendi, Urnietako Solozabal, Hernaniko Hernani, Lagunak eta Otamendi, Lasarte-Oriako Izarra, Lasarte eta Mugica eta Usurbilgo Solozabal.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!