Lorratzak taldea, musikan gogotsu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mai. 9a, 10:26

Maddi Etxeberria, Malen Otxoa eta Garazi Jauregi ilusioz dabiltza musika munduan. Ikastolako irakasle batek bultzata hasi ziren lehen emanaldiak eskaintzen. Arrakasta polita lortu dute euren kontzertuetan eta zaletasunari eusteko gogoz daude.

Herriko beste hainbat haur eta gaztek bezala, Andoaingo Musika Eskolan eman zituzten musikaren inguruko lehen pausoak Maddi Etxeberriak, Malen Otxoak eta Garazi Jauregik. Maddi Etxeberriak zortzi urte daramatza biolineko klaseak jasotzen: “Txitxu Castrorekin hasi nintzen musika eskolan. Instrumentua aukeratzeko momentua iritsi zenean, biolinaren aldeko hautua egin nuen, baina ez dakit oso ondo zergatik. Tresna ezberdinekin froga egiteko aukera izan genuen eta biolina izan zen gehien gustatu zitzaidana. Zazpi urterekin hasi nintzen eta oraindik ere gogotsu nabil”. Malen Otxoak ere musika eskolan eman zituen lehen pausoak: “Nik arpa jotzen ikasi nahi nuen, baina Andoainen ez zegoen horretarako aukerarik. Horregatik, gitarra ikastea pentsatu nuen. Bolada batean utzi egin nituen gitarra eta musika ikasketak, saskibaloian jokatzeko. Orain, ordea, musikak geroz eta toki handiagoa du nire bizitzan eta berriz ere gitarra ikasteari ekin diot. Oso gustura nabil”.

Tresnak eta ahotsa
Garazi Jauregik ez zuen musikarekiko grina berezirik, baina berak ere musika eskolan izena ematea erabaki zuen: “Pixka bat behartuta hasi nintzen, gogo handirik gabe. Tresna aukeratzerako garaian, pianoa hartzea erabaki nuen, etxean piano zahar bat zegoelako. Hamalau bat urte nituenean, ordea, pianoa utzi eta kantari hasi nintzen. Nire etxean, aitak beti izan du abesteko zaletasuna, eta horrek bultzata, nik ere hastea erabaki nuen”.

Irakaslea, bidelagun
Ikastolako irakasle batek animatuta hasi ziren Garazi Jauregi eta Malen Otxoa elkarrekin musika jotzen: “Euskarako irakaslea da Josu Lekuona eta, bere ikasgaian, musika erabitzen du askotan. Egun batean inork gitarra jotzen ote zuen galdetu zuen kantu bat abesteko; horrelaxe hasi ginen elkarrekin, euskarako ikastordu batean. Euskararen egun baterako saiotxo bat prestatzea izan zen hurrengo pausoa eta, pixkanaka, emanaldi ezberdinak antolatu ditugu”.
Malen eta Garazirekin batera, beste ikaskide batzuk ere aritzen dira: “Ahotsak, pianoak..., jende gehiagok ere parte hartzen du gure emanaldietan. Azkenaldian, Maddi Etxeberriak laguntzen gaitu, biolinarekin”.

Musikari lotuta
Musikarekiko maitasunak lotzen ditu hiru neskak: “Ikastolako euskarako irakasleari esker lortu dugu elkarrekin saio mordoxka eskaintzea eta berak lotu gaitu musikara. Partiturak alde batera utzi eta musika gozatzen erakutsi digu. Berak bultzatu ez bagintu, ziurrenik ez ginatekeen honetan arituko. Askotan, ikastolako atsenaldiak aprobetxatzen ditugu elkartu eta entseguak egiteko. Emanaldiak gerturatzen direnean, berriz, Malenen etxean elkartzen gara. Azkeneko momentuan, estu eta larri ibiltzen gara askotan, baina azkenean, ondo ateratzen zaizkigu gauzak”.
Euskal musika jotzen dute, batik bat. Hala azaldu du Malenek: “Euskal kantuak prestatzen ditugu gehienbat, baina tarteka, ingelesezko kanturen bat ere abestu izan dugu. Horretarako, gitarrako klasean ematen dizkidaten partiturak erabiltzen ditugu oinarri gisa. Entsaiatzeko elkartu, eta errepertorioa prestatzen joaten gara”.

Lorratzak
Duela gutxi jarri diote izena taldeari: “Orain arte ez genuen izenik. Musika jotzeko elkartzen ginen, emanaldiren bat eskaintzen genuen, baina izenik gabe. Duela bi aste erabaki genuen Lorratzak taldea izango ginela. Jokoa eman dezakeen izena da eta horixe erabiliko dugu aurrerantzean”.

