Argazkialdia 2013, argazkia nagusi maiatzean eta ekainean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mai. 9a, 18:16

Egundoko egitaraua osatu du Trentxiki Argazki Elkarteak, Argazkialdia´13 izenburupean. Egitarauak tailerrak, erakusketak, hitzaldiak eta bestelako ekimenak biltzen ditu, erakustokietan zein kalean garatzeko. Elkarteko kide den Urko Vallejok adierazi duenez, argazkigintza sustatzeaz gain Andoainen herri mailako kultura eta merkataritza ere sustatu nahi dituzte.

Zer dela eta animatu zarete halako egitaraua antolatzera?
Urko Vallejo: Gipuzkoa mailan argazkigintza sustatzeko jaialdi handi baten hutsunea sumatu izan dugu, eta bageneukan horrelako zerbaiti heltzeko gogoa, Getxon egin ohi dutenaren antzera, esaterako.
Egitasmoa gauzatzen joan ahala, konturatu gara jaialdiak balore eta ezaugarri jakin batzuk hartzen joan dela, hasieran uste genituen helburuak baino handiagoak betetzen dituela. Azken batean, helburu ugari bete, edo behintzat ukitu nahi ditugu: besteak beste, argazkigintza sustatzea jendearengana iristeko aukera gutxi daukaten argazkilarien eta baita besterik gabe argazkizale direnen artean, Andoainen kultur giroa sortzea, Andoaingo taberna eta dendariak sustatzea horiek argazki galeriak bihurtuz...

Ahalegin itzela eskatuko zizuen Trentxiki elkarteko kideei...
U.V.: Gure artean lanerako eta gauzak partekatzeko gogo handia sumatzen da. Orain hiru urte sortu genuen elkartea, eta egun hogei bat bazkidek osatzen dugu. Gurea ez da elkarte tipiko bat, adiskide edo ezagunek sortzen dutena, baizik eta mundu ezberdinetatik abiatuta argazkigintzarako zaletasunak bildu gaituena. Nork bere abilitateak ditu eta lanbide ezberdinak jorratzen ditu (publizitatea, ikuskizunen muntaiak, gestioa...) eta hori dena jaialdiaren mesedetan jarri da. Era horretan, denok ere musutruk jardun arren, antolakuntza profesionala dauka aurtengo Argazkialdiak.
Hori bai, hainbat erakunde publiko eta pribaturen babesa bilatu dugu, eta eskerrak eman behar dizkiegu erakutsi duten prestutasunagatik. Hain zuzen ere, erakunde publikoengana jo dugunean erabat harrituta geratu dira egitarauak daukan dimentsioagatik eta guzti horrek daukan aurrekontu murritzagatik.
Egitaraua bete-betea aurkeztu zue, interesa piztu dezakeena...
U.V.: Argazkia kalera atera nahi izan dugu, batez ere. Horrekin lortu nahi genuke jendea argazkira, artera, kulturara... erakartzea. Argazkia abiapuntutzat hartuta, kulturaren ikuspegi zabalera gerturatzea nahi genuke.
Izan ere, Andoainek badauka gabezia alde horretatik. Esaterako, Basteroko erakusketa gela daukagu, baina apenas hurbiltzen den inor bertara. Moises argazkilariaren erakusketak erakutsi zuen jendeak baduela interesa, baina ohitura falta da.  
Andoainen gauzak nork bere bidetik, bakarka egiteko joera dago, eta gure irudipena da herrian giroa sortzeko, jendea kulturara erakartzeko errazagoa dela eragileak batzea eta ahaleginak horrelako jaialdi handietara bideratzea.  
 
Argazkialdia 13 urtero antolatzeko asmoa al daukazue?
U.V.: Aurtengoa frogatzat hartu dugu, ea herrian funtzionatzen duen ikusteko. Hala ere, gure asmoa jaialdia bi edo hiru urtetik behin antolatzea da. Egiten ez den urtetan, gustatuko litzaiguke jaialdia Gipuzkoara zabaltzea, beste argazki elkarteekin batera.

Olatu Talkak egitasmoarekin ere elkarlanean jardun duzue...
U.V.: Argazkialdiak eta Olatu Talkak gizarte eta kultura balio berak partekatzen ditu, hala nola, auzolana eta kultura ez elitista sustatzea, eta alde horretatik, zenbait ekitaldi (tailerrak, solasaldiak, argazki rallya...) elkarrekin antolatzea erabaki dugu.  

Tailerrak eta solasaldiak norentzat bideratuta daude?
U.V.: Argazkilaritzaren sustapena bultzatzen dugu printzipioz, eta esango nuke argazkigintzan gutxi-asko sakondu duen horri begira antolatu direla, pittin bat teknikoagoa den Aitzol Arruabarrenaren tailerra ez beste guztiak. Argazkigintzan erakusteko asko daukan jendea etorriko da. Sona handikoak, eta sariak jasotakoak dira horietako asko: Alejandro Castellote, Pablo Artetxe, Iñigo Royo, Aitzol Arruabarrena, Maider Kuadra, Eduardo Ulanga, Eduardo Arreseygor...  

Moises aipatu duzu lehen. Esaterako, Andoaingo argazki zaharrek bere lekua izango dute jaialdian...
U.V.: Herriko jendeak ez du garai bateko Andoain behar hainbat ezagutzen, eta beraz, tamaina handiko argazki zaharrekin erakusketak jarriko ditugu Zumea Plazan, Goikoplazan eta 18 dendetan. Dendetan, gainera, lehiaketa berezia prestatu dugu.  
Horrekin lotuta, esan behar da Eduardo Ulanga andoaindar gazteak, agiri grafikoetan aditu denak, Andoain historian zehar nola aldatu den argazki zaharren bidez ikusten lagunduko digula hitzaldi batekin.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!