Emanaldiz emanaldi
Euskararen eguneko saioa, Emakumeen eguneko kalejirakoa, Emekumeak kontzertua..., azken asteotan hainbat emanaldi eskaini dute Maddik, Malenek eta Garazik. Malenek bat nabarmendu du beste guztien gainetik: “Emekumeak emanaldirako prestatu genuen saioa oso berezia izan zen guretzat. Metallica taldearen kantu bat ikasi nuen gitarrako klaseetan. Garaziri esan nion polita izango litzatekeela gure errepertorioan sartzea eta horrelaxe egin genuen. Letra atera genuen eta Maddiri biolinean jotzeko eskatu genion. Oso borobila atera zitzaigun, ederra. Hasiera batean ez genuen pentsatuta Emekumeak saioan parte hartzea. Aurreko astean, ordea, Emakumeen eguneko kalejiran parte hartu genuen. Mikrofonoek huts egin zuten, eta gure kantua ez zen ondo entzun. Pena zela eta, Emekumeak emanaldian kantu hori eskaintzeko proposamena egin ziguten, eta animatu egin ginen. Oso ondo geratu zen”.

Jendaurrean, lasai
Gustura aritzen dira jendaurrean: “Asko gustatzen zaigu. Zirrara berezia eragiten du horrek. Nik nahiago dut begira dagoen jendearen aurpegiak ez ikustea, baina asko gustatzen zait hor daudela jakitea. Zu egiten ari zaren musika entzuten ari dira eta hori oso polita da”, dio Malenek.
Talde albo batera utzita, Maddik, Malenek eta Garazik urte asko daramate musikari lotuta. Maddi Etxeberriak ibilbide luzea darama biolinarekin: “Euskadiko Ikasleen Orkestran aritzeko aukera izan nuen duela bi urte eta oso esperientzia polita izan zen. Orkestra batean jotzea izugarria da. Kalitate handiko musikariak biltzen dira EIOn eta lagun asko egin nituen. Oraindik ere harremana mantentzen dut haietako askorekin. Datorren urtean berriz ere EIOn aritzeko saiakera egingo dut, ea zortea dudan”.
Garazik eta Malenek ere musikaren munduan jarraitzeko asmoa dute. Hala azaldu du Malenek: “Gitarrari denbora gehiago eskaini nahi diot. Saskibaloia utzi, eta musikan aritu nahi dut buru-belarri”. Garazik ere bide horri eutsi nahi dio: “Orain arte musikan egin dudan bidea besteek bultzata egin dut. Abesbatzan izena eman, eta kanturako gogoa piztu zitzaidan. Orain kantuko klaseetara joaten naiz, gustura. Aurrera begira, musikari lotuta jarraituko dudala uste dut”.

Apirilean, irratian
Apirilaren amaieran, Euskadi Irratiko Kaja Beltza irratsaioan aritu ziren hiru gazteak: “Mikel Markez da saioaren zuzendaria. Euskara sustatzeko hitzaldiak ematen ditu Mikelek ikastetxe ezberdinetan eta ikastolara etorri zen batean, abesti bat eskaini genion. Bere irratsaiora joateko gonbitea luzatu zigun, eta halaxe egin genuen”.
Urduritasun handiko momentuak bizi izan zituzten irratira joan aurretik. Hala azaldu du Garazik: “Malen eta biok entseguak egiten hasi ginen, baina ez ginen batere gustura emaitzarekin. Maddiri deitu eta kantuei biolinen doinua gehitzea erabaki genuen. Denboraz oso larri ibili ginen, baina azkenean, nahiko saio txukuna eskaintzea lortu genuen”. Malen eta Maddi ere gustura aritu ziren irratian: “Esperientzia polita izan zen. Mikro aurrean eta kaskoak jantzita aritzen ginen lehen aldia izan zen eta asko ikasteko balio izan zigun. Gure inguruko jendeari asko gustatu zitzaion eta horrek ere poza eman digu. Irratsaioa amaitu eta berehala dei mordoa jaso genuen zoriontzeko”.

Eskerrak
Hilabeteotan jaso duten laguntza eskertu nahi dute Lorratzak taldeko kideek: “Ikastolako irakasleak, musika eskolakoak, lagunak, etxekoak..., jende asko ari zaigu laguntzen eta hori eskertzekoa da. Babes hori sentitzea oso garrantzitsua da guretzat”.

Etorkizuna
Datozen asteei begira, 111 Akademiaren Saria emateko ekitaldian arituko dira Lorratzak taldeko gazteak. “Maiatzaren 29an izango da, Basteron. Horrez gain, ezkontza batean abesteko eskaera ere jaso dugu. Azken hilabeteok oso intentsoak izan dira eta pixkanaka, geroz eta emanaldi gehiago sortzen joan zaigu”. Etorkizunera begira, musikarekin jarraitu nahi dute: “Datorren ikasturtean ikastolan arituko gara hiruok eta ziurrenik, taldeari eutsiko diogu. Hemendik bi urtera ordea, Garazi eta biok unibertsitatera joango gara, eta ez dakigu non ibiliko garen. Zaletasun gisa musika egiten jarraituko dugula ia segurua da, baina ez dakigu non edo nola”, azaldu du Malenek.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